Jakin-mina egitasmoan parte hartu dutenendako diploma

Guaixe 2018ko mai. 10a, 12:33

Jakin-mina programan parte hartu zuten gazteetako batzuk. Argazkia: Nafarroako Gobernua.

Altsasu institutuko DBHko 4. mailako sei ikaslek, Haimar Agirre Lopezek, Javier Diaz Zelaiak, Iñaki Cabrera Ojedak, Irune Goikoetxea Jakak, Mikel Adur Lakuntza Bakaikuak eta Amets Oteiza Arangurenek, Jakin-mina egitasmoan parte hartzeagatik diploma bana jaso zuten ostiralean. Hezkuntza kontseilari Maria Solanak eman zien aitortza. Jakiunde Akademiak antolatzen duen egitasmoaren zazpigarren edizioan zortzi ikastetxetako 65 ikaslek parte hartu dute eta haien artean daude aipatutako sei sakanadarrak.

Jakin-mina programak bigarren hezkuntzako ikasleei zientzia, artea zein literaturaren inguruko bost hitzaldietan parte hartzeko aukera eskaini die, modu horretara beraien garapen intelektuala eta pertsonala bultzatzeko asmoz. Gaztelaniaz, euskaraz zein ingelesez emaniko hitzaldiak, azarotik  martxoa artean izan dira. Adituei esker, ikasleek hainbat gairen inguruan sakontzeko aukera izan dute. Besteak beste, ekonomia, errefuxiatuak, adimen artifiziala, bioteknologia, artxibogintza, osasun zientziak, historia eta bestelako gaiak landu dituzte. Modu horretara Jakin-mina programak gazteen kuriositatea piztu eta haien jakintza-eremua zabaltzeko helburua bete du, ezezagunaren bilaketara bideratuz euren kuriositatea.