Dantza eskolaren 25 urte errepasatzeko aukera

Guaixe 2018ko ots. 23a, 11:24

Etorkizuna dantza eskolak 25 urte bete ditu aurten. Bere ibilbidearen errepasoa egiteko erakusketa prestatu du. Iortia kultur gunean martxoaren 11ra arte dago ikusgai, astegunetan 18:30etik 21:00etara eta domeketan 17:30etik 21:00etara.

Etorkizuna dantza taldeak bere mende laurdeneko ibilbidea errepasatzen duen erakusketa prestatu du. 300 bat argazki, 12 inguru jantzi, bai haienak bai Aitzindari dantza taldearenak izan zirenak, eta saioetako bideoek osatzen dute erakusketa.

Guraso talde bat izan zen 1993an  Altsasun dantza eskola sustatu zuena. "Hasierako helburua helduen dantza taldea dantzariz hornitzea zen. Gero, ez dakigu zergatik, bete ez zena" azaldu digu Iñaki Agirrek, gaur egun dantza eskolako irakasleetako bat, Ane Zelaiarekin batera. Bera dantza eskolako ikaslea izateaz aparte dantzari txikienei irakasten die.

Ikasketez
Hala ere, aurreneko irakaslea Jesus Maria Garate ordiziarra izan zen. Hasiera batean euskal dantzekin batera klasikoa ere ematen zuten Iruñetik etorritako bi irakaslek. "Klasika ematearena, dantza teknika hobetzeko modu bat zen; bi estiloek antzekotasun handiak dituztelako", argitu digu Agirrek. Gaur egun dantza klasikoko ariketak, "neurri batean, egiten ditugu, beroketan eta. Gazteek ez dute oso gustuko. Nik, nolabait, pixka bat sartzen dut, teknika hobetzeko ona delako. Iruditzen zait gauzak nondik datozen jakin behar dutela. Jendeak ikus dezan teknika lantzen dugula ere".

Umeetatik gurasoen taldera arte, bederatzi taldetan banatutako ehun bat ikasle ditu Etorkizuna dantza eskolan gaur egun Arbizuko, Etxarri Aranazko, Iturmendiko, Urdiaingo, Altsasuko eta Ziordiko ikasleak daude. Etxarri Aranatzen ere eman izan dituzte dantza eskolak, "dantzari dexente zeudelako, baina adinen aldetik taldeak sortzea oso zaila zenez, denak Altsasura etortzea erabaki zen. Horrela talde handiagoak sortzen ziren eta dantza emateko errazagoa zen".

Berritasuna
Altsasuko udal musika eta dantza eskola barruan daude, baina elkarteak bere ekimen propioa ere baduela argitu digu Agirrek. Eskolan "euskal dantzak lantzen ditugu, baina aurrerapauso txiki bat egin dugu eta beste kantekin koreografiak sortzen ditugu, jendeari pixka bat erakargarriagoa egiten zaiona. Sustraiak zein diren ahaztu gabe, horrekin zer gauzak egin daitezkeen erakutsi nahi dugu ere. Euskal dantzatik abiatuta koreografiak egitea, alderantziz inoiz ez".  

"Iruditzen zait orain dantzan segitzeko urratsa egitea errazagoa dela, orain gaztetxoen taldean daudenak, beste dantzari guztiak ezagutu dituzte, eta alderantziz.  Lehen dantza eskolatik dantza taldera pasatzen ziren, inor ezagutu gabe". Dantzari gazteen jarraipenari eragiten dieten arazoa da ikastera kanpora joaten direla, "horren kontra ezin da ezer egin" aitortu du Agirrek.

Urteurrena ospatzeko, erakusketaz aparte, hainbat ideia dituzte. Esaterako, zehaztuta dute Etxarri Aranazko abesbatzaren doinura dantzatuko dutela garagarrilean eginen duten saioan.