Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017

“Txapelketa nagusian egin nuena baino hobeto egin dezaket bertsotan”

Iñaki Berasategi Goikoetxea 2017ko abe. 15a, 08:32

Nafarroako txapeldunorde geratu ondoren, 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu du lehen aldiz Eneko Lazkoz bertsolari etxarriarrak. Final laurdenetan sartu zen txapelketa nagusian eta Tolosan jokatutako zuen lehenengo kanporaketan agur esan zion txapelketari.  Berriz ere parte hartu eta beste aho zapore batekin amaitzea gustatuko litzaioke.

1. Nolakoa izan da zure lehen parte hartzea Bertsolari Txapelketa Nagusian?
Nahi baino gutxiago iraun dut. Oso zaila da Euskal Herriko Txapelketa Nagusian faseak gainditzea. Esperantza pixka bat banuen, baina nahi baino okerrago egin nuen bertsotan eta nahi baino puntu gutxiago jaso nituen. Txapelketa egun berean hasi eta bukatu zen niretako.


2. Emaitzari begira, zapore gazi gozoa utzi dizu txapelketa honek?
Bai. Egindako gauza batzuekin gustura geratu nintzen, baina, saioa, orokorrean, ez nuen nahi bezain ona egin. Ahal izango banu, egun horretara bueltatuko nintzateke eta saioa hobeto egitea gustatuko litzaidake.


3. Txapelketa Nagusian lehenengo parte hartzea izan dela kontuan hartuta, urduritasuna nabaritu zenuen?
Kanporaketaren egunean lasai joan nintzen, oso ongi sentitzen nintzen. Saioa ongi hasi nuen, baina, gero, zortziko txikiko bigarren ariketako gaia ez nuen ondo harrapatu, eta beste bertsolariaren bertsoak uste ez nuen tokitik joan ziren. Oso ariketa txarra egin nuen, eta horrek asko eragin zidan hurrengo ariketetan.


4. Txapelketak eta bertso saioak prestatzeko moduari dagokionez, 2017 urte desberdina izan da zuretako?
Urteekin ikusi dut Nafarroan nahiko goran egon nintekeela eta Euskal Herriko txapelketan egin nuena baino gehiago egin nezakeela. Horretarako bidea bertsotan disfrutatzea da, disfrutatzen ari zarenean ongi egiten ari zarelako baita.


5. Nafarroako Txapelketan txapeldunorde bukatu ondoren, prestaketa bereziren bat egin zenuen txapelketa nagusiari begira?
Prestaketan baino, denbora gehiago eman dut prestaketa nola egin pentsatzen. Asmoa banuen etxean errimak eta bakarkako jarduna lantzeko. Zerbait landu nuen, baina uste dut gehiago egin nezakeela. Txapelketa iritsi ahala, kontzientzia garbia ez izatearen sentsazioa sortu zitzaidan.


6. Txapelketa Nagusian nahi bezain saio ona egin ez zenuen arren, txapelketara konfiantzarekin iristen zinela esan daiteke?
Bai, eta bertsotan oso gustura ari nintzen gainera. Baina, azkenean, egun bakarrean jokatzen den zerbait da, eta batzuetan dena ongi ateratzen zaizu eta beste batzuetan iruditzen zaizu bertso bat egiten ere ez dakizula. Arrazoi desberdinengatik ez zitzaidan egun egokia suertatu.


7. Lehendabiziko esperientzia hau hartuta, hurrengo txapelketetan hobeto aritzeko, non hobetu behar duzula ikusten duzu?
Horrelako txapelketetan norberaren burua ezagutzen ikasten da, hurrengo baterako burua hobeto kontrolatzen, alegia. Oraindik, saio hari bueltak ematen nabil.


8. Orain, bideari berriro heltzea tokatzen da, lau urte barru berriro ere txapelketa nagusian aritu ahal izateko.
Bardoen taldekako txapelketa izanen dugu Nafarroan laster, eta horren ostean Nafarroako txapelketa nagusia iritsiko da berriro ere. Lau urte barru Nafarroako bost bertsolari onenak txapelketa nagusira joanen dira. Gustatuko litzaidake berriro ere lehenengo parte hartzean ikasitakoa praktikan jarri eta beste aho zapore batekin bukatzea.


9 Dena den, aipatu izan duzu, txapelketetan baino gehiago, mahai inguruko bertso saioetan erosoago sentitzen zarela.
Bai, oso gauza desberdinak direlako. Txapelketetan, gaia jartzen dizute, bertso pare bat botatzen dituzu eta agian ordu erdi ematen duzu eserita abestu gabe. Beste erritmo bat izaten dute mahai inguruko saioek, eta momentu batean bertsotan nahiko ongi aritzea lortu ohi da.


10. Nafarroari erreparatuta, zer nolako maila dute bertsolariek?
Duela hamar- hamabost urtetik hona mailak dezente gora egin du. Aurpegi berriak agertu dira, ni neu ez naiz oso gaztea, baina finaletan eta nahiko berandu hasi nintzen. Hala ere, normalean azken urteetako finalean zortzitik sei beti errepikatzen dira.


11. Igandera begira jarrita, nola ikusten duzu finala?
Nik uste dut denek Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus ditugula buruan. Maialen Lujanbio oso bertsolari ona da eta txapela irabazi dezakeela uste dut. Amets Arzallus ez dugu aurten txapelketan entzun, baina ziur nago ongi egingo duela, gaizki egiten ez dakielako.