Joseba Ezkurdia Buruz Buruko final zortzirenetan sartuko da lehian, ostiralean, Altsasun, gaueko hamarretan hasiko den jaialdian. Final hamaseirenetan Laso 13 tantotan uztetik datorren Jaka izango du aurkari. Arbizuarrak Buruz Burukoa prestatzeko ez du tarte askorik izan eta partida zaila aurreikusten du. Hala ere, Binakako txapela lortu izanagatik animoz gainezka dago arbizuarra eta dena emango du.
Bakaikoa vs Darío, hasteko
Altsasuko jaialdia Promozio mailako Buruz Buruko txapelketako partida batek zabalduko du. Hain zuzen ere, Asegarcen dabilen Joanes Bakaikoa etxarriarra Promozioko final laurdenetan sartuko da lehian. Dario izango du aurkari. Jaialdia ostiralean hasiko da, 22:00etan, eta ETB1ek eskainiko du zuzenean.
Sentsazio ez oso onak
Asteazkenean materiala aukeratu zuten Joseba Ezkurdiak eta Erik Jakak. Arbizuarrak Juan Martinez de Irujoren laguntza izan zuen, bera izango baita bere botileroa. Martin Alustizak aurkeztutako materiala mimo handiz probatu zuten. Ezkurdiak adierazi zuenez, Binakako txapela “ahaztua” dago. “Orain Buruz Burukoan gaude buru-belarri. Partida zaila daukat, Erik Jaka oso aurkari arriskutsua da, gauzak ongi egiten ditu eta momentu onean dago. Ea gauzak ongi egiten ditudan eta partida irabazteko aukera dudan” aipatu zigun arbizuarrak. Ez dituela oso sentsazio onak gaineratu zuen. “Entrenamendu lasai bat egin nuen eta beste bi gogorragoak, Altsasun. Egia esan, ez dira sentsazio onak izan, baina egunetik egunera hobetzen joan dira eta horrek konfiantza eman dit. Ea poliki poliki ostiralerako tope gauden”.
Erik Jaka “oso ongi” ikusten du. “Lasoren kontra partida serioa egin zuen, arriskutsua da, sake eta errematearekin mina egiten du, ezker gantxorekin eta bolearekin tantoa errez bukatzen du… Saiatuko da ni aurrealde horretan sartzen eta nik, bai ala bai, bere jokotik ateratzen saiatu beharra dut, ea lortzen dudan” azaldu zuen. Arbizuarrak onartu zuenez, “presioa beti egoten da, baina lasai aterako da Burundako kantxara. “Aurten ez dut denbora nahikoa izan buruz burukoa prestatzeko, eta irabazi nahi badut asko sufritu beharko dut. Ea zer ateratzen den. Nire jokoa izango da sakea aprobetxatzea, eta pilota dudanean ea Erik ahalik eta apartena izatea” aitortu zigun.
Jaka: “Faboritoa Joseba da”
Bere aldetik, Erik Jakak onartu zuen ongi hasi duela Buruz Burukoa, bi partida ona egin dituela, baina ostiralekoa “beste kontu bat” izango dela. “Josebak urte asko daramatza banakakoan jolasten, binakako txapelketa irabaztetik dator eta oso momentu onean. Badakit partida oso zaila dudala baina nik nire gauzak egiten baditut aukera bat edo beste izan dezaket” aipatu zuen. Hala ere, argi eta garbi du Ezkurdia dela faboritoa. “Faboritoa bera da, berak ere badaki. Buruz buruko lehenengo mailako lehenengo txapelketa dut hau. Ongi iritsi naiz baina bera nola dagoen ikustea besterik ez dago” nabarmendu zuen. Jakak onartu zuen Buruz Burukoa prestatzeko arbizuarrak baino denbora gehiago izan duela, “baina nik aldatuko nituzke berak negu guztian jokatzen dituen partidak, nireekin alderatuta. Bera primerako pilotaria da, lehen mailan dago; ni ez. Urtean zehar lehen mailako partidak oso kontatuta jokatzen ditut. Ni nire mailan nago eta bera berean. Bera da faboritoa, sorpresa litzateke nik irabaztea, baina tarteka sorpresak izaten dira eta hori bilatu beharko dut” aipatu zuen.
Buruz Buruko beste partidak
Buruz Buruko final zortzirenetako beste partidetan, Olaizola II.ak Albisu izango du aurkari larunbatean Labriten (ETB1) eta Victor irabaztetik datorren Retegi Bik Altuna III.aren kontra jokatuko du igandean Eibarren (ETB1). Astelehenean, aldiz, Artolak Arteaga 6 tantotan uzteagatik datorren Elezkano II.aren kontra jokatuko du Tolosako Beotibarren.