Mainamikirriren bi istorio berri kalean

Guaixe 2018ko urt. 12a, 11:43

Burundako sorginaren bi kontakizun berri kaleratu dituzte Fanietorri argitalpenetako hirukoteak. Haiek Nafarroa Oinezekin bat egin dute eta bere dendetan saltzen dena Iñigo Aritza ikastolarendako izanen da

Castillo Suarez, Joxemari Morcillo “Morkots” eta Enara Intsaustik Mainamikirri ipuina egokitu eta ilustrazioz betetako  liburuxka joan den urteko apirilaren 28an aurkeztu zuten. Hirukoteak osatzen duen Fanietorri argitalpenak orain Burundako sorgina protagonista duen beste album bat argitaratu du.

Lan berri horrek Mainamikirri sorginaren "misterioz eta magiaz beteriko" bi ipuin jaso ditu: Erregeren alaba eta Katu beltzak. Sortzaileek azaldu dutenez, "Mainamikirrik, toki guztietara berandu iritsiagatik, dohain bereziak zituen gaixorik zegoen jendea sendatu ahal izateko". Aurreneko kontakizunean arropa garbitzera errotara joaten ziren garbitzaile batzuen pasartearekin hasten da: “haietan txikiena Mainamikirri zen, eta sorginena. Egun batez, Erregeren alaba gaizki zegoela kontu horrekin agertu zen errotan, baina berak ba omen zekien nola sendatu…” Bigarren kontakizuna, berriz, “arazo handia” zuten senar-emazte gazte batzuen ingurukoa da: edukitzen zituzten haur guztiak gaixotu egiten ziren. Hiru ume izan zituzten, baina hirurak gaixotu ziren jaio eta berehala. Inork ez zekien zergatik. Zerbait arraroa gertatzen ari zen…”

Suarezek, Morkotsek eta Intxaustik hitzez, irudiz eta musikaz osatutako aurkezpenak antolatu dituzte: Urdiainen, gaur, 19:00etan, Kaluxa tabernan; Altsasun, ilbeltzaren 19an, 19:00etan, Basoko Marin; Olatzagutian, ilbeltzaren 22an, 17:00etan, liburutegian eta Ziordian, otsailaren 2an, 19:00etan, liburutegian.

Erlazionatuak

Mainamikirri, Altsasuko ipuina bertakoendako

Erkuden Ruiz Barroso 2017 mai 05 Altsasu