AHT ibilbide proiektua

Oinez, abiadura handiari kontra egiteko

Guaixe 2018ko mai. 11a, 12:11

AHTren kontrako martxa antolatu du Sakana Trenaren Aldek biharko; Lakuntzako plazatik 09:00etan abiatuko da eta herri guztietatik pasa ondoren 13:15ean Altsasuko Foru plazara iritsiko dena. Makina bat udalek bat egin dute ibilaldiarekin.

Ibarreko udal guztietako 32 hautetsik, 11 alkate tartean, sakandarrak biharko antolatu den Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontrako martxan parte hartzera deitu dute. Aldi berean, Espainiako eta Nafarroako gobernuei bi eskaera egin dizkiete. Batetik, "egungo trenaren trazaduraren bikaintzea edo optimizatzea egokiro azter dadin egungo beharrei egokitutako tren bat lortzeko, horretarako, zabalera desberdineko trenak garraiatzeko hobekuntza, bikoizketa eta gaurkotzea eginez, bai bidaiariendako, bai garraioarendako". Eta, bestetik, "hori egin bitartean, AHTren proiektuaren tramitazioa bertan behera geldi dadila".

Uharte Arakilgo geltokiko adierazpenean hautetsiek esan zuten "gizartearen beharrari erantzuten dionaren eta ingurumenarekin errespetuz jokatzen duen tren sozialaren alde" agertu ziren, "garraioari irtenbidea ematen diona". Egungo trenbidea Europako estandarretara "egokitzea" eta 2 bidaiarien eta merkantzien garraioari kalitate goreneko irtenbideak ematea" posible ikusten dute.

Mahai gainean dagoen AHT ibilbideak "izugarrizko ondorio kaltegarriak izanen lituzke arlo sozialean, ekonomikoan eta baita ekologikoan ere". Eta salatu zuten Sakanaren patua lehendik ere "aski zigortua dagoen azpiegituren korridore" izatera "zigortuta" zegoela.

Egitasmoak Sakanako ekonomiaren arlo desberdinetan lukeen eragin kaltegarriak, eta ingurumenekoak, zerrendatu zituzten eta ziurtatu zuten "gezur hutsa" dela "abiadura handiak interesa soziala duenik, eta ekonomia-garapenaren motorra denik. Badira fidagarritasun osoa duten datu ekonomikoak, eta Espainiako Estatuan eraikitzen ari den AHT eredua erabateko porrota dela erakusten dutenak".

Ibarreko 15 udaletatik 13k AHTren kontrako mozioa onartu dute. Salbuespena Altsasu da. Eta Ergoienari mozioa bidali ez badiote ere, kontrako jarrera adierazi du eta, horregatik, alkatea eta zinegotzi bat asteartean Uharteko prentsaurrekoan izan ziren.

Plataforma
Sakana Trenaren Aldeko ordezkariek "Tren Publikoa eta Sozialaren (TPS) aldeko apustua" berretsi zuten. Eurendako "garraiobide iraunkor, herritar eta demokratiko bakarra" dela esan zuten. Horren ondoan, "AHT proiektu ez-sozial, ez-ekologiko eta baliabide ekonomiko eta energetikoen xahutzailea" dela gaineratu zuten, eta, "horregatik desegokia da Sakana eta Nafarroako gainontzeko lurraldeendako".  Udalek onartutako mozioei aurkeztutako 2.852 alegazioak eta bestelakoengatik sakandarrak "AHTren kontra eta bestelako garraio eredu baten alde" dagoela ziurtatu zuten.

Trena "garraiobiderik jasangarriena" dela baieztatu zuten. "Hala ere, Espainiako Estatuak hiltzen utzi du, mantentze lanik eta garapen egokirako planik gabe, probintzia guztietako AHTren zabalkundean egiten ari den inbertsio handiak hurrupaturik". Horren guztiaren ondorioa zein den ere azaldu zuten: "lurraldea kohesionatzeko gaitasuna duen tren bakarra galtzen ari gara". Eta horrek Sakanan duen isla agerian utzi zuten: "azken urteotan, Sakanan Lakuntzako eta Bakaikuko geltokiak kendu dira, eta aurretik itxi zituzten Hiriberriko, Olatzagutiko eta Ziordiko geltokiak". Beraz, itxiera horiek "ezinezko bihurtzen dute Sakanan etorkizuneko garraiobidea trena izatea". Eta gaineratu zuten AHT egitasmoa eginen balitz ibarreko beste tren zerbitzu eskaintza pobretuko litzatekeela: "gaur egun ibilbide luzerako dugun zerbitzu bakarretakoa galduko genuke: Altsasun gelditzen diren Alvia trenak". Gaztigatu zutenez, "Altsasun gelditzen segitzen dute herritarren kexei esker".

Plataformatik kexu agertu ziren: " badirudi gobernuek erabaki dutela Sakana korridore hutsa izan dadila, zeinetatik pasatuko diren proiektu ez-iraunkor, kutsagarri eta xahutzaile guztiak". Hurrengoak AHT eta Muru Artederreta eta Itsaso arteko goi-tentsioko linea liratekeela gaineratu zuten.

Sakana Trenaren Alde plataformak biharko oinezko martxa aurkeztearekin eta hartan parte hartzeko deia egitearekin batera prestatu dituen hurrengo ekimenen berri emateko ere baliatu zuen.



Aurreikusitako ekimenak
Maiatzak 12
• 09:00-13:15 Lakuntza eta Altsasu arteko martxa.

Maiatzak 26
• Tren sozialaren aldeko ekintzak geltokietan eta geltoki izandakoetan.

Garila akabera
• Bizikleta martxan Nafarroako AHT ibilbidea.



Biharko ibilbidea
Ibilbidea oinez eginen da.
• 09:00 Lakuntza.
• 09:30 Arbizu.
• 10:15 Etxarri Aranatz.
• 11:30 Bakaiku. Gosaria, nork berea.
• 12:00 Iturmendi.
• 12:30 Urdiain.
• 13:15 Altsasun ekitaldia eta pintxoak, Foru plazan.