Ikasleek greba egin dute gaur

Guaixe 2018ko mar. 21a, 21:24

Iruñeko manifestaziorantz joaten zirela Policia Nacionalak geldiarazi eta ordu eta erdi izan ditu Zuastiko zerbitzu gunean. 100 gazte identifikatu ditu.

Ikasle Abertzaleak taldeak deituta greba egin dute makina bat ikaslek Euskal Herrian. Hau ez da gure hezkuntza. Indarrak batuz, hezkuntza sistema gainditzera goaz leloa zuen deialdiak. "Hezkuntza hau ez da gure mesedetara dagoen hezkuntza, baizik eta burgesiarenera. Egiten dugun irakurketa da hezkuntza ez dagoela pertsonak hezteko, baizik eta etorkizunean bere lan indarra salduko duen objektu akritikoak sortzeko dagoela" azaldu digu Patxik, grebalarietako batek. Eta gaineratu du: "horren aurrean Euskal Herri langilearen beharretara egokitutako hezkuntza baten beharra aldarrikatzen dugu. Ikastettxe guztietako problematikak batuz elkartu gara Euskal Herriko hainbat tokietan".

Identifikatuta
Sakanako ikasle grebalariak autobusez Iruñerantz abiatu dira. Bigarren mailako errepidetik zihoazela Policia Nacionaleko patruilak agertu eta Zuastira desbideratu ditu. Han ikasle guztiak jaitsiarazi eta banan-banan identifikatu dituzte. Ordu eta erdi izan dituzte. "Zerbait ote genuenaren aitzakia erabili dute" azaldu digu Ainhoak. "Argi utzi dute helburua zela gu manifestaziora ez joatea". Iruñera iristerako manifestazioa bukatuta zegoen, baina Nabarreria auzoan protesta kontzentrazioa egin dute. Eta, gauza bera, arratsaldean Altsasuko udaletxe parean, "eraso errepresibo oso larria dela uste dugu. Militarrek okupatuta bizi gara eta, ondorioz, ezin izan dugu manifestazio batera joan. Eskubide hori ukatua izan zaigu". Gertatutakoa salatu bai baina euren aldarriak zabaltzeko mobilizatzen segitu dutela gaineratu dute biek.