"Ikasleon hitza adierazi eta entzuteko asmoz, martxoan ikasle galdeketak antolatuko ditugu Sakanako ikastetxeetan. Dei egiten diogu ibarreko ikasleriari galdeketan eta galdeketako prestaketan parte har dezan. Bide batez, guraso, irakasle eta hezkuntza komunitateko gainontzeko norbanako eta eragileei galdeketak egiteko babesa eskatzen diegu".
Horixe jakinarazi zuen Ikasle Abertzaleak-eko ordezkaritza batek asteartean egindako prentsaurrekoan. Euren asmoa da DBH3tik gorako ikasleek botoa emateko aukera izatea. Jakinarazi zutenez, galdeketa Altsasu institutuan eta ibarreko ikastoletan eginen da. Eta Lanbide Heziketa institutuan egiteko lanean ari dira. Ikasle Abertzaleak-etik azaldu zutenez, "otsail hasieran LOMCEri buruzko galdera zehaztu nahiko lukete. Galdeketarako datarik ez dute baina martxoan izanen dela aurreratu dute. Galdeketa "ikasleak boteretzeko eta ikasleen hitza entzuteko ariketa" izatea nahi dute antolatzailek.
LOMCEren kontra
PPren gobernuak onartutako hezkuntza lege berriaren kontra ari dira Ikasle Abertzaleak-etik: "LOMCE inposatu zaigu eta pixkanaka ezartzen ari da. Ikasleok nazkatuta gaude eta gure kabuz erabakitzen hasiak gara". Gogorarazi zuten aurreko ikasturtean DBHko 4. mailan egitekoak ziren errebalidari planto egin ziotela eta aurten ikastoletako DBHko 1. mailan egitekoak ziren probak ikasle gehienek ez zituztela egin. "Eta etortzen zaizkigun inposizioak desobeditzeko prest gaude".
Ikasleak legearekin kritiko dira, "gure interesetatik oso urrun" dagoelako, eta "inposatua" izateaz aparte, haien "hitza kontuan hartua" izan ez delako. "Erreforma horrek sexismoa eta ikasleon espainolizazioa bulkatzen du, guztiz arrotzak diren edukiak ezarriz". LHko 6., DBHko 4. eta Batxilergoko 2. mailetan "ezarri" nahi diren errebalidak "urteetan ikasitakoa eta egindako esfortzua azterketa arrotz baten menpe jarriz. Horiek gainditzen ez dituztenei ikasteko eskubidea ukatuko zaie, etorkizun beltzera kondenatuz".
Hezkuntza sistemarekin ere oso kritiko agertu ziren Ikasle Abertzaleko kideak: "helburua etorkizunean bere lan indarra salduko duten eta sistema zalantzan jarriko ez duten objektu akritikoak sortzea da". Ikastetxeetan "ezarritako funtzionamendu modua" ere ez dute gogoko: "gure gaineko autoritate baten aurrean obeditu beharra dago, eta obeditzen ez badugu zigortuak gara. Honekin gure gainetik zalantzan jarri behar ez den autoritate bat dagoela erakutsi nahi digute, etorkizunean langile sumiso eta zintzoak izan gaitezen". Horrekin guztiarekin, ikasleei "hitza eta erabakia ukatzen" zaiela diote.