Joan den urtean 70 herrialde baino gehiagotan emakumeek nazioarteko emakumeen grebarako deialdia zabaldu zuten. Deialdi global harrekin emakumeen kontrako indarkeria eta desberdintasun modu ugariak salatu nahi zituzten. Aurtengo martxoaren 8rako nazioarteko deialdia berritu dute eta 177 herrialdeetan egin da greba feministarako deia, tartean Euskal Herrian. Horrek bakarrik aurten Emakumeen Eguna aurrekoetatik desberdintzen du.
Euskal Herriko mugimendu feministak deitu duen greba ere ez da ohikoa izanen. Haren ondoren ez da gelditutako lantegi eta langile kopuruen arteko borrokarik izanen. Izan ere, ohiko lan munduaz harago doa greba feminista, emakumezkoak "menpean hartzen eta zapaltzen gaituen sistema kapitalista, heteropatriarkala eta arrazista salatzeko". Hori guztia deialdi anitzarekin eta irudimentsuarekin egin nahi dute.
Greba feministarekin eskatzen da enpresan lanik ez egitea (11:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 22:00etara) eta ofizialki lan gisa aitortzen ez diren beste egiteko batzuk ere ez egitea, esaterako: etxea ez garbitzea, haurrak ikastetxera ez eramatea edota adineko pertsonak ez zaintzea. Horrekin guztiarekin urte guztian aitorpenik jasotzen ez duten lanak ikusgarri bihurtu nahi dituzte, haiek ez eginez. Baina lan eta zaintza grebarekin batera, kontsumo eta ikasle greba ere deitu dituzte.
Deialdiaren balioa
Emakumeok* planto! lelopean, Sakanako mugimendu feministak "muga guztiak gaindituko dituen greba feministan" parte hartzera deitu du, "espazio publikoa okupatu eta gure eguneroko aldarriak lau haizetara zabaltzeko".
Emakumeen Eguna hausnarketarako eguna ere izan nahi du. Alde batetik, emakumezkoak batu eta elkarrekin lan egitearen balioaz jabetzeko aukera emanen du. "Baita gure arteko desberdintasun eta aniztasunetik ikasteko ere: emakume helduek, migratzaileek, gazteek, bollerek, transexualek, neskatilek, bisexualek, dibertsitate funtzionala dutenek, langabeek, pentsiodunek… elkarren babesa eta besteon errealitateaz ikasteko aukera paregabea izanen dugu".
Mugimendu feministak "isildutako eta ikusezin bihurtutako ahots guztiei bozgorailua jarri nahi diegu, merezi dugun aitortza eta balioa izan dezagun". Deitzaileak gaztigatu dutenez, martxoaren 8ko greba feminista "ez da helburua, aurrea begirako borrokan mugarri bat baizik. Datozen egun eta urteetan segituko dugun borroka bulkatzeko egun bat, indartu eta aurrera begira lan egiteko ilusioa emanen digun egun bat".
Nola parte hartu?
Lantokietan eta ikastetxeetan deitu diren lanuzteetara batuz. Herrietan deitutako mobilizazioetara joanez. Bi hitzordu nagusi izanen dira: 12:00etan eta 20:00etan. Mandarra balkoitik eskegiz, zaintza lanak azaleratzeko. Merkatuan kontsumitzeari utziz. Batez ere langileen esplotazio ikur diren enpresa handietan, objektutzat hartzen gaituztenak, alegia. Greba zabalduz eta zure herrian antolaketan parte hartuz. Mobilizazioetan zure eremuko aldarrikapenekin blokea antolatu dezakezu. Ikasleen lanuzte eta mobilizazioekin bat eginez. Zaintzari utziz, lan hori beste emakumeen esku utzi gabe; besteek egin dezatela.