Jaiotzen artearekin gozatzeko

Guaixe 2017ko abe. 22a, 11:19

Sakanako belenzaleen elkartearen egoitza eta San Sebastian ermitan (asteburuetan eta jai egunetan, edo aurretik eskatuta) ilbeltzaren 7ra arte, astelehenetik larunbatera, 18:00etatik 20:00etara eta domeketan 13:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era

Sakanako belenzaleen elkarteak, atzera ere, bere sormenaren isla den erakusketa jarri du eguberrietan. Baina aurtengoa berezia da. Pilareko zubiarekin estatuko belenzaleen topaketa egin zen Gasteizen. Han bildutakoek Olatzagutira etorri ziren sakandarren lana ezagutzera eta zuten mailarekin harrituta bueltatu ziren. Ibarreko belenzaleek hiru tokitan jarri zuten erakusketak eta haietako bi eguberrietaraino mantendu dituzte: euren egoitzakoa eta San Sebastian ermitakoa. Aurrenekoan 12 diorama (5 metro karratuko azalera) eta 10 arketa (txikiagoak). Ermitan beste 10 diorama daude.

Aurreko urteetan sortutako jaiotzen erakusketa da. Belenzaleen egitekoa hondatuta zeuden zatiak konpontzea eta guztiak garbitzea izan da. Guztia lastaila erdialderako egin behar izan zuten. Orduan kanpoko bisitariak izan zituzten, baina orain ere: Girona, Valentzia, Oviedo edota Euskal Herria. Sakanako belenzaleen elkarteak ere beste batzuen lanak ezagutzeko aukera baliatzen du eguberritan eta igandean Logroñon izan ziren, iparraldeko zaleen topaketa baliatuz. Handik bueltan Lizarran gelditu ziren. Haietako bat Sevillan izan da eta beste bisitaren bat eginen dute ziurrenik. Halakoetan ikastera doazela aitortu digute. Aurten elkartekideen lanak soilik Olatzagutian daude ikusgai. Baina haiek jaiotza bat olaztiar bat dagoen Ultzamako komentu bati oparitu diote.

Jaiotzak egiten ikasi nahi dutenek izena ematea besterik ez dute. Haiek erakusteko prest daude, “ideia jende gehiago egotea litzateke”. Joan den urtean Agurainen eman zuten ikastaroa.

Elkarteak
Sakanako belenzaleen elkarteak 30 bat kide ditu. Haietatik zortzi bat aritzen dira jaiotzak egiten eta gainontzekoek diru ekarpenekin laguntzen dute. Bazkide egin nahi dutenek erakusketan egiteko aukera dute. Eta, bestela, lagundu nahi dutenek jaiotza baten zozketarako txartelak erosi ditzakete edo eltzetxuan dirua sar dezakete.