Behin-behinekotasunarekin bukatu ondoren, Anfas elkarteak oinarri sendoak jarri nahi ditu Sakanan. Azaroan Lakuntzan zabaldutako egoitza berriarekin hori lortzea zen helburua, adimen urritasuna edo garapenean zailtasunak dituzten pertsona eta euren familiei laguntzeko erreferentziazko leku bat zabaltzea, eta badirudi apustua bere fruituak ematen hasi dela. “Azaroan mustu genuen lokala, baina apiriletik dihardugu hemen lanean. Aurretik, ikastetxeetan, osasun etxeetan edo kultur etxeetan aritzen ginen. Lakuntzako gela ireki ostean, nabaritu dugu gehiago ezagutzen gaituela jendeak, eta jende gehiago etortzen da. Kalitatezko zerbitzu bat eman dezakegu orain”, adierazi du Amaia Martinezek Lakuntzako Anfas lantokiko logopedak.
Bi multzo nagusitan banatzen dira Lakuntzako egoitzan eskaintzen diren zerbitzuak: batetik, haurren eta gazten garapena, eta, bestetik, familiendako programak. Haur eta gazteen garapenaren alorrean, hiru programa daude. Arreta goiztiarra da programarik arrakastatsuena, 0 eta 6 urte bitarteko haur, familiari eta inguruari zuzendutako ekimenak biltzen dituena: “Arreta goiztiarraren kasuan, haur bakoitzaren zailtasunen arabera, helburu batzuk finkatzen dira. Arlo motorrekoak, hizkuntzarekin lotura dutenak, komunikazioa edo beste mota bateko zailtasunak izan daitezke. Helburuak finkatzen dira, eta gero jarraipen bat egiten da”, esan du Martinezek.
Dena den, arreta goiztiarra programaren barruan, bi talde daude: 0-3 urte bitartekoa, eta 3-6 urte bitarteko haurren taldea. Sei urtetik gora dituzten haurrei zuzenduta dago gaitasun akademiko sozial, eta komunikaziokoak izena duen programak. Martinezek dioenez, derrigorrezko hezkuntza bukatu arte eman dezake izena jendeak programa honetan: “Irakurketa, idazmena, matematikak, gaitasun sozialak edo autonomia lantzea du helburu programa honek. Orokorrean, gaitasun akademikoak, sozialak eta komunikazioa lantzen dira”.
Haur eta gazteen garapenaren alorreko hirugarren hanka psikomotrizitate praktika da, haurren ekintza eta jolas espontaneoan oinarritzen dena. Garapen integrala ematen da, haurren segurtasun fisikoa eta emozionala bermatuz.
Familiak
Baina ez da soilik adimen urritasuna edo garapenean zailtasunak dituzten haurrendako egoitza, haur horien familiendako ere erreferentzia zentroa izan nahi du egoitza horrek eta bertako lantaldeak. Informazioa eta aholkularitza programaz aparte, familiendako formakuntzarako programa ere martxan dago. Batetik, guraso eta anai eta arreba txikiekin osatutako taldeak daude, haurren ahalmenak garatu, familiarekiko loturak indartu eta oinarrizko formakuntza lortzea dira helburua.
Horrez aparte, TEA sekzioa aipatu behar da. Umeen edo nerabeen balorazioak egiteaz gain, familiendako eskolak antolatzen dituzte, familiek zein profesionalek egunerokotasunean dituzten oztopoak azaldu, eta horien aurrean aplikatu beharreko estrategiak garatzea helburu duen programaren atala. “Oso berria den programa bat da, bilera bat baino ez dute egin. Finean, inguruko familiek dituzten beharrak zeintzuk diren aztertu eta horien aurrean zer egin jakiten erakusten zaie. Familien interesen arabera egituratzen da, babes emozionala ere ematen zaie, eta familiak euren artean laguntzen dira”.
Horretarako, arlo anitzeko lantaldea aritzen da Lakuntzako egoitzan Martinezek dioenez: “Ni logopeda naiz, eta hizkuntza gaitasunak lantzen ditut. Psikologo eta psikomotrizista bat ere badugu, gizarte langile bat, familien aholkularitzaz arduratzen dena batik bat, eta gero Lourdes Cuesta, ibarreko Anfas elkartearen arduraduna.
Lan egiterako orduan, lantaldea familien beharretara moldatu ohi da. “Haur eskolara joaten ez diren haurrak goizean etortzen dira, eta gainontzekoak arratsaldetan. Saioak banaka edo familiako senide batekin batera egiten dira, familiako kideekin egiten den lana oso garrantzitsua baita”, azaldu du Martinezek.
Egoitza Lakuntzan zabaldu duten arren, oraindik ere egoitzatik kanpo egun batzuetan lanean aritzen direla argitu du Martinezek: “Arreta goiztiarraren arloan, Altsasuko Txirinbulo haur eskolan gela bat uzten digute. Koordinazio handia dugu eskola horrekin. Beste eskolei dagokionez, urte hasieran eta akaberan elkartzen gara, tartean ezer berezirik gertatzen ez bada. Osasun etxeekin ere harremanetan gaude, behar izango balitz”.
Eskaintza zabalagoa
“Urtetik urtera jende gehiago etortzen da, zerbitzua ezagunagoa bihurtzen ari da, eta espero dugu horrela jarraitzea. Lakuntzako egoitzan dugun haurrik zaharrenak 13 urte ditu, baina espero dugu jende helduagoa etortzea, eta programa gehiago zabaltzea. 21 urte bete arte, derrigorrezko hezkuntza bukatu arte, etor daitezke gure ekintzetan parte hartzera”, nabarmendu du Martinezek. Hain zuzen ere, Martinezendako aisialdiko programa bat zabaltzea da etorkizun hurbil baterako buruan duten erronka nagusia: “Momentuz, ez dugu eskari nahikorik programa hori zabaltzeko. Gutxienez, hiru pertsona behar dira. Aisialdiko programaz aparte, beste eskualde batzuetan eskaintzen diren programa guztiak zabaldu nahiko genituzke: informatika edo autogestioa lantzea helburu duena, besteak beste”.
Horri lotuta, Martinezek gehitu du arreta goiztiarrean dutela eskaera gehien: “uste dugu kontzientzia gehiago dagoela haurrekin, lehen ez zen hainbeste lan egiten haur txikiekin. Orain, kasuak lehenago detektatzen dira. Zaharragoak direnen kasuan, agian, euren beharrak aseta daude jada. Eskola batzuetan, 16 urte arte laguntza ematen diete, eta gero, batzuetan, Isterria bezalako zentroetara joaten dira”.
Programen kostuak
Eskaintzen diren programen kostuari dagokionez, 0-3 urteko arreta goiztiarra %100ean diruz lagunduta dago. Arreta goiztiarreko bigarren taldeari dagokionez, 3-6 urte bitarteko haurrei zuzendutakoa, astero egiten den 45 minutuko saio batek hilabetean 62 euroko kostua du. Gaitasun sozial akademiko eta komunikazioko programaren barruan, banaka egindako saioak 63,75 euro balio du hilero, eta taldean egindakoak 39 euro. Psikomotrizitate praktikari dagokionez, hilabetean, 40 euroko kostua du.
Familiendako programetara etorrita, aholkularitzak, informazioak eta guraso eta anai-arreba txikien taldea atalek ez dute kosturik. Teak sekzioaren barruan, balorazioek 270 euroko kostua dute, eta familiendako eskolak 130 euro balio du.
Argi dagoena da egoitza berri horri esker, Sakanak adimen urritasuna edo garapeneko zailtasunak dituzten haur eta euren familiei laguntzeko aurrera pausu bat eman duela, kalitatezko zerbitzu bat bermatzeaz aparte, zerbitzu gehiago sortzeko aukera lortu delako.