Zuek enpresa erabat euskalduntzea lortu duzue?
Bai, gure lan hizkuntza euskara da. Enpresaren eta langileen artean erabaki hori hartu zen 1991n. 25 urteren buruan lortu dugu. % 35ek ez zuten ulertzen, batzuk ordezkatu dira eta beste batzuk ikasi dute. Enpresa ere hazi da. Euskaraz lan egiten dugu. Badaude bi lagun euskara ulertzera iristen ez direnak. Noski, haiekin erdaraz egiten dugu, bestela komunikazioa posible izanen ez litzatekeelako. Baina, natural-natural, ulertzen duten guztiekin euskara egiten dugu.
Gure egunerokoan, edozertarako, euskara presente dago, esaterako, gure azpikontratazioekin erlazioa. Bezeroekin haien hizkuntzan egiten dugu: italiarra bada, italieraz; aleman bat, alemanez; frantziar bat, frantsesez; Txina eta bestelako tokietan ditugun harremanetan, normalean, ingelesa. Baina saiatzen gara gure bezeroek eskatzen diguten hizkuntzara hurbiltzen. Hori euskaratik ikasi dugu.
Beraz, kalitate politika duzuen moduan, Elayn euskara politika ere baduzue.
Bai. Elayren politikaren barruan hizkuntza txertatuta dago. Hau da, hizkuntzarena ez da paraleloan doan politika bat. Baizik eta enpresaren buruan txertatuta dagoena, eta handik enpresa guztira zabaltzen da.
Euskara Planarekin hasi zinetenean enpresa handia eta urte batzuetako martxa zenuten. Hor inertzia batzuk izanen ziren?
Horiek dira aldatzen nekezenak. Gaur egun ere horiek dira aldatzea pittin bat kostatzen zaizkigunak. Txikitako koadrilatik erdaraz elkar ezagutzen dutenak. Nahiz eta jende berriarekin aritu eta bertako hizkuntza ohiturak aldatu, hizkuntza ohitura zaharrak, lehendik datozenak, familiatik datozenak, esaterako, koinatuak direlako… horiek aldatzea asko kostatzen da.
Baina egunerokoan informalean ohitura horiek aldatzea nekeza den moduan, formalean aldatzea oso erraza da; inork ez du zalantzan jartzen lan bilera batean euskaraz hitz egin behar denik. Hori bai, handik irten eta kafe makinan haien artean erdaraz hitz eginen dute. Hori ere horrela da. Pertsonek pertsonekin dituzten hizkuntza ohiturak dira horiek. Baina aspektu formal horretan inork ez du zalantzan jartzen. Bestea, denbora eta hizkuntza ohitura horiek aldatzeko kontua dira. Behar bada, gehien kostatzen diren kontuak.
Nola hasten da bat enpresa bat euskalduntzen?
Nahi izatea. Eusko Jaurlaritzak 1990-1991 inguruan lideratu zuen plan pilotu bat izan zen. Gu laguntzen Elhuyar enpresa sartu zen. Diagnosia egin zuen eta egoera zein zen aztertu zuen. Haiek lagundu ziguten. Baina oso mugarri inportante izan zen aurkeztu zenean, bai langile batzordeak bai enpresa buruek ere bat egin zutelako aurrera eramateko. Gauza natural gisa planteatu da hizkuntza plana. Hasieratik helburua jarri zaio: euskaraz lan egin nahi dugu. Gure barruan ez da sekula egon gauzak elebidun jartzearena. Premia egon denean gauzak itzuli ditugu. Baina itzulpenarena, nolabait, lorpen bat izan da. Hau da, gauzak aldatu direnean, hizkuntzaz aldatu dira, erdaraz egotetik euskaraz egotera, jendeak ulertzen zuelako.
Hasi ginenean 165 bat langile geunden. % 35. Pentsa, jende asko ikasteko zegoen, baita alfabetatzeko ere; nahiz eta euskaldun petoak izan jendea irakurtzen ez zegoen batere ohituta. Orain gauzak bestelakoak dira: jende gehienak euskaraz daki eta, gainera, alfabetatua da. Egoera kaxkarrean indar handia zuen nahi izateak. Jendeak argi ikusi zuen atzeko belaunaldiak euskaraz hezita zetozela. Ez zen inolako arazorik izan enpresak helburu horri baietza emateko eta bera izateko proiektu honetako liderra.
Eta behin euskara laneko hizkuntza bihurtuta, zer?
Gauza guztietan bezala bidea hasi egiten da, eta sekula ez dakizu noiz bukatzen den. Elayk ezin du euskaraz lanik egin baldin eta bere ingurukoek euskaraz lanik ez badute egiten. Orain gure zeregina da gure lan hizkuntza gure hesietatik harago joatea. Hau da, guk dauzkagun kanpo harreman guztietara zabaltzea. Eta naturaltasun guztiarekin erabiltzen ikasi behar dugu. Euskara ez da naturaltasunez erabiltzen. Orain gure indarrak hor jarrita ditugu, guk lana euskaraz egitearekin ez baita bukatzen.
Euskaldundu nahi dituzuen harreman horiek administrazioekin eta hornitzaileekin izanen dira ezta?
Eta eskolak. Guri lanak egiten dizkiguten enpresak. Bertako bezeroei ere jakinarazten diegu gurekin euskaraz egin dezaketela. Behin barnekoa eginda dagoenean, gure mugaz kanpo ateratzea eta gurekin batera euskara erabiltzea. Gure erakundearen izenean norabait parte hartzera goazenean euskara beti presente egonen da. Nahiz eta toki batzuetan agurra soilik izanen den. Batzuetan ezin delako, jendeak ez dakielako. Baina jendeak ulertzen duenean, nahiz eta beraiek gauza ez izan, erantzuteko edo hitz egiteko, guk pauso bat aurrera egin eta, nolabait, gurea naturaltasunez erabiltzeko pausoak ematen ditugu.
Euskarak zer ekarpen egiten dio enpresa bati?
Alde batetik, sinesgarritasuna. Ezer ez dagoen tokitik hizkuntza bat berreskuratzea; proiektua gauzatzeko gauza izatea. Proiektu kolektibo bat da. Ez du pertsona batek egiten, ez du zuzendari batek egiten… Ez dago izenik. Kolektiboak egin behar du hori. Horrek sekulako indarra eta kohesioa ematen dizkio kolektiboari berari.
Beste faktore bat eskaintzen du: hori egiteko gauza bagara, beste hainbat gauza egiteko gauza gara. Elkarrekin gauzak lantzeko premia ekartzen du eta harremanak hobetzeko tresna da. Horrek motibazioan sekulako eragina du. Azken batean hizkuntza bat ikasten edo erabiltzen duzunean, aurrerapausoak egiten dituzu bakarrik. Erabilerak berak bakarrik ekartzen ditu aurrerapausoak. Behin erabilera bultzatuta, pertsonen aurrerapenak motibazio iturri bihurtzen dira. Eta enpresa batek jendea lanean pozik egotea nahi badu, zerbait gehiago izatea eta onena ematea, motibazio iturri horiek ongi kudeatu behar dira. Kudeaketa horrek lan giro egokiagoa eta hobea ekartzen du.
Lantegian egindako lanak Antzuolako kaleetan edo etxeetan eragina izan du?
Bai, izugarria. Alde batetik, Elay proiektu honekin hasi eta denbora batera lortu genuen lana euskaraz egitea. Gurera lanera etortzen diren pertsonak euskara ezagutu behar dute. Bestela, lehenengo lana izanen lukete hizkuntza ikastea. Horrek herrian bere eragina izan du. Baina hau martxan jarri duten bakarrak ez gara herrian, edo bukatu dutenak. Beste bi enpresa handi daude, Goizper eta Erreka, bere garaian planak martxan jarri zituztenak. Gure modura, Goizperrek berea despeditua du. Erreka bide oso-oso onetik doa eta laster bukatuko du. Lan munduan Antzuola euskalduna da. Ez da bakarrik Elayren eragina. Baizik eta gauza askorena. Sentsibilizazioa zabaldu behar da eta herriak berak ekarri du bertako enpresetan euskara nagusi izatea.
Prozesua hasi berri duen enpresa bati zer aholkatuko zenioke?
Enpresa bakoitza berea da, eta bere egitekoak izanen ditu. Gauza bat bai, uste dut denendako baliagarria dena: ez izan beldurrik. Jokatu hizkuntza normal bat balitz bezala. Bizi dugun egoerarengatik, bi hizkuntza oso handi ondoan izatean, bai frantsesa bai gaztelania, euskara txikitxo moduan, pixka bat, baimen eske moduan ibiltzen da. Ez ibili baimen eske. Ezarri eta erabili lasaitasunez. Nire iritziz ikasbiderik potenteena izan da.
Norberaren hizkuntza denetarako balio duela, ezta?
Bai, ongi pasatzeko, lanerako… Naturaltasunez erabilita. Ez du balio pixka bat ezkutuan ibiltzea. Gu ezkutuan bagabiltza eta gure hizkuntza kalera naturaltasunez ateratzen ez badugu, ezkutatuta geldituko da. Gu izan behar dugu gure hizkuntzaren bozeramaileak.
Sakanako enpresei zorterik onena. Bidea luzea da. Behar bada egoera linguistikoa ez da izanen gurean baino txarragoa. Lortuko dute. Aurrera segitzeko. Kriston pozak hartuko dituzte bidean. Asko ikasiko dute elkarrekin. Animo. Benetan. Gure inguruan enpresa euskaldunak behar ditugu, lana euskaraz egitea gero eta errazagoa izan dadin. Zorterik onena.