Erreleboarekin negozioei segida emateko aukera

Guaixe 2018ko mar. 29a, 11:27

Hiru altsasuarren lekukotzarekin batera, Nafarroako Gobernuak, Sakanako Garapen Agentziak, Sakanako Enpresarien Elkarteak eta Cederna-Garalurrek negozioen erreleborako zein laguntza eta bitarteko eskaintzen dituzten azaldu zuten herenegun

Nafarroako Gobernuak martxan jarri duen Negozioetara Errelebo Poltsa "iragarki ohol" baten modukoa dela azaldu digu Sakanako Enpresarien Elkarteko Cristina Irisarrik. Negozio bat utzi edo eskuratu nahi dutenendako eskaerak "modu zentralizatuan ikusgarri" egiten dituela  gaineratu du. Aldi berean, enpresa txiki eta ertainei aldaketa "erraztu" egiten diela azaldu digu, "dokumentazioa, tramite burokratikoak, arindu egiten ditu". Eta ondorioztatu du: "horrela ekitea askoz ere errazagoa da".

Enpresarien elkartekoak azaldu digunez, haiengana negozioak aldatzeko eskaera "ez dira asko iristen. Gainera ez dugu halako zerbitzurik eskaintzen. Baina inbertsio baten garaian bezala, haiei gauzak errazteko lan eginen genuke eta trantsizioa ematen den bitartean asistentzia eta aholkularitza emanen genieke".

Trebakuntza eta erraztea
Sakanako Garapen Agentziaren (SGA) industria eta zerbitzu teknikari Odei Arregi Azpitartek argitu digu SGAn ez direla negozio erreleboak atzematera jarri. "Baina industria, zerbitzu, lehen sektore eta turismoko arloekin etengabeko harremana dugu eta, azkenean, halakoen berri jasotzen dugu".

Azaldu digunez, bi errelebo kasuetan esku hartu zuten. "Teknologia bat zuen autonomo baten kasuan pare bat interesatu agertu ziren baina ezin izan zuen aurrera egin. Beste enpresa bat segida izateko forma juridikoa aldatu eta kooperatiba bihurtzeko ANELera bideratu genuen".

Turismo arloan erreleborik gabe gelditu eta itxi diren negozio ugari daudela gaztigatu digu Arregik. "Askok jubilatzerakoan utzi dute, edo turismokoa bigarren jarduera delako eta ez dutelako behar". SGAkoak "sentsibilizazioaren beharra" nabarmendu digu: "erreleboa ematerakoan hartzaileari erraztasunak eman behar zaizkio, bestela ez du inork hartuko". Sakanan turismo arloa, kostata baina indartzen ari dela azaldu digu, baina azaldutakoa nahiko arazo orokorra dela eta "kezka" dutenez horretan lanean ari direla azaldu digu.

Industrian kezka bestelakoa da: "enpresen jarraipenerako lan esku kualifikatua behar da. Ez dago. Orain egoera larria dago. Hamarkada batean edo, dagoena jubilatu eginen da. Orduan ibarreko enpresa potente batzuetan egoera kritikoa izanen da", azaldu digu Arregik. SGAko teknikariak azaldu digunez, "Sakanan enpresak daude, eta haietan bide profesional ona egiteko aukera dago". Horretarako, prestatuta egon behar da. "Prestakuntza dualak gauzak hobetu ditu, baina gero eta gehiago behar da". SGAk, Sakanako Enpresarien Elkartearekin, Cederna-Garalurrekin, Sakana Lanbide Heziketa institutuarekin eta Nafar Lansarerekin osatutako hezkuntza mahaian halakoak, prestakuntza azkarrak nola eman eta bestelakoak aztertzen dituztela gaztigatu dute.

Ekintzailea laguntzeko
Horretarako dago Cederna-Garalur. Eta Egiteko hori azaldu zuen Susana Mendinuetak. Nafar Lansarek finantzatzen duen Nafarroa Ekintzailea sareko kide da eta Sakanan ekintzailetza sustatzeko zerbitzua eskaintzen du. Bere negozio ideia garatu nahi duten pertsonek edo martxan diren enpresek jo dezakete zerbitzu horretara eta han laguntza eta aholkularitza emanen diote.

Horren osagarri, Cederna-Garalurrek ekintzaileei eta autonomoei zuzendutako saioak prestatzen ditu. Aldi berean, ekintzailetasunaren kultura sustatzeko ikastetxeetan jarduerak antolatzen ditu urtero.

Cederna-Garalurren egoitza Arbizuko Utzubar industrialdeko Utzugane garapen gunean du. Haiekin harremanetan jartzeko astegunetan, 08:00etatik 15:20era, pasa daiteke egoitzatik. Ekintzailetza zerbitzuan, hitzordua eskatuta, Altsasun astelehenetan ematen dute laguntza eta aholkularitza. Garalurrekin harremanetan jartzeko: 948 567 010 telefonoa edo sakana.admon@cederna.es e-posta.

Joan den urtean ekintzailetasuna sustatzeko ordenantza eta diru-laguntza deialdia mustu zuena Altsasuko Udala izan zen. Javier Ollo Martinez alkateak jakinarazi zuen, diru kopuru xumea izanda ere deialdiak "erantzun positiboa" izan zuela eta aurten berriro egitea espero dutela.