Beltx, umeak baso kudeaketara hurbiltzeko

Guaixe 2018ko urt. 19a, 12:55

Lur Geroa basogintza enpresak Beltx beheko basoan album ilustratua argitaratu du.  Umeei "zer erabilpen egiten diren eta basoa nola ustiatzen den" azaldu nahi diete haren bidez. Albuma, antzerkia, tailerrak eta beste dituen proiektu baten zati da

Beltx proiektua 2015an jaio zela azaldu digu Igor Erbiti Saizarrek. "Aurretik zegoen hariztiei balioa emateko proiektuaren semea da. Gu mendi ingeniariak gara eta aholkularitzan umeei basoen erabilerak eta ustiapenak argitzeko proiektu bat bilatzen ari ginen. Pertsonaia animatu ikonografiko baten bila ari ginen".

Etxarri Aranazko Udalarendako toponimia plan baterako lanean zeudela, 2014an, Jose Luis Erdoziaren laguntzarekin Beheko basoan zeuden eta "hainbat baso-hitz aipatu ziren eta horien artean asko gustatu zitzaigun iñerexagu hitza, etxarrieraz saguzarra dena". Sormen proiektuak hortxe izan zuen hasiera. Iñerexagua izanen zen pertsonaia nagusia eta haren lagun batzuk definitu zituzten gero.

Proiektu zabala
Beltx proiektua "natur hezkuntza arloan sartu nahi genuen, baina transbertsala izanik. Oraindik ez diogu teilatua ikusten". Album ilustratua argitaratu aurretik Beltxen istorioak baso-antzerki moduan gauzatu zen, Beltx aita da obrarekin. Aurreko hiru urteetan lautan jokatu dute obra Etxarrin dauden ikastetxeendako eta Buztintxuriko eskolako ikasleendako. Antzezlanen ondoren haurrek Beltxi zuzendutako testuak koaderno batean idazteko aukera izan zuten; "gauza oso politak atera ziren, umeak hunkituta zeudela ikusten zen". Hurrengo emanaldia Zumaian izanen da, apirilean.
 Beste jarduera bat izan zen Australian bizi den Jessica fikziozko pertsonaiari haien marrazkiekin gutuna bidaltzea. Australiatik erantzuna jaso zuten.

Umeendako tailerrak ere egin dituzte. "Haietako batean munduan barna dauden iñerexaguez aritu ginen: non dauden, zein espezie dauden, Australiako gauenaren ospitalea…" Erbitiren iritziz "proiektuak transbertsala izan behar du, beste arlo batzuk ukituko ditugu". Bost antzerki pentsatuak daude eta albumak ere, ziurrenik, bost izanen dira. Haien artean maitasuna, laguntasuna, etorkinak, geografia, bidaiak eta abenturak… hainbat arlo ukituko dituzte. "Baina beti izanen da Beltx gauza horiek guztiak kontatuko dituenak".

2019tik aurrera beheko basoan kanpaldiak eta antzerkiak egitea gustatuko litzaioke Erbitiri. Baita bigarren albuma, Beltx munduan barna, argitaratzea. Bitartean Beltxen aurreneko albuma Irurtzungo Martxueta,  Etxarri Aranazko Kaxeta eta Altsasuko Arkatz liburu-dendetan dago salgai.

Album ilustratua
Beltx desagertzear dagoen Bechstein gauenara edo saguzar txiki bat da. "Egoera larrian dagoen espeziea da. Sakanako hariztietan bizi da. Populazioa berreskuratzeko ahalegina egiten ari dira". Beltx egokia izan zitekeela pentsatu zuen Erbitik, nahiz eta iñerexaguak "jendeari nazka eman edo itsusiak direla iruditzen zaion. Drakula moduko pelikulen bidez txarrak direla zabaldu da. Horri buelta eman nahi genion". Beltxen bidez azaldu nahi dute Iñerexaguek "dauzkaten onurak: eltxoak jaten dituztela, polinizatzen dutela, beraz, haien beharra dugula bizitzeko".

Etxarri Aranazko baso antolakuntza berriaren oinarriak jartzeko parte hartze prozesua egin zen 2015ean eta hor erabileren arteko liskarrak atera ziren: "erabilera tradizionalak daude: baso ustiaketa, abeltzaintza, zizak biltzea... Eta erabilera berriak ere badaude: gero eta gehiago dira paseatzera, lasterka egitera… Aukera ikusten genuen badela lekua denondako eta denen artean ongi moldatu gaitezkeela".

Pertsonaiak
Horrela aukeratu zituzten pertsonaiak. "Bioaniztasuna zaintzeko oso garrantzitsuak diren okilak. Hortik atera zen Koki, okil beltza edo zurgina, askotan basoan kak, kak entzuten duguna, zulatzen". Txertxeia edo txerriak zaintzen dituena da beste pertsonaietako bat. "Lehen hariztiak bazkalekuak ziren eta txerriak ibiltzen ziren. Eta pertsonaia hori berreskuratu nahi genuen".

Umeei basoan zuhaitzak "modu jasangarrian" mozten direla azaltzeko, "zurarekin eta su egurrarekin erabilpen asko egiten direla" argitzeko egur-zale tradizionala beharrean Maki pirata aukeratu zuten "Pasaiatik bere itsasontzia egitera etortzen da. Hasieran Beltxekin liskarra sortzen da, baina azalduko dio moztutako zuhaitzen ordez berriak landatuko dituela". Ados jarri eta lagun eginen dira.

Hiru enpresari Beltx pertsonaia definitzea eskatu zien. Koldo eta Karoli Villavaren ideia asko gustatu zitzaion. "Pertsonaia humanizatua, bertakotasuna ematen diona. Aurpegi alaia eta polita dauka". Lehena natur gidaria da eta bigarrenak okilaren hainbat ilustrazio egin ditu. Haiek  ilustratu dute albuma, horretarako udaberrian Etxarriko beheko basoan izan ziren, "haritz sinbolikoenei" argazkiak egitera, haiek "albumean islatzeko eta ilustrazioak ahalik eta errealenak izateko".