Zabaletak eta Ezkurdiak Buruz Burukoan dute burua. Txapelketa prestatzeko ez dute sobera astirik, baina ilusioz gainezka daude. “Sinatuko nuke urtero Buruz Burukora prestatzeko adina denborarik gabe iristea, Binakakoan lan ona egitearen seinale” azaldu digu arbizuarrak. Altsasun ariko da eta bi entrenamendu saio eginen ditu bertan. Binakako txapeldunak gaineratu du eskuz ongi iritsi dela Buruz Burukora, sasoi onean. “Adar konplikatua egokitu zait eta ahalik eta hobekien aritzen saiatuko naiz, baina zaila izango da” gaineratu du. Zabaletak denbora gutxiago izango du prestatzeko, “baina lan onena egiten saiatuko da. Binakako txapela lortzearekin, animoz beteta iritsi gara Buruz Burukora” nabarmen du.
Oso eskertuta
Oraindik igandean bizitako sentsazioak fresko ditu arbizuarrak. “Egun polita izan zen finalekoa, bikaina. Podium gainean egotea eta zale guztiak txaloka ikustea sentsazio ia sinestezina da, baina nik finaleko momentu asko ditut buruan, guztiak politak” aitortu du. Zabaletarekin elkarrekin ospatu zuten txapela, Arbizun. “Ongi etorria, aurreskua, oroigarriak… ikusgarria izan zen dena. Gure herritar eta zale guztiei eskerrak ematea besterik ez dugu. Gau oso polita izan zen, gure senitartekoekin, lagunekin… oso gustura ibili ginen, ezin da hitzez adierazi gure esker ona” adierazi du pilotari arbizuarrak. Sakana izena toki guztietara barreiatu zuen bikoak eta sakandarren babesa izugarri sentitu zutela gaineratu du. Hurrengo egunean esnatu eta finala jarri zuela ere aitortu digu, eta txapela oraindik etxean dabilela bueltaka. “Amak toki polit bat prestatuko dio”. Ea txapel gehiago batzen diren toki berezi horretara.