Badakigu zein lau bikotek jokatuko dituzten Binakako Pilota Txapelketako finalerdiak: Elezkano II.a-Rezustak, Altuna III.a-Martijak, Olaizola II.a-Imazek eta Ezkurdia-Zabaletak. Hortaz, hasierako ligaxka despeditzeko 2 jardunaldiren faltan, dena erabakita dago. 2012 urtetik, hasierako ligaxkako bi bueltako sistema ezarri zenetik, hau gertatzen den lehen aldia da.
Hurrengo bi jardunaldiek emoziorik ez dutela izango, hori da enpresen kezka, baina Altuna III.ak eta Martijak Bengoetxea VI.aren eta Larunberen kontra asteartean jokatu zuten partidak erakutsi du hori ez dela horrela izango, partida ikusgarrian Altunak eta Martijak partidari buelta ematea lortu baitzuten, 17 eta 22 irabazteko. Hortaz, emozioak jarraitzen du, bikoak klasifikazioan zein postuetan sailkatzen diren baitago jokoan, horren arabera zehaztuko baitira finalerdietako parekatzeak.
Altuna: "Finalerdietara sailkatu izana lorpen handia da guretako"
Altunak eta Julen Martijak Olaizola eta Imaz izango dituzte aurkari larunbatean Labriten. Asteazkenean egin zuten material aukeraketa, eta txapelketak emozioari eusten diola aipatu zuten pilotariek. "Asteartean erakutsi genuen moduan, topera aterako gara, eta galtzen badugu, ez da izango tentsio faltagatik. Partida zaila dugu aurretik. Finalerdien aurretik ez da komeni tentsioa jaistea" aipatu zuen Altunak. Gipuzkoarrak nabarmendu zuen "lorpen handia" dela bera eta Martija finalerdietara sailkatu izana. "Txapelketa hasieran inork ez zuen gugatik ezer gutxi ematen. Martijarengan konfiantza handia nuen, baina, egia esan, ez nuen uste horren ongi erantzungo zuenik" aitortu zuen Altunak. Izan ere, aurten debutatu du Etxeberrikoak Binakakoan, eta sekulako maila ematen ari da.
Ezkurdia eta Zabaleta etzi Altsasun
Binakako 13. jardunaldiko partida bat Altsasun jokatuko da, igandean. Joseba Ezkurdiak eta Jose Javier Zabaletak etxean jokatuko dute, Burunda pilotalekuan, Bengoetxea VI.aren eta Larunberen kontra. Finalerdietarako sailkatuta daude baina euren zortzigarren puntua lortu nahi dute sakandarrek. Bere aldetik, txapelketa itxura hobearekin despeditu nahi dute Oinatzek eta Larunbek eta ez dute ezer oparituko. Sarrerak erreserbatzeko 661 259 009 telefonora hots egin daiteke (Olaia).
Ezkurdia: "Altsasun dena emango dugu"
Gaur egin dute igandeko partidako pilota aukeraketa Ezkurdiak, Zabaletak, Bengoetxea VI.ak eta Larunbek. Asegarcetik Ruben Beloki eta Aspetik Jon Apezetxea eta Jokin Etxaniz izan dituzte ondoan. Azkar hautatu dituzte pilotak eta Martin Alustizak aurkeztutako materialean bilatzen zutena aurkitu dutela adierazi dute pilotariek.
Finalerdietarako sailkatuta izanagatik pozik daude arbizuarra eta etxarrendarra. Binakako azken bi jardunaldiek emoziorik izango ote duten ala ez galdetuta, eurak "berdin" jolastuko dutela aipatu du Ezkurdiak.Txapelketa guztian barna intentsitate eta tentsio hori mantendu behar dugu, baina publikoari begira, nolabait erakartasun hori galdu egiten da; ez da berdin zerbait jokoan egotea edo erabakita, baina gu Altsasura dena ematera etorriko gara, partida ona eskaintzera, pilota zaleak gustura geratu daitezen".
Sentsazioak hobetu
Arbizuarrak gaineratu du oraindik hobetzeko tartea dutela. "Guk gurea egin beharra daukagu, azken partidetan bezala. Oraindik hobetzeko tartea dugu eta hori garrantzitsua da. Txapelketa hasieran sentsazioak txarrak ziren, baina bigarren bueltan bikotea egiten gaude, lehiatzen ari gara eta hori da gure helburua, azken bi jardunaldi hauek tentsioarekin jokatu, sentsazioak hobetzen joateko eta finalerdietara ongi iristeko" nabarmendu du.
Altsasuko partida "zaila" izango dela uste du arbizuarrak. "Partida ona egin beharko dugu irabazteko aukerak izateko. Beraiek goraka doaz, hobe dabiltza azken jardunalditan. Bengoetxea denok ezagutzen dugu, zein klase daukan eta zenbat jokatzen duen eta Larunbe ere jotzaile ona da. Guk gurea ongi egin beharko dugu. Ea bi aste hauetan ongi jokatzen dugun, ongi sentitzen garen eta sentsazioak hobera doazen, finalerdietara ongi iristeko" aitortu du Joseba Ezkurdiak.