Epaiketa, hastear

Guaixe 2018ko api. 16a, 09:40

Urte eta erdi ondoren, Altsasuko auzia izeneko kasua gaur hasiko dira epaitzen

Espainiako Auzitegi Nazionalean gaur, astelehenean une batetik bestera hasiko da zortzi altsasuarren kontrako epaiketa eta bi astez luzatuko da, hilaren 27ra arte. Gaur, lehen egunean, akusatuek euren lekukotza emanen dute. Bigarren egunean salaketa jarri dutenen txanda izanen da. Eta hurrengo hiru egunetan lekukoen txanda iritsiko da. Epaiketaren bigarren astean Guardia Civilaren perituak arituko dira lekukotza ematen. Horren ondoren epaileek euren epaia publiko noiz eginen duten ez dago jakiterik. Itxaronaldia luzea eta urduria izanen da.

Babes ematera Madrilera
Senitartekoak eta auzipetuak dagoeneko Auzitegi Nazionalean daude. Atxilotuak daudenak furgonetan eraman dituzte eta txalo hartean hartu dituzte. Altsasutik herritar asko hurbildu dira Madrilera auzipetuei eta senitartekoei sostengua ematera. Bertara hurbildu dira ere EH Bilduko Bakartxo Ruiz eta Marian Beitialarrangoitia, Geroa Baiko Unai Hualde altsasuarra, Podemoseko Nagua Alba eta beste.

Oraindik ez dira larunbateko Iruñeko manifestazio erraldoiko oihartzunak itzali. 50.000 pertsona bildu ziren Iruñean "justizia" eskatzeko eta Altsasun gertatutakoa "ez zela terrorismoa izan" aldarrikatzeko. 

Gertakariak
Urte askoan ez da ahaztuko 2016ko lastailaren 15eko goizaldean, herriko ferietan, Altsasuko taberna batean eta haren kanpoko aldean gertatutako liskarra. Ondorioz, zerbitzuz kanpo zegoen Guardia Civileko teniente batek orkatilan haustura izan zuen. Harekin zegoen sarjentuak eta bien bikotekideak zauri arinak izan zituzten.

Estatuko Segurtasun idazkari Jose Antonio Nietok jakinarazi zuenez, 2016an segurtasun indarren kontrako 9.571 eraso kasu izan ziren. Halakoak atentatu delitu gisa epaitu ohi dira eta 6 hilabete eta 2 urte arteko zigorrak ditu. Isunen ordainketa eta asteburuko atzipenaldiak ere izaten dute ondorio. Baina Altsasuko gazteak terrorismo delituagatik auzipetuko dituzte. Covitek egin zuen salaketa eta Espainiako Auzitegi Nazionalak tesi horrekin bat egin zuen, eta epaiketa Iruñetik Madrilera eraman zuen.

Herri akusazioa den Coviterendako egun hartako liskarra planifikatutako zerbait da. Horretarako, Espainiako segurtasun indarrak Euskal Herritik joateko eskaera egiten duen Alde Hemendik dinamika eta ETA lotzen dira. Eta bi horiek Altsasu bertako dinamika batekin, Ospa  mugimenduarekin lotzen dute. Hortik ferietako egun bateko goizaldean gertatutakoa terrorismotzat jotzea. Hortik auzipetutako zortzi gazterendako guztira 375 urteko kartzela zigorra eskaera egitea. Covitek, gainera, zilegi ez den elkarteko kide izatea leporatzen die auzipetuei eta, horregatik, 4 eta 18 hilabete arteko zigor gehigarria eskatu du.

Neurrigabea
Hedapen handia duten zenbait hedabidek hasieratik Altsasuko auziari, eta herriari berari, eman zioten tratamendua eta hedapena altsasuar asko nazkatu zituen (ezkutuko kamerak ere erabili zituzten). Neurrigabea irizten zioten euren herriaz esaten zirenei; ezjakintasunetik eginak, edo aurreiritziekin eginak. Liskarra salatzen zuten altsasuar askok ere iraindua izanaren sentipena izan zuten. Herritik kanpo, geografia luze zabalean gauza bera pentsatzen zuten beste mordo batek ere. Gazteen atxiloketak eta urrun espetxeratzeak are gehiago markatu zituen.

Nafarroako Guardia Civilaren koronel-buru Javier Hernandezek ere hedabide batzuk Altsasu Guardia Civilarendako herri zail gisa agertzeko tema aipatu zuen eta hala ez zela nabarmendu zuen.

Auziaren inguruan dagoen neurrigabetasun sentipena are gehiago handitu zuen fiskaltzaren 375 urteko zigor eskaerak. Herritar arrunt askoren buruan sartzen ez zen neurrigabekeria. Baina harridura berarekin, edo handiagoarekin, begiratzen zioten epaitegi arloan lan egiten duten profesionalek, hainbat erakunde publikok edota Amnisty Internationalek. Herritarrek sentitzen zutena berretsi zuten, terrorismo delituaren neurri gabeko erabileraren aurrean gaudela salatu zuten eta terrorismoaren kontrako legedi zehaztu gabearen adibidea dela.

Defentsaren lekukoak eta frogak atzera botatzea eta auziko epaileetako bat Guardia Civil baten bikotea dela jakiteak auzian izaten ari den bidegabekeria sentipena handitu du askorengan. Haien artean ugariak dira guardia civilak eta euren bikoteak zaurituak izanak gaizki ikusten dutenak, baina esan bezala, zigor eskaerekin batere ados ez daudenak. Eta beste auzi eta epai ezagunekin alderatzen ditu jendeak zigor eskaerak eta eskandalagarria zaie, ez zaio buruan sartzen.

Terrorismo delitua
Zigor Kodeko terrorismo delituei buruzko 573. 1 artikuluan oinarrituta auzipetu eta epaituko dituzte hamar altsasuarrak. Artikulu horrek terrorismo delitutzat jotzen ditu “bizitzaren edo osotasun fisikoaren kontrako edozein delitu larri” eta haien artean daude “botere publikoak zerbait egitera edo ez egitera behartzea eta populazioan edo haren zati batean terrore egoera sortzea”.

Espainiako Auzitegi Gorenak epaiketa Auzitegi Nazionalean egin behar zela ebatzi zuen, argudiatuz, “delituaren larritasuna ezin da momentuz baztertu, agenteetako batek jasandako lesioak tarteko”. Epaileek gaineratzen zutenez, Zigor Kodeko 573.1 artikuluan jasotako helburuen “zantzuak ikus daitezke hasiera batean, Estatuko Segurtasun Gorpu eta Indarretako kideen eta familien artean terrore eta segurtasun eza sortu eta aipatu lurraldeak (Hego Euskal Herria) uzteko jokabideen markoan izan baitziren gertaerak. Ezin da ere baztertu gertaerek emozio egoera hori sortzea helburu zuela”.

Espainiako Auzitegi Goreneko epaileek, polizia txostenak kontuan hartuta, azaldu zuten “talde batek egindako erasoan parte hartu zutenetako baten bat segurtasun indarretako kideak Nafarroatik eta Euskal Autonomia Erkidegotik protesta, presio eta zirikatzearen bidez kanporatzeko erakundeekin erlazionatzeko zantzuak” daudela.

Horretan oinarrituta egin ditu eskaerak fiskalak. Altsasuko gertakariak Guardia Civilak eta Espainiako Polizia Euskal Herritik joateko 'Alde Hemendik' kanpainaren baitan kokatzen ditu fiskaltzak. Haren esanetan kanpaina horren helburua guardia civilengan eta poliziengan "beldurra" eragitea eta gizartean haienganako "ezinikusia" sorraraztea da.

Baina Nafarroako Lurralde Auzitegian ez zuten halako terrorismo deliturik ikusi eta epaiketa Iruñean egitea eskatu zuten. Delitu larririk ez zuen ikusi liskarrean eta horrek 5 urtetik beherako zigor eskaerak zekartzan. Horregatik, izan zuen azken hitza Gorenak.

Gero eta jende gehiagok ikusten du Altsasuko auzia beste "joko konplexuago" baten pieza bat besterik ez dela: Guardia Civilaren presentzia hemen zalantzan jartzen duen diskurtso bat geldiaraztea, ETA ez badago ere haren garaiko estatu egiturak mantentzen dira".