Emakumezkoen lanuzte jendetsuak egin zituzten joan den urtean Hego Amerikan, indarkeria matxistaren kontrako Ni una menos kanpainaren barruan. Ideiak harrera ona izan zuen nazioarteko mugimendu feministan eta makina bat herrialdeetakoak protesta modu horri lotu zaizkio. Horregatik, gaur greba feministaren biharamuna da.
Emakumeok* planto! lelorekin bat egiten duten lau emakumerekin elkartu gara, zeinek bere esparrutik duen ikuspegi feminista azaltzeko. Haietako bat Isabel Gracia Larraya da, Altsasuko Aita Barandiaran adinduen egoitzan lan egiten duen zaintzailea. Eta atzo ez zuen grebarik egin. "Ezin dugu aiton-amonak zaindu gabe utzi. Plantillan jende gutxi gara eta egoitzan daudenak gure arretaren premia dute". Jendeak zaintza lanak ez dituela aitortzen uste du, "soilik tokatzen zaionean".
Graciak gaineratu duenez, zaintza "ez dago pagatuta. Guk egoitzan ikusten dugu ederki pagatzen dutela eta ematen diegun zerbitzua ez dator pagatzen dutenarekin bat". Konponbidea ere eman du: "langile gehiago behar dira. Guri berdin zaigu gizonezkoak edo emakumezkoak izan. Praktiketan egon da mutilen bat, bestela ez dugu gizonezkorik izan". Eurena feminizatutako lana dela aitortu digu Graciak. "Denak gara pertsonak eta jaiotzetik hil arte zaintza premia dugu. Denek egin ditzakegu gauzak, eta maitasuna eman. Ez dakit zergatik ez dauden gizonezkoak zaintza lanetan. Edo ez dute ikasten, edo ez zaie kontratatzen edo arrazoi kulturala da".
Zaintza motak daudela argitu digu: "ordaindua bada, lana da; bestela, etxeetan laguntza modukoa da. Azken hori, orokorrean ama edo alaba dira gehien egiten dutenak". Eta zaintzaren egitekoa etxetik aterata ere lan gisa ez dela hartzen gaztigatu digu.
Zainduak izateko eskubidea denok badugu ere, pertsonen erosahalmenaren arabera zaintza mota bat edo bestea jasotzen dela nabarmendu digu Graciak. "Hala ikusten dugu. Nik adinduen egoitzetara joan ezin duten batzuen berri badut. Zerbitzu oso garestiak dira. Publikoa beharko luke. Eta plaza kontzertatu gehiago egon beharko lukete". Egoitzetara joan ezin duten pertsona horiekin zer gertatzen den jakin nahi izan dugu: "hor gelditzen dira, etxean. Gaizki zainduak. Etxeko emakumezkoendako karga. Gainera, etxebizitzak ez daude egokituta".
Kapitalismoaren ikuspegi gordinetik begiratuta zaintza egoitzetan ez da ezer ekoizten. "Mantentzea da. Jakina, beste pertsona batzuk ekoizten laguntzen dugu. Argi dago zaintzak dirua ematen duela: botikak, fardelak, garabiak… egiten dituztenak". Zaintza egoitzak "gero eta gehiago pribatizatzen ari dira. Garestiagoak dira. Eta zerbitzua bera da; funtsean gauza bera egiten baitugu".
Berak araututako lan jardun bat du. Baina arautu gabeko zaintza lan asko dago. "Emakume migratzaile asko, baina bertakoak ere. Zaintzen dutena hiltzen denean beste bat opatu behar izaten dute". Horiek lan baldintza txarretan aritzen direla nabarmendu digu.
Pertsonen zaintza aitortuko lukeen sistema nolakoa beharko lukeen galdetuta esan digu: "benetan aitortua balitz, adinduen premiak kontuan hartuko litzateke. Dauden pertsonen kopurua, horretarako ratioak daude". Zerbitzu publikoa eta unibertsala beharko duela nabarmendu digu.
Lan mundua
104 langileren artean 7 emakumezko daude Urdiaingo Magotteaux enpresako plantan, bulegoetakoak aparte. Haietako bat da Idoia Yaben Marin. Greba feministaren berri eman zutenean lankide guztiek babestu zutela azaldu digu Yabenek. Greba feministaren inguruan informazioa eman zuten, baina enpresan lanketa berezirik egin gabe. Hala, deialdiari segituz, emakumezkoek gelditu zuten eta haiek egin behar zuten lana gizonezkoek egin zuten Urdiaingo lantegian atzo.
Enpresan lan egitea gizonezkoen kontua zen. "Eta Magotteauxen ere hala izan zen duela 12 urtera arte, plantara emakumezkoak sartu ginen arte". Horren arrazoiaz galdetuta, "pentsatzen dut garai batean lan fisikoagoak, gogorragoak izanen zirela. Zeren berdintasuna nahi dugu, baina ez dugu gizonezkoen indar bera. Orain tresneria sartu da. Lan gogorra den arren ez da hain fisikoa".
Hain inguru maskulinoan lan egiten "oso ongi" moldatzen direla azaldu digu Yabenek, "berdin-berdin tratatzen gaituzte". Emakumezko batzuk lanpostu batzuetara iristean euren balioa erakusteko "gehiago" egin behar izan dutela aipatu diogu, baina euren kasua ez dela azaldu digu. "Esandakoa, ez zaizkigu lan hain fisikoak tokatu. Gogorrak bai, baina ez hainbesterako. Beraz, arlo horretan ez dugu arazorik izan".
Emakumezko langile asko duten lanaldi bikoitzaz ere galdetu diogu. Lantegian zortzi orduak lan egin ondoren etxeko lanak heldu dira. Euren lantegian ere buzoa utzi eta gero etxean lan gehien egiten dutenak emakumezkoak direla esan digu Yabenek. "Etxeko lan hori orain banatuago dago, baina, normalean, emakumezkoek egiten dute". Yabenek esan digu bere kasuan bere lantegia ez dela gizartearen isla.
Lan eskubideak bermatuak dituen enpresa batean lan egiten du. "Industrian ez dago halako problemarik, baina beste sektore batzuetan bai. Eta langabezian dauden emakumeek dituzten eskubideez, hobe ez hitz egitea".
Feminismoari lantokietan egiten zaion harreraz galdetuta bere gizonezko lankideek "ez dute ezer berezirik esaten. Nik uste iritsi dela une bat hau guztia normalizatu dena. Gero etxean eginen dutena beste kontu bat da. Gurekiko matxismorik eta halakorik ez dago".
Ikasle greba
Altsasu institutuko ikaslea da Ainhoa Imaz Asensio. Berak azaldu zigun ikasleek zergatik egin zuten greba feministarekin. Atzoko deialdia prestatzeko langile batek asanbladara deitzeko kartelak jarri zituen eta 27an egin zuten aurreneko bilkura. Herenegun egindako asanbladan, irakasleek eta ikasleek lelo bat aukeratu zuten: ikastetxe internazionalista, feminista eta antikapitalista eraiki. Ikasleek beste lelo bat aukeratu zuten: patriarkatuari su! Feminismoaz hezkuntza eraiki.
Asanbladetan onartutakoari segituz, emakumezko guztiei besoko moreak banatu zizkieten, atzo janzteko. Ikastetxetik herrira manifestazioan igo ziren, eguerdiko giza katean parte hartzeko.
Imazek aitortu duenez "ikastetxeetan borroka honek behar duen indarrez ez da lantzen. Noizbait tailerren bat eskaintzen digute, emakumezkoei eta gizonezkoei. Baina ez da nahi adina eskaintzen". Ikasleek eurek antolatuta generoari, nazioari eta klaseari buruzko prestakuntzak izan dituztela azaldu digu Imazek. "Salatzekoa da halako prestakuntzarik ez jasotzea. Gobernuak eta gizarteak ez dute halakorik eskaintzen. Azkenean, jasotzen dugun hezkuntza patriarkala da. Horri aurre egiteko, egunerokotasunean baita ikastetxeetan jasotzen ditugun erasoei aurre egiteko beharrezkoak dira".
Greba feministaren eta ikasleen arteko loturan sakondu du ikasleak: "Oso arrotza zaigun hezkuntza daukagu. Egungo sistema patriarkalaren baloreak inposatzen zaizkigu; matxistak". Testu liburuetan emakumezkoen presentziarik ez dagoela nabarmendu digu. "Haren presentzia ezkutatzen da. Adibidez, Batxillergoko 2. mailako filosofia ikasgaian autore guztiak gizonezkoak dira". Emakumezko filosofoak egon badaudela nabarmendu digu Imazek. "Ezkutatzen digute eta ez digute benetako historia edo emakumeen historia kontatzen".
Imazek erreparatu die ikastetxean ikasleen artean izaten diren botere harremanei eta ikasle-irakasle harremanei ere. "Agerikoa da patioko espazio gehiena gizonezkoek hartzen dutela eta emakumezkoak baztertuak izaten direla". Ikasleak "kontuan hartzen ez diren mikro-matxismoak"aipatu ditu.
Greba feministaren ardatzetako bat zen lanari ere erreparatu dio Imazek. "Txikitatik ikasleoi sistemaren balio batzuk ezartzen dizkigute; hezten gaituzte etorkizunean makina hutsak izateko, baldintza prekarioetan eta sumisoak izateko. Horregatik, txikitatik klasetan isilarazten gaituzte eta ez digute hitza hartzen uzten. Gero guk prestakuntza sakona izan behar dugu horri aurre egiteko".
Berak ikastetxe misto batean ikasten badu ere, sexuaren arabera banaketa egiten duten ikastetxeak badaudela gogorarazi diogu. "Bai, LOMCEk diru publikoz lagunduko lituzke". Imazek esan digunez, "argi dago emakumezkoa zapalduta dagoela, ezin da estali. Emakumezkoek espazio bat behar dugu non gure borroka izanen den gure ahalduntzea lortzea". Baina inposatzen zaizkigun balore horietan, sexuka banatzea eta bakoitzari bere rolak inposatzea, hori nik ez dut onartzen. Hor jarraipen bat ematen da". Halako ikastetxeetan gizonezkoek eta emakumezkoek "orain ditugun rolak jasoko ditugu. Guk aldarrikatzen duguna da hezkuntza hezkidetzan heztea da, erabateko berdintasunean, azkenean, genero askapena izatea".
Euren hezkuntza eredu ideala "ikasleen ikuspuntutik sortutako hezkuntza eredua da. Ikasleen hitza kontuan hartzen duena". Euskal eskola nazionala aldarrikatu du: "euskalduna, feminista, burujabea, internazionalista eta aldarrikatzen ditugun hamaika borroka islatzen duena". Herri eskola edo unibertsitateen bidez ikasleak norabide horretan pausoak ematen ari direla azaldu digu.
Feminismoak ikasleen artean duen osasunaz galdetuta "borroka ikustarazia" dela esan digu. "Kontzientzia badagoela uste dut. Eguneroko militantziarena, norberaren esku dago". Atzo ikastetxean maskulinitate tailer bat antolatzekoak ziren, baina bertan behera gelditu zen. "Antolatzen ari ginenak emakumezkoak ginen. Atera ez izana aipatu digu mutilen batek. Hainbesteko interesa badu, mugitu dadila eta berak antolatu dezala". Ikaskide mutilez: "nik uste batzuk kontzientzia dutela. Azkenean, borroka guztiona da. Baina zapalduta gaudenak emakumeak gara eta ahalduntze hori guk bilatu behar dugu, borroka hori aurrera eramateko".
Kontsumo grebaz
Greba feministaren deialdiarekin batera kontsumo greba deitu zen ere. Horrek hainbaten harridura sortu zuen. Eta hori zergatik ote den galdetu diogu Edurne Ruiz Iragiri: "heteropatriarkatua eta kapitalismoa estuki lotuta daude. Beraz, kontsumoa eta emakumea oso lotuta dauden gaiak dira. Deialdi honekin hori azaleratu nahi da".
Kontsumo greba deitzeko arrazoi zehatzak azaldu dizkigu Ruizek: "sistema kapitalista honetan produzitzea eta produzitzen jarraitzea da ardatza. Gizartearen beharrak ez ditu kontuan hartzen, adibidez: afektuak, denbora, harremanak, autonomia… Behar ekonomikoak hartzen ditu kontuan, besterik ez. Gauza pila bat daude ekonomiaz eta txanpon batez aparte". Azaldu digunez, "kapitalismoak behar berriak sortzen dizkigu, batzuetan beharrezkoak ez direnak, gehiago produzitzeko. Horren ondorioz, energia kontsumo handiagoa, zabor gehiago sortzen dugu eta lurraren biogaitasuna agortu dugu. Eta ondorioz, klima aldaketa".
Hala ere, gaztigatu du funtzionatzeko modu horrek pertsona guztiekin ez duela berdin jokatzen: "ez da berdina gizarte klasea, jatorria edo generoa. Badakigu sistema honetan kaltetuenak, batez ere, emakumezkoa direla". Pobreziak eta arraza txurikoa ez izateak emakumezko horien egoera gehiago okertzen duela azpimarratu digu.
Sistemak emakumezkoak kaltetzeko moduak zerrendatu dizkigu: "normalean emakumezkoek soldata txikien duten lanak egiten dituzte. Askotan oso-oso baldintza kaxkarretan: atseden gutxi, haurdun geldituz gero kaleratzen dituzte… Eta Inditex moduko muntinazionalez eta Asiako ehungintzaz ari bagara, izugarria da". Ruizek ohartarazi du Europan kontsumitzen den arroparen % 90 Asiatik heldu dela. "Baldintza kaxkar horiengatik kontsumitu dezakegu halako arropa merkea. Horren atzean zer dagoen begiratu nahi dugu?"
Hala ere, denda txiki batean edo kate handi bateko lokalean erostea desberdindu ditu. Azken horietan, "normalean emakumezkoak zapalduago daude. Asiaraino joan gabe, supermerkatu kate handien, Zara eta halakoen lan baldintzak oso kaxkarrak izaten dira".
Ruizek ziurtatu digunez, erosketak kontsumitzaileen "erabateko erabaki politikoak dira. Sistema aldatu nahi badugu kontsumitzailearen esku, norberaren esku dago aldaketa. Egiten duguna ondorio batzuk ditu". Hala, eguneroko erabaki horiekin eredu aldaketak sustatu edo hura egonkortu egiten dugu. "Beti kate handietara joaten bagara denda txikiak kaltetzen ditugu. Modu batean horri guztiari laguntza ematen diogu".
Deialdiaren balioaz
Lau elkarrizketatuei greba feministarekin zer lortuko den galdetu diegu. Graciak "berdintasuna" nahi du. "Ez dugu gizonezkoek baino gehiago nahi. Bizitzaren aspektu guztietan berdintasuna nahi dut". Jendeari zaintzaz "hausnartzeko" eskatu dio, "hortik denak pasako gara. Denok baldintza hobeak nahi ditugu".
Yabenek uste du atzoko lanuztearekin lortuko dela "gu pixka bat entzutea. Hor gaudela ikustea. Ia heldu den urtean erregularizatuago egiten den eta gehiago ikusten zaigun".
Egun batez erosteari utzita "min pixka bat egin" daitekeela uste du Ruizek. "Baina batez ere hausnarketarako eta hitz egiteko balioko du. Badirudi eztabaida zabaltzen ari dela. Hori ona da".
Imazendako, lehenik eta behin, emakumezkoak kalean egotea, "urtetan estalia egon den borroka azalaraztea" lortu zen atzo. "Munduko emakumezkoak geldituko bagina zer gertatuko litzateke? Beharrezkoak gara. Gizartean indarra dugu. Indar gehiago hartu behar dugu. Ahalduntze hori borrokatu behar dugu".