Pentsatzen zenuten finalera iritsiko zinetela?
Partidaz partida zoaz, baina beti finalera iritsi nahi duzu eta finala irabazi. Txapelketaren hasiera ez zen ona izan, baina bigarren zatian hobetu genuen. Bukaeran ongi jokatzen ari gara eta saiatuko gara finala irabazten.
Ikusgarria izan zen Olaizolaren eta Imazen kontrako larunbateko partida.
Oso partida zaila genuen aurretik. Guk irabazi behar genuen eta emaitza oso onarekin gainera, eta atera egin zen. Joseba handi bat ikusi nuen, dena ongi egin zuen; ,txapelketako partida egin zuen, urtekoa. Ez zuen ezer galdu, asko bukatu zuen, defendatu, dena egin zuen berak, oso ongi... partida ona atera zitzaigun, behar genuena, eta orain finalean gaude.
Piloten aukeraketak zeresana eman zuen…
Guk esan genuen zein pilota zeuden eta gure gustukoak ez zeudela. Listo. Asteazkeneko kontua izan zen hori, eta ordutik aurrera zegoen materialarekin jokatu egin behar genuela oso argi genuen.
Finalean Elezkano eta Rezusta dituzue arerio. Finala oso paretsu dagoela diote gainontzeko pilotariek...
Sekulako txapelketa egin dute; igual kostatu zaie azkeneko partida aurrera ateratzea, baina badakigu bikote oso irabazlea dela, potentea, beti ongi jokatzen dute. Bere maila emango dute, eta ea guk gurea ematen dugun. Finala nahi duzu jokatu, irabazi... badakizu zaila izango dela. Danel iaz nire bikotea izan zen, aurten biak iritsi gara finalera, pozik nago ere berarengatik, baina orain bakoitza berea defendatzen saiatuko gara.
Estrategia zein izango da?
Guk beste egunean bezala egin behar dugu. Bizkaian tokatzen zaigu berriro aritzea. Frontoia ez da txarra. Igual partida ikusteko ez da frontoi onena, soinua entzuteko, nabaritzen baituzu jendea urrun dagoela... Niri azpitik ibiltzen diren frontoiak gustatzen zaizkit, eta Bizkaian bote gehiago ateratzen du, baina ez dago aitzakiarik.
Irabaziz gero hau zure bigarren txapela litzateke, kasu honetan Josebarekin. Pentsatu duzue non egingo duzue ospakizuna?
Kristoren ilusioa egiten dit Josebarekin jokatzea. Aspaldiko laguna da, betikoa, urte asko daramagu elkarrekin eta kontra jokatzen. Ospakizuna elkarrekin egingo dugu, lotzen gaude ea Arbizun bertan egin dezakegun.
Irabazi edo galdu, finalera sailkatzea lorpena da...
Bueno... baina finala galtzen baduzu kristoren penarekin zoaz etxera. Ikusiko da ea zer gertatzen den. Ea aukera dudan finala irabazteko eta Josebarekin ospatzeko, familiekin, lagunekin... gustura. Hori bai, goiz joan beharko dut etxera hurrengo egunean partida dudalako.
Une hauetan jendea zuen gainean egongo denez, nola mantentzen da burua hotz?
Nik normal segitzen dut. Herrian egoten, familiarekin, lagunekin, entrenatzen... Orain lasai gaude, oraindik finalerako egunak geratzen dira. Betiko jendearekin ibiltzen bazara beraiek badakite nola zauden eta ez dizute pelmadarik ematen.