Altsasukoek 500 egun preso egin dituzte gaur

Guaixe 2018ko mar. 29a, 09:06

Altsasuko auziaren eta apirilaren 14ko manifestazioaren berri herrialde guztian barna zabaldu ondoren, Nafarroako Birari 6. etapa bat gehitu diote: Sakana. Apirilaren 7an, 11:30ean, Irurtzundik eta Ziorditik auto karabana bana abiatuko da Arbizurantz

Ferietako liskarraren ondoren, 2016ko azaroaren 14an egin zuen sarekada Guardia Civilak. Ordutik preso daude Adur, Jokin eta Oihan. Hurrenez hurren Madrilgo Aranjuez, Estremera, eta Navalcarnero espetxeetan dituzte preso. Urrunduta. Haiekin batera beste bost gaztek baldintzapeko askatasuna dute. Eta guztiak apirilaren 16tik 27ra epaituko dituzte Espainiako Audientzia Nazionalean.

Presoen askatasuna eskatzeko, gertatutakoa terrorismoa ez dela zabaltzeko eta justizia eskaera berresteko Altsasuko 48 taldek eta elkartek Nafarroako Bira antolatu zuten. Bost etapa egin eta gero, seigarren bat gehitzea erabaki dute. Antolatzaileek azaldu digutenez, "behin bira despedituta Sakana bazter gelditu dela ikusi dugu. Badakigu sakandarrek euren ekarpena egin dutela, esaterako, ostiraletako kontzentrazioetara joanez, baina beharra sentitzen genuen"

Horregatik, helburu berarekin apirilaren 7rako, larunbatean, Irurtzundik eta Ziorditik auto-karabana bana abiatuko da 11:30ean. Bigarren mailako errepidean barna herriz herri pasako dira Arbizun elkartzeko. Hango plazan ekitaldia eginen dute 12:30ean. Aurreko etapetan bezala, musikak, antolatzaileen, eskualdeko eta gurasoen ordezkariek hartuko dute hitza. Despeditzeko auzatea izanen da.

Arbizuko ekitaldira ibarreko herritar guztiak gonbidatuak izateaz aparte, Arabako Lautadako, Gipuzkoako Goierriko eta  Sakanako alkateak gonbidatuko dituzte. Gainera, apirilaren 14ko manifestazioari atxikimendua adierazteko mozioak sartu dituzte udaletan.

6. etapa horren antolatzaileek Arbizura joan ezin duten sakandarrei eskatu diete bide bazterrera hurbildu daitezela eta egoki jotzen duten moduan karabanei atxikimendua adierazteko.

Sakanako etaparen ordutegiak
Ekialdeko auto karabana
11:30 Irurtzun
11:35 Etxarren
11:40 Ekai
11:43 Zuhatzu  
11:50 Satrustegi
11:55 Hiriberri
12:00 Ihabar
12:02 Irañeta
12:05 Uharte Arakil
12:15 Arruazu
12:20 Lakuntza
12:30 Arbizu

Mendebaldeko auto karabana
11:30 Ziordia
11:35 Olatzagutia
11:45 Altsasu
11:50 Urdiain
12:00 Iturmendi
12:05 Bakaiku
12:15 Etxarri Aranatz
12:30 Arbizu


Banderolak
Altsasukoak Aske herri-asanbladatik gonbidapena luzatu dute: epaiketak irauten duen bitartean, apirilaren 16tik 27ra, balkoietan Utzi Altsasu bakean dioen banderolak zintzilikatzeko. “Madrilen egonen diren gazteei elkartasuna adierazteko” keinu gisa azaldu dute. Banderolak ostiraletako kontzentrazioetan edo apirilaren 11n, asteazkenean, azokan erosteko aukera izanen da.