Duela 591 urte Sakanan 2.790 pertsona bizi ziren, gaur egun baino %86,17 gutxiago. Hori eta beste hainbat datu bitxi gehiago ematen ditu Jose Luis Erdozia Mauleonek Zenbait datu demografiko Sakanan XV. mendearen hasieran lanean. Nafarroako Gobernuak argitaratzen duen Principe de Viana aldizkariaren 268 zenbakiaren separata gisa argitaratu den lana.
Erdoziak biztanleriaren gorabeheretan eragin zuten faktoreak (izurriteak, gerrak, gaizkileen muga…) aipatzen ditu lanean. Demografia datuekin batera, datu geografikoak, ekonomikoak, historikoak eta onomastikoak eman ditu 45 orriko lanean.
Datuak
Egileak lehen-lehenik jakinarazi du Rafael Carasatorre Vidaurre historialari etxarriarrak www.documentanavarra.blogspot.com blogean argitaratutako dokumentu bat izan duela ikerketarako oinarri: Libro de fuegos de la merindad de las montañas del año 1427. Dokumentu horretan Sakana osoko datuak agertzen dira. Nahiz eta Etxarri Aranatzi dagokionez, zenbait orri falta diren. Beraz, Erdoziak berak aitortzen duen moduan, populazioa 2.790 baino handiagoa izanen litzateke. Su bakoitza etxe batekin lotzen da eta haietan zenbat bizi ziren jakitea ezinezkoa denez, adituen iritziei segituz, etxe bakoitzean lau pertsona biziko ziren hipotesiarekin lan egin du.
Arakilen, Aizkorbe eta Irañeta bitartean zeuden 16 herrietan (egun 12), 806 pertsona bizi ziren, % 35 (egun 3.304; % 16,36). Erdialdean, Uharte Arakil eta Etxarri Aranatz artean 853 herritar bizi ziren, % 37 (egun 6.173, %30,58). Ez dira Arruazuko datuak agertzen. Eta, bukatzeko, Burundan 622, % 27 (egun 10.708, % 53,07).
1427ko datuak aurrekoekin ere alderatu ditu. Horrekin batera beste hainbat gauzaren berri ematen du ikerketak: izen erabilienak, landatzen ziren laboreak, mahastiak non zeuden, ordaindutako zergak eta beste.