Zergatik liburua?
Uste dut ikastolen mugimenduak horrelako lan bat behar zuela. Historia-memoriaz hitz egiten den garai honetan inor ez delako gogoratzen gaur egun gure artean ditugun ikastolez aparte izan zirela beste asko eta asko; gehienak ere, ikastola txikiak, herri txikietan eta zeresan handia izan zutenak euskararen geroan, haien eskaintza egin zenean.
Ezagutza galtzen ari delako ere?
Bai. Tokatu zait lan hau egiteko garaian zenbait herrietara joan izan naizela galdezka: “eta halakoa non bizi da? Ba, hilda dago. Hemen ikastola izan zen. Ba, ez, hemen ez zen sekula izan”. Aurkitu ditut herriak ikastola izan zenik ere inork gogoratzen ez dena.
Izan daiteke D ereduko eskola askoren atzean ikastola dagoelako?
D eredu asko sortu ziren ikastola txiki horiek integratu zirenean gero D eredua deitu izan zaien eskoletan.
Nola izan da liburua sortzeko dinamika? Herriz herri ibili zara edo artxibategi lana izan da?
Nik, pertsonalki, banuen dokumentazioa eta material pila. Gainera, gogoratzen nituen bizi izandako urte haiek guztiak. Alde batetik, oso urte onak izan zirelako. Nik lana oso pozik egin nuen. Asko disfrutatu nuen. Oso gustura ibili nintzen. Lagun pila egin nituen. Ez dut ukatuko 40 urte pasa eta gero banuela lehengo lagun haiek ikusteko, zer egiten zuten jakiteko gogoa. Neure buruari esan nion: hasi hadi! Herriz herri hasi nintzen, lagun zaharrak deitzen; afaria hemen, bazkaria han; lagun artean bileratxoak eginez, informazioa jaso. Hori da hain zuzen ere liburuan jaso izan dudana.
Zeinen lekukotzak jaso dituzu?
Batez ere gurasoenak eta irakasleak; biak paretsu. Egia da gurasoak haurrak jartzen zituztela. Altsasuko guraso batek 1971z ari zela, esan zidan: “guk uzten genituen haurrak ezagutu gabe noren esku uzten genituen eta jakin gabe eurekin zer egin behar zuten”. Hori ezin da inolaz ere baloratu. Hori jasotzen da, jakina. Baina, aldi berean, irakasleria zein baldintzetan etortzen zen, nondik etortzen zen, oso gazteak ziren gehienetan… Mendietan galdutako Nafarroako herrietara nola iristen ziren, inoiz ezagutu ez zuten herrietara eta zer esperientzia izan zituzten. Horiek ere jaso ditut. Irakasleria oroitua izatea merezi duela uste dut.
Aitzindari haien asmoa zein zen ikastolak sortzerakoan?
Zalantza zegoen. Alde batetik, Franco hil eta urte haiek ziren. 1977koak. Aurretik ere sortuak ziren. Euskararen berpizte bat bazegoen herri txikietan ere. Guraso horiek izan ziren gehien bat mugitu zirenak. Horiek irakasleak ekarri zituzten eta bi multzo horien artean sortu zen mugimendua.
1986ko abenduan onartutako euskaren legeak eraginik izan zuen?
Asko. Nafarroako Ikastolen Elkartea saiatu zen lege horretan aldaketa batzuk egiten. Txosten alternatiboa ere aurkeztu zuen. Bertan jasotzen zen, hain zuzen ere, ikastolen instituzionalizazioa. Baina Urralbururen gobernuak ez zuen hor amore eman. Jada, egia esateko, bastante ikasi zuten; ordura arte nahiko ezjakinak baziren ere. Ez genuen ezer lortu. Hortik aurrera zapa-lana egin zuen Nafarroako Gobernuak eta ikastola txiki asko ixtera behartu zituen, haurrik ez zutelako batez ere.
Seme-alaben hezkuntza gauza serioa da. Zalantzak izanen zituzten, ezta?
Bai, bazegoen. Baino zalantza baino gehiago ilusioa zegoen euren seme-alabak euskara ikasi eta euskaraz ikas zezaten. Ni ausartuko nintzateke esatera orduan ilusio gehiago zegoela gaur baino. Gaur normalizatu egin da egoera eta uste dut hor guardia jaisten ari garela. Garai haiekin noizean behin konparatzea, edo gogoratzea nola funtzionatzen zuten garai hartako guraso-irakasleak kontutan hartzekoa dela.
Sakanara etorrita. Gaur egun Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastolak ezagutzen ditugu. Gehiago izan ziren?
Bai, horixe. Urdiain eta Olatzagutia ditugu, Altsasura begira eta hasiera-hasieratik aritu zirenak. Uharte Arakilgoa, Lakuntzakoa, Arbizukoa eta Bakaikukoa Etxarri Aranatzera begira zeudenak. Hor ere liskar batzuk izan ziren Etxarri Aranatzen eta Altsasuren artean, herrixka handixkoenen artean izaten diren bezala Nafarroako eskualde gehienetan.
Banaka-banaka, zer konta diezagukezu haietaz?
Hitz gutxitan esatea oso zaila da. Aipatzea momentu batean Olatzagutia, esate baterako, ia-ia mugan dagoen herria izanik eta industriak erabat eraldatu zuena. Eta, bestalde, Uharte Arakil. Bi adibide oso desberdinak, baina ondorio berdinarekin. Olatzagutia industria gune bihurtu zen, kanpotar asko etorri zen eta euskara galdu egin zen. Baina kanpotar horiek izan ziren, hain zuzen, ikastolara haurrak bidaltzen lehenak. Uharte Arakilen, berriz, Jose Mari Ustarrozek kontatzen zuen zer zoritxarra izan zuen euskarak herri horretan, treneko langile asko zegoelako, guardia civil asko zegoelako, eta horiek herriko giro guztia zapuztu omen zutelako. Horiek dira bi kasu bereziak. Gero tartean gelditzen zaizkigunak: Urdiain, herri erabat euskalduna da, neurri handi batean apaizari esker; Bakaiku, hor dago, agian Etxarri Aranatzen eragina izanen zuen; Arbizun kontuan izan behar da zuen apaiza, Don Juan, oso eragile garrantzitsua izan zela maistra izandako Sole Olejuarekin batera eta Lakuntzaz, egia esan, informazio gutxitxo jaso dut. Baina hor ere Eugenio Ulaiarrek egindako lana aipatzekoa da.
Zu urtetan Zangozako ikastolako zuzendari izan zara. Eremu ez euskaldunean. Nolakoa da halako ikastola baten bizitza?
Oso zaila zen lehen. Baina nik uste lehen zeuden zailtasunak gainditzea lortu zela eta gaur egun moldatu egin gara eguneroko bizitzara eta, agian, uste dut, ez Zangozan bakarrik, orokorrean hezkuntza munduak behar duela bere burua berrasmatzea. Zerbait behar du baldin eta proiektu honekin aurrera jarraitu nahi badugu. Izan ere, guk gure garaia erre genuen, orain gazteoi tokatzen zaizue berrasmatzea hezkuntza eta euskara nola aurrera atera. Izan ere, ataka estu batean aurkitzen gara momentu honetan.
Zergatik bukatzen da liburua 1991n?
Nik federazioa 1991n utzi nuen, hainbat arazorengatik. Horiek ere liburuan jasotzen dira. Ez dut guraizarik ametitu. Esan zidaten: “hori mozten baduzu, ordainduko dizugu liburua”. Nik ez nuen horrelakorik nahi. Ez dut gauza handirik kontatzen, baina ulertu nahi duenarendako nahiko kontatzen dut. 91 utzi nuen. Gero etorri dira beste argitalpen batzuk. Hain zuzen federazioak argitaratutako azkenak gaur egungo ikastolen mugimenduaren berri jasotzen du. Nik uste nahiko era txukun eta eraginkorrean.
Bigarren zatia?
Nik uste dut egina dagoela. Agian hau aurretik izan behar zuen eta bigarren zatia, egina dagoena… Nik beste modu batera eginen nuke, zalantzarik gabe, baina nik uste dut ongi dagoela.