Emakume guztiak grebara deitu ditu Martxoaren 8rako Euskal Herriko mugimendu feministak. Nazioarteko deialdiarekin bat egiten du horrela, izan ere, deialdia 70 herrialde baino gehiagotan eginen da. Greba feministarekin eskatzen da enpresan lanik ez egitea (11:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 22:00etara) eta ofizialki lan gisa aitortzen ez diren beste egiteko batzuk ere ez egitea, esaterako: etxea ez garbitzea, haurrak ikastetxera ez eramatea edota adineko pertsonak ez zaintzea. Horrekin guztiarekin urte guztian aitorpenik jasotzen ez duten lanak ikusgarri bihurtu nahi dituzte, haiek ez eginez. Baina lan eta zaintza grebarekin batera, kontsumo eta ikasle greba ere deitu dituzte. "Bide luze baten abiapuntua" izanen dena.
Deialdia ostiralean aurkeztu zutenean nabarmendu zuten bizitza erdigunean kokatzen duen ekonomia bat aldarrikatu behar dela. Ondasun eta lanen banaketa parekidea eskatu zuten, egungo sistemak feminizatutako lanak eta zaintza lanak ikusezin bihurtzen baititu. “Horren ondorioz datoz hainbat indarkeria”. Emakumeek bete ohi dituzten lanbideek gizartean itzal txikiagoa dutela eta, maiz, soldata okerragoa dutela gaztigatu zuten, emakumeak burujabe izateko traba bihurtzen dela eta "bizitza pertsonala, soziala eta politikoa eragozten" diela. Indarrean diren legeak migratutako emakumeak "ahulenak" bihurtzen dituztela gaztigatu zuten, haiek "ikusgarritasun gutxien duten lanak egiten dituztelako" besteak beste.
Greba deialdiak Emakumeok* planto! leloa du. Izartxoak emakume gisa identifikatzeko modu ugari daudela adierazten du. Grebari babesa adierazteko besoko morea eta balkoi edo leihoetan mandarrak txintxilikatzeko eskatu dute.
Deialdiarekin bat egin du euskal gehiengo sindikalak. UGTk eta CCOOek ere bat egin dute, baina soilik enplegatuta dauden langileak deitu dituzte grebara.
Sakanan greba behar bezala prestatzeko aurreneko mugimenduak hasi dira, eta Sakanako mugimendu feministak deituta emakumeen asanblada irekia egin zen pasa den ostiralean.