Hizketan

“Guk eskatzen duguna da argi gelditzeko pentsiorako eskubidea ukitu ezin den eskubidea dela”

Guaixe 2018ko mai. 26a, 09:25

Luis Igeltz. Sasoia, Nafarroako pentsiodunen eta jubilatuen elkartea.

Bere bizi laborala despedituta, pertsona batek pentsio baterako eskubidea du. Hori da teoria, ezta?
Bai, hala da aspaldi. Errealitatea ere hori izan behar du. Pertsona batek bere lana uzten duen garaian bizitzeko modu egokia eta duina izateko eskubidea dauka. Hori denok nahi dugun gauza da.

Lan egiten den bitartean soldataren zati bat horretara bideratzen da. Estatuak pentsio moduan bueltatzen duena.
Bai, hilero ematen den dirua da. Lanean zauden bitartean ez da gustura ematen, kosta egiten zaizu; batez ere, enpresaren egoeraren arabera. Baina, hala ere, onena hori da: behar dena jarri, pentsatuz jubilatutakoan gozatzeko aukera izanen duzula.

Jubilatuta dagoen makina bat jende haserre dago.
Beraien ametsak ez dira bete. Jendeak esaten du aurretik badela jendea behar bezala ordaindu ez duena, eta hau, eta hori eta bestea. Guk pentsatzen badugu pentsio duina ordaindutakoaren arabera bakarrik izan behar duela… Hori esan dezakete. Baina kontutan izan behar da langile batek ez duela bakarrik ordaintzen. Langile batek produzitu egiten du. Langile batek bere bizitzan asko produzitu du. Ordaindu duena baino askoz ere gehiago produzitu du. Produzitu duen horren dirua beste esku batzuetara joan da. Orduan, zalantzarik ez dago, modu batera edo bestera, denok pentsio duin bat kobratzeko eskubidea dugula.

Pentsio duina. Baina ez da horrela.
Ez. Badakigu zein errealitate dagoen. Zenbat jende dagoen 400 eta 700 euro artean kobratzen duena. Denok dakigu gaur egun diru horrekin ez dagoela ezer egiterik. Dendako jatekoez aparte, beste hainbat gastu dituzu: pisukoak, argindarra, gasa… Ez da iristen. Horren ondorioa da milaka jubilatuk ezin dutenak neguan ez berogailua ez argia behar den ordutan piztuta izan. Hori estutasunean eta miserian bizitzea da.

Halako asko emakumezkoak.
Gehiago. Haiekin kristoren injustizia dago. Badakigu lanean dagoen emakumeak gutxiago kobratzen duela. Eta jubilatzean gutxiago. Emakumezkoa izan eta alargun gelditzen bada, orduan gutxiago. Beraz, emakumezkoen bizimodua eta etorkizuna negargarria da.

Gizonezko bikotea hiltzen bada, haren pentsioaren % 52 jasotzen du.
Bai. Eta hori sekula ulertu ez dudan gauza bat da. Eskubide osoa dauka bere senarrak bizi zela ordaindu eta egin duen lanaren benefizioa berarendako jasotzeko. Zeren gizonezkoa lanean egon den bitartean etxean egin du lana. Emakumezko horrek bere bizi guztia hor lurperatu du. Ez dago eskubiderik bere senarra hiltzen den garaian hark kobratzen zuen pentsiotik % 52 uztea. Hori injustizia izugarria da.

Krisia etorri zen. Gobernuen poltsetan diru gutxi zegoela eta dena izoztu zen. Pentsioak ere.
Kontu horrekin pentsioak izoztu zituzten. Baina hori kontu hutsa da. Gauza asko daude. Alde batetik, badakigu gizarte ongizatea hautsi nahi dutela. Orduan aitzakia guztiak bilatzen dituzte behar dena ordaindu behar den garaian ez ordaintzeko. Pentsioei dagokionez, hemen badago beste puntu garrantzitsua: gobernuak bankuen eta aseguru etxeen esku utzi nahi du pentsiodunen etorkizuna.

Pribatizazioa.
Horren bidez konpromiso bat gainetik kentzeko modua da. Hori ez da berez gobernuek nahi dutena. Baizik eta gobernuei eskatzen dietena. Gaur egun badakigu gobernuek egin behar izaten dutela kapitalak esaten diona. Aspaldi ari dira jendea bide horretatik bideratu nahian.

2011ko eta 2013ko erreformek norabide hori lukete?
Bai, bidea egiten. Horiek eman nahi duten itxura da dirurik ez dagoela. Jakina ez dagoela, diru-iturriak beraiek itxi nahi dituztelako. Eta ixten ari dira, beste batzuendako irekitzeko. Haien logikan dirurik ez, gurean bai.

% 0,25 omen zen igoera. Bat-batean dirua badago.
Orain beraiek pentsiodunen erantzunarekin pixka bat estututa sentitu dira eta aurkitu dute hor zirrikitu bat EAJk estatuko aurrekontuei babesa emateko. EAJrendako hori, momentu honetan abantaila izan da, puntu bat irabazi izan balu bezala. Ongi etorri zaie. Hemen ikusi da igo behar duten pixka hori igotzeko dirua badagoela. Nondik ateratzen dute? Gure beldurra da diru hori ere ateratzen dutela atera behar ez luketen lekutik, beste zerbitzu batzuei kenduta. Beldur hori dugu gaur egun. Dirua badagoela ikusi da.

Mahaian kolpea jotzeko garaia da. PPk eta EAJk aurrekontutarako onartutakoa soilik bi urtetarako da. Pentsiodunendako euro gutxi batzuk besterik ez dira. Arazo nagusiena da dagoen desberdintasun handia eta aberastasunaren banaketa okerra. Dirurik ez dagoela errepikatzen dute behin eta berriz. Dirua badago. Nora bideratzen dute?”

Bi urterako kontua. 23ra atzeratzen da jasangarritasun faktorea. Hori jende askok ez dakigu zer den eta isilean pasa da.
Estatuak esaten du ezin dela jubilatuen pentsioez kargu egin. Hori gezurra da. Estatuak pentsioak beste edozein gastu bezala aurrekontuetan sartzera behartu behar dugu. Militarrak, errege-etxea… Horiendako ez dute mugarik. Horretarako jasangarritasun faktorerik ez dute. Gurea ere, berdin-berdin. Gurea eskubidea da.

Jasangarritasun faktorearen helburua gobernuak ematen duen pentsioaren kopurua jaistea du helburu, ezta?
Bai. Estatuak bere pentsioak jaisten baditu, pentsio duinik ez dago bermatuta. Horren arabera eginen dute, beti behera botaz. Horregatik, guk eskatzen duguna da argi gelditzeko pentsiorako eskubidea ukitu ezin den eskubidea dela. Konstituzioan bertan badago. Guk konpromiso hori erabat hartuta egotea nahi dugu.

Beste konpromisoa bat eskatzen duzue: gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea.
Hori Europako gizarte-kartak esaten duena da. Guri, hasiera batean, duela hiruzpalau urte, beldur pixka bat ematen zigun hori gizarteratzea, soldata asko horren azpitik dagoelako. Baina gaur egun jendea hori normaltzat hartzen ari da. Hortik jo behar dugula zalantzarik ez dago.

Pentsioak Nafarroan kudeatzea eskatzen duzue.
Dagoen ustelkeriarekin, eta pentsioen diruarekin estatuan zer egin duten ikusita, guk garbi dugu komenigarria dela pentsioak hemen kudeatzea. Ikusi dugu, nahi izanez gero, hemengo gobernuak baduela aukera pentsiodun batzuk kobratzen dutenetik gora beraiek handitzeko eta gutxieneko soldatarekin parekatzeko.

Biharko manifestazio deialdia norendako da?
Jende guztiarendako. Gaur edo bihar denoi tokatu behar zaigun egoera da jubilatzearena. Gazteei, etxeko lanetan ari denari, kanpoko lanetan ari denari, langileari, jubilatuari, langabeei… denei egindako deia da.

Gogoratzen dut pentsioen % 0,25eko igoera etorriko zela aurreikusten zenez, jubilatuen mugimenduek beltz borrokatu zuten duela bost urte. Baina jendeak ez zuen bat egin orduan. Bost urteren ondoren, ordea, ez dakigu ez nola, baina saltsan sartuta gauden gu geu harritu gaituen aldarrikapen leherketa egon da.

Eta udan zer? Jendea desmobilizatu egiten da eta agintariek erreformak egiteko baliatzen dute. Agian borrokaren intentsitatea pixka jaitsiko da udan, baina, jendeak inondik inora ez du borroka hau utzi nahi. Hala sumatzen da Hego Euskal Herriko pentsiodunen plataforma eta mugimenduen asanbladaren bileretan.

Bada jendea ez dakiela eguna nola bete, kontzentrazioak ez dira haiendako erakargarriak, nahiz eta azken bi hilabeteetan asistentzia hobetu den. Jende askoren ekonomia egoera gogorra eta zaila da. Zergatik ez doaz mobilizazioetara? Lotsa ematen diolako, bilkuretara joateko ohiturarik ez dutelako, ezer ez dugula lortuko uste du… Lortzen ez den bataila, egiten ez dena. Eta gero jubilatu elkarteak daude. Ez dakit zergatik ez dute bat egiten aldarrikapen mugimendu honekin.