Mugimendu feministatik kontsumo greban parte hartzera deitu dituzte gizonezkoak. Aldi berean, izan aita, lagun, anaia, irakasle, enpresaburu, lankide... gizonezkoei eskatu diete haien inguruko emakumezkoei mobilizazioetara joateko erraztasunak emateko.
Hala, aita direnak seme-alabez arduratu eta eztabaida eta ikasle greba lagundu beharko luke, guraso elkartean eta ikastetxean eraginez. Laguna denak umeen zainketaz arduratuz bat egin dezake. Emakumezkoen lankide den gizonek hainbat modutara bat egin dezakete deialdiarekin: lantokian greba feminista zabalduz eta babestuz, zerbitzu minimoak eginez, emakumezkoen lana eginez, eguneko soldata mugimendu feministari emanez edo emakumezkoen grebako erresistentzia kutxa antolatuz. Enpresaburuek lantokiko emakumezkoei elkartasuna adierazi eta errepresaliak, trabak eta arazoak saihesteko jarrera har dezake.
Gizonezko ikaskideei eskatzen zaie klasera joanen ez diren emakumezko ikaskideak eta haien lanuztea babesteko. Irakasleei, berriz, martxoaren 8an zerrendarik ez pasatzeko, ikasleen huts egitea "justifikatuta" dagoelako: "gu hiltzen ari dira" edo "bizi nahi dugu" aldarrikatzen ari direlako kalean.
Familian, elkarbizitza taldean edo afektu-inguruan, berriz, "zaintza behar duenik badago, ostegunetik aurrera emakumezkoek ohituraz betetzen duten lan horretaz arduratzeko" eskatzen dute. "Gaurtik bertatik erantzunkidetasunez zaintza lanez arduratzera deitu dute, dela umeak zainduz, dela etxeko lanak eginez…"
Emakumezkoren batekin harreman sexu-afektiboak dituztenei haiek martxoaren 8an kalean egoteko behar duten laguntza guztia emateko eskatu diete mugimendu feministatik. Aldi berean, gizonezkoei eskatu zaie greba feministaren deialdia lagun-artera eta taldeetara zabaltzeko. Militanteak direnek greba euren eremu politikora eraman dezakete.
Aurreko egoerarik ez duen gizonezkoren bat badago eta osteguneko mobilizazioetara badoa, mugimendu feministatik eskatu dute gizonezkoak atzeko partean jartzeko, agindurik eman gabe eta manifestazioa zuzentzeko asmorik gabe, laguntzeko asmoarekin.
Azkenik, mugimendu feministatik grebaren aurretik gizonezkoendako proposamena egin dute: beste gizonezkoekin elkartu eta "zuen maskulinitatearen inguruan elkarrekin hausnartzea, lan pertsonala eta kolektiboa egiteko; gizonezkoen pribilegioez, kontzientzia hartzeko eta menderakuntzarik gabeko jendartea lortzeko bidean pausoak emateko".