“Estatu espainolaren indarkeria salatzeko” elkartu ziren hainbat sakandar Etxarri Aranazko Mikel Arregi plazan larunbat eguerdian. Sakanako Sortuko bozeramaile Unai Razkinek azaldu zuenez, “tortura sistemikoa eta sistematikoa izan da gure herrian. Gainera isilarazi nahi izan duten errealitatea izan da eta, oraindik ere, isilarazi nahi dutena”. 1960 eta 2010 urteen artean 117 sakandarrek tratu txarrak eta torturak jasan dituztela gaztigatu zuen. “Egoera horiek aitortu beharrezkoak dira”, gaineratu zuen Razkinek. Horregatik, Nafarroako Gobernuari eskatu zion “lehenbailehen iker ditzala Nafarroan izan diren tortura guztiak. Guztiz beharrezkoa da. Aurrera egiteko ezinbestekoa da torturaren aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea”.
Tortura eta tratu txar bizipenak bizi zituzten Patxi Arratibelek, Amaia Mundiñanok eta Santi Galartzak hartu zuten hitza ondoren eta bakoitza kontzeptu baten inguruan aritu zen. Arratibelek egia hartu zuen hizpide eta plazan bildutako guztiei eskatu zien bere “egia” zabaltzeko. “Nire egia, 117ren egia bihurtzen ari zaretelako. Sakanan torturatu egin dute. Torturatu gaituzte”. Aitortzaren inguruan hizketatu zen Mundiñano eta eskatu zuen “hemen ez dauden herritarrek, zinegotziek, alkateek, kontseilariek, lehendakariak, parlamentariek, kazetariek, alderdi politikoek…” tortura aitor dezatela. Ez errepikatzeko bermea izan zuen hizpide Galartzak. Berriro ez gertatzeko torturak izan direla aitortzea eskatu zuen. Eta horretarako bitartekoak jartzea eskatu zuen. “Torturarekin eskuak eta arima zikindu dituzten horiek alde egin behar dute hemendik”.