Martxoaren 8an besoko, peto edo arropa morea janztera gonbidatu dute Euskal Herriko mugimendu feministatik. Altsasun ostegun eguerdirako giza kate zaratatsua deitu dute. Horregatik, soinua atera dezakeen edozein gauza eramateko eskatu dute deitzaileek. Bi orduko ibilbidea izanen du giza kateak, 12:00etatik 14:00etara. Iortia kultur gunetik abiatuko da eta honako ibilbidea eginen du: Aita Barandiaran adinduen egoitza, autobus geltokia, San Juan kalea, suhiltzaileen-egoitza eta Gure Etxea eraikina.
Martxoaren 8ko Sakanako manifestazioa Altsasun eginen da, 20:00etan. Gizonezkoek ere parte hartzeko aukera izanen dute, mistoa izanen baita. Mobilizazio alai eta koloretsua izatea nahi dute mugimendu feministako kideek, horregatik zarata egiteko tresnak eramatea eta pelukak edo mozorroak janztera gonbidatu dute, dibertigarriagoa izateko.
Ikasleak ere
Ikastetxeetan irakasleek deialdiarekin bat egiteko hartzen duten erabakiaz harago, hainbat ikaslek goizeko geldiarekin bat eginen dutela jakinarazi dute. Etxarri Aranatzen dagoen Andra Mari ikastolan hezkidetzari buruzko prestakuntza saio mistoa antolatu dute ostegunerako, ikastetxean bertan eginen dena. Altsasu institutuan, berriz, mutilei zuzendutako maskulinitateari buruzko prestakuntza saioa izanen da. Bitartean institutuko eta Iñigo Aritza ikastolako ikasleek elkarrekin manifestazioa eginen dute herriraino, ostegun eguerdian Altsasun eginen den giza-katera batzeko.