AHT ibilbide proiektua

Sakana Trenaren Alde plataforma aurkeztu dute

Guaixe 2018ko urt. 24a, 13:35

Herri guztietako eta hainbat arlotako 70 bat sakandar elkartu dira gaur. Uharte Arakilgo tren geltokian Sakana Trenaren Alde plataforma aurkeztu dute, pertsonez osatua, ez alderdi, sindikatu edo bestelako eragilez. Abiadura Handiko Trena beharrean egungo trenbidea hobetu, bikoiztu eta Europako zabalerara egokitzea eskatu dute.

Nahi luketen tren publiko eta sozialak honako ezaugarriak izanen lituzke:
    •    Pertsona zein merkantzien eguneroko trafikoari konponbidea ematen dio eraginkortasun eta efizientzia handiagoz.

    •    Hura da pertsona zein toki gehienetara iristen dena, prezio eskuragarrian.

    •    Hura da herriak, eskualdeak, lurraldeak eta hiriak lotzen dituena. Bera da errepidezko garraioaren alternatiba erreala. Bera da errepidezko garraioaren alternatiba erreala. 

    •    Hura da iraunkortasuna sustatu eta ingurumena gehien zaindu eta kontuan hartzen duena.

    •    Hura da hobekien aprobetxatzen dituena egungo tren sarea eta baliabideak.

    •    Trenaren zabaltzeak eta hobetzeak soilik herritarren beharrei erantzun beharko lieke.

    •    Tren sozialaren kostu ekonomiko, ekologiko eta energetikoa ematen duen zerbitzuaren neurrikoa da, eta beraz, proportzionatua da.

    •    Kudeaketa publikokoa da.