Zein da zure egitekoa Altsasuko Kooperatiban?
Euskara teknikaria naiz. Altsasukoren kasuan, nik fabrikan bertan ez dut lanik egiten. Fabrikaren eguneroko lanez ezagutza handirik ere ez dut. Badakit zein lan egiten duten, badakit nola moldatzen diren, baina nik ez dut esku hartzen. Niri dagokit urte osoko gestio planaren gaineko dinamizazioa egitea. Horren barruan garrantzitsua da euskara batzordea dinamizatzea eta bertan erabakitzen direnak aurrera eramateko lana egitea. Beraien asmo hori antolatzen laguntzen diet. Enpresan euskarari sarbidea eman nahi diote; bazuen, baina zena baino handiagoa izatea nahi dute. Horretarako zein bide egin dezaketen proposatzea dagokit. Eta bide hori egiten dela ziurtatzea.
Enpresa batean euskara planak aurrera egiteko zer behar du?
Kolektiboaren babesa, normalean. Jendeak nahi izan behar du. Kasu honetan kooperatiba da eta, normalean, kooperatibetan hori oraindik gehiago begiratzen da, kolektiboak nahi duen edo ez. Kooperatiba bat ez balitz ere, garrantzitsua da langileen babes hori egotea, gero langileak izanen direlako lan horietako asko eginen dituztenak. Edo hartzen diren erabakietako asko beraien egunerokoan bizi behar dituztenak. Altsasukoren kasuan oso nabarmena da baiezko hori. Gainera, oso prest agertu dira beti euskarak enpresan lekua izateko.
Nola sartzen da euskara enpresa batean?
Denbora hartuta, hasteko. Ez dira izaten hasi eta buka oso erraz egiten diren planak. Badakigun nola diren hizkuntza kontuak. Guk Emundik beti metodologia bat eskaintzen dugu. Hiru arlotan lan egitea proposatzen dugu: euskararen erabilera bultzatzea, bai idatzian bai ahozkoan; euskararen ezagutza handitzeko ekimenak martxan jartzea eta erabakiak hartzea eta, kasu honetan, kooperatibako langileen euskararen aldeko jarrera gero eta finkoagoa eta handiagoa izatea. Eta guk hiru horiei laugarrena gehitzen diogu: plan hori enpresak berak bere beste arloak bezala, bere egitea eta erabaki arlo bat bihurtzea; kalitatea edo ingurumena izan litekeen moduan.
Altsasuko Kooperatiban lau urte egin dituzu. Hasieratik gaur arte, zer moduz?
Gustura. Nik uste 2017 oso urte inportantea izan dela, bai niretako bai kooperatibarendako, Euskara Plana finkatuta ikusi zelako. Eta argitu delako nondik jo dezakegun. Kolektiboak nahiko argi du honetan segitu beharra dagoela. Pausoak, pixkanaka, baina ematen dira.
Enpresa batean hau irakurtzean, zerotik hasteko, zer behar du?
Guk, normalean, diagnosi bat egitea proposatzen dugu, aipatutako arlo horietan enpresa nola dagoen ikusteko. Gero, inportantea iruditzen zait, kolektiboaren gutxieneko baiezkoa asmo horri eta, ondoren, lantegiak berak horretan ariko diren pertsona batzuk jartzea. Hilean behin, edo hilabetean zehar lan batzuk eginen dituztela. Asmo handi horretatik tiratzeko eginkizuna izatea. Hori baldin badago asko egin daitekeela uste du.
Euskaran bizi berritzean, arnas berritze horretan, lantegiak beste pauso bat dira?
Bai. Euskalgintzatik askotan landu ez dugun pauso bat da, edo lantzea oso zaila ikusi duguna. Nafarroaren kasuan gainera, orain arte gobernuaren aldetik inolako babesik gabeko lana izan dena. Joan den urtean aldaketa bat izan zen horretan: laguntza batzuk eman ziren. Hori pauso bat da. Espero dezagun horretan segituko dela. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan horretan askoz ere ibilbide luzeagoa dute. Urte gehiago daramate. Han oraindik ere enpresa mundua erdal mundua da, baina badaude oso adibide onak, atzerago heldu garenondako iparra direnak. Esandakoa, lan mundua guretako egunero erdian dugun zerbait da. Eguneko zortzi ordu hor sartzen dira. Gainera, ez da hori bakarrik. Adibidez, hezkuntza eta aisialdia euskalduntzeko saiakera handia egiten da. Gero, ikastetxeetatik euskara ikasita atera diren ikasle horiendako ere lan mundua oso erdalduna izaten da. Ez du jarraipen handirik. Nahiz eta oso mundu handia izan, honi ere heldu behar zaio. Eta horretan ari gara.