Greba feminista egiteko arrazoiak

Guaixe 2018ko mar. 7a, 09:34

Euskal Herriko mugimendu feministak lau argudio multzo eman ditu: ekonomia eredua, indarkeria matxista, arrazakeria eta patriarkatuaren kultura

Ekonomia eredua
Mugimendu feministak grebara deitzeko arrazoietako bat da gaur egungo ekonomia ereduak emakumezkoak "zapaltzen" dituela. Horren adibide ugarri eman dituzte. Hasteko, Europan emakumezkoek astero 26 orduz ordaindu gabeko lanak egiten dituzte gizonezkoek 9 ordu egiten dituzten bitartean. Inork aitortzen ez duen lana da, ikusezina.

Emakumeek lanaldi bikoitz eta hirukoitzak egiten dituzte gizonezkoak eta estatuek ez direlako zaintzaz arduratzen. Gaineratu dutenez, Hego Euskal Herrian gizonezkoek emakumezkoek baino %35,6 gehiago kobratzen dute, enplegu berdinagatik soldata bera kobratzea exijitzen dute. Aldi berean, emakumeek lan prekarietate handiagoa jasaten dutela nabarmendu dute .

Emakumezko langile asko lan erregimen orokorretik kanpo daude, lan-eskubiderik gabe: etxe barruko langileak, nekazariak, sexu langileak, aniztasun funtzionaladun langileak, langile autonomoak… Bestetik, etxe barruko langileak esklabo gisa bizi direla nabarmendu dute. Gizartean amatasuna goraipatzen den bitartean lan-merkatuan zigortu egiten dela gaineratu dute.

Egun hizpide diren pentsioak, emakumezkoen kasuan baxuagoak direla eta haien zahartzaroa txirotzen dutela gaineratu dute. Gure jendartean emakumezkoak pobreagoak direla eta gizarte politiken bazterketak gehiago pairatzen dituztela gaztigatu dute. Azkenik, emakumezko gazteei trebakuntza eta esperientzia gehiago exijitzen zaizkie baina, aldi berean, lan-prekarietatea pairatzen dutela azpimarratu dute.

Indarkeria matxista
Greba feminista deitu dute indarkeria matxistak emakumezkoak "jipoitzen" dituelako. Eta datuak eman dituzte: 2010-2015 urteen artean 33 emakume hil dituzte Hego Euskal Herrian. Eta eraildako emakumezko guztiak  falta zaizkiela ohartarazi dute.     

Sexu-esplotaziorako salerostearen kontra egin dute, "emakumezkoen eta umeen merkantilizitzearen adierazpentzat" baitute. Aldi berean, "nazkatuta" daude "kaleko jazarpena eta sexu erasoak jasateaz eta alor intimoan kontrola, xantaia eta apalkuntza pairatzeaz".

Mugimendu feministatik salatu dutenez, "beldurrean hezten gaituzte, gure testigantzak zalantzan jartzen direla eta salatzen dugunean epaituak gara". Eta nabarmendu dute, "ez gara erantzuteko gaitasunik gabeko biktima pasiboak".

Bestetik, Euskal Herriko mugimendu feministak lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualekiko dagoen fobia salatu dute, horrek haien "biziak estutzen dituzten armairuetan giltzatzen gaitu". Esan dutenez, "indarkeriari aurre egiteko baliabide publikoak ez dira nahikoak". Eta gaineratu dute "zigor-sistema patriarkala" dela, eta "kartzeletan indarkeria bikoitzari aurre egin behar diogu emakumezko izateagatik".

Arrazakeria
Greba deialdiarekin "egungo eredu neoliberal predatzaile, arrazista eta koloniala auzitan jarri" nahi dute. Horregatik, arrazakeriak emakumezkoak "akatzen" dituela nabarmendu nahi izan dute. Horregatik, "ez ditugu ahazten hainbat arrazoiengatik euren herrialdea utzi dituzten pertsonen bizitzak".

Greba feministaren deitzaileak "emakumezko etorkin eta errefuxiatuek mugetan jasaten duten indarkeria matxista eta kriminalizazioa" salatu dituzte. Gaztigatu dutenez, " gure janzkeragatik espazio publikoa hartzeko dugun eskubidea mugatzen dute".

Gainera, legez kanpoko egoeran gauden emakumezkoek eta atzerritarren legea jasaten dutenek indarkeria matxistarekiko "bereziki babesgabe" daudela nabarmendu dute. Azkenik, azaldu dute nazioarteko zaintza-sarea osatzen dutela: "gure seme-alabak eta adindunak beste emakumezko batzuen esku uzten ditugu han, hemen zuenak baldintza oso prekarioetan zaintzeko".

Patriarkatuaren kultura
Martxoaren 8ko grebaren deitzaileendako "patriarkatuaren kulturak emakumezkoak baztertu, objektu bihurtu eta estereotipatzen" ditu. Horri gaineratu diote, historia, literatura eta zientzia liburuetatik emakumezkoak "ezabatu" dituztela. Horregatik ikastetxeetan "ere hezkuntza sistema patriarkal eta androzentrikoa nagusitzen" dela adierazi dute.

Kritiko azaldu dira hedabideekin, publizitatearekin eta sareekin, "emakumezkoak objektu sexualtzat gaituzte, kontsumituak izateko prest gaudenak". Sakanako mugimendu feministak azaldu duenez, "hedabideek gure arreta desbideratzen dute, ahaztu eta dirua xahutu leloa gauzatzera animatzen gaituzte kontsumo eredu berrien bidez. Horretarako estereotipo sexistak sistematikoki barreiatu eta emakumezkoen irudiak sexu-objektu gisa erabiltzen dituzte". Horregatik ohartarazi dute "genero estereotipoak hedabideetan, solasaldietan, erakundeetan erreproduzitzen" direla.

Bestetik, mugimendu feministatik esan dute "hierarkia katolikoak, Estatuak edo botere ekonomikoek gure gorputz eta sexualitatearen gaineko erabakiak ukatzen" dizkietela. Azkenik, greba feminista deitu dutenek azaldu dute emakumezkoak politikan "eragiteko eta erabakitzeko ahalmena duten eremuetan ez" daudela.