Hizketan

“Pixkanaka-pixkanaka jendea kontzientziatzen ari da”

Guaixe 2018ko mai. 25a, 14:31

Fernando Iriarte. Nafarroako Pentsionistak Martxan.

Pentsioak eskubidea dira?
Bai. Dudarik gabe. Hainbat urte kotizatu eta gure bizitzako azken etapan pentsio eskasa… oso gaizki gelditzen gara. Eta gainera daude kasu jakin batzuk, komentatu dute, seme-alabak langabezian eta astero gurasoen etxera joan behar dute bazkaltzera. Gaur egun 700 eurorekin bi edo hiru belaunaldi bizi behar izatea ez da normala. Gure ustez dirua badago, ongi banatu behar dugu. Justizia pixka bat. Eta pertsonen alde begiratzea.

Eta zergatik dira pentsioak eskubidea?
Badaude pertsona batzuk pentsatzen dutenak kotizatu ez dutenak, edo gutxi kotizatu dutenak, pentsio duina ez dutela merezi. Guk pentsio duina 1.080 euroan zehaztu dugu. Gutxieneko pentsiorako irizpideak zehaztu eta gero administrazioak begiratu behar du familia bakoitzaren egoera. Alargun gehienak emakumezkoak dira. Atzera, ere, prekarietateak emakume aurpegia du.

Pentsioak eskubide bat dira, baina ez da ongi betetzen ari, ez?
2011ko eta 2013ko lan erreformekin erosahalmena % 13 jaitsi zaigu, gutxi gorabehera, pentsioak KPIarekin eguneratu ez dituztelako. Bizi-kostuaren garapena ez da publikatzen den KPI hori. Ikusten da gaizki deitutako krisiaren zama sektore ahulenen bizkar dagoela. Jendeak gainezka egin duGizartean eztabaida sortu behar dugu. Gizarte arazoa da? Ba, lehenik, gizarteak eztabaidatu behar dugu. Gaia nola ikusten dugun, horretan sakondu behar dugu. Baina gobernua kalean presionatu behar dugu, Nafarroan, Madrilen, edo edozein lekutan.

Badirudi zuen borroka nahikoa onartua dagoela. Pentsio duinen alde jende gehiena dago.
Bai.

Zer da pentsio duin bat?
Momentu honetan guk finkatu dugu 1.080 eurotan. Europako gizarte kartak planteatutakoa da hori. Planteatu duten lanean ari den pertsonaren soldata 1.200 eurokoa dela eta horren % 90, gutxi gorabehera, 1.080 euro dira.

Halako gutxieneko pentsioetara iritsi daitekeela ikusten duzue? Gutxieneko pentsioei 700 eurora arteko osagarriak jartzen ari zaizkio Nafarroan.
Joan den urtean Nafarroako Gobernuak alargunen pentsioa Lanbidearteko Gutxieneko Soldatarekin parekatu zuen, 707 euro. Aurten 736 inguru dago. Ea nola segitzen duten. Baina guk 1.080 euroan finkatu nahi dugu gutxienekoa, bestela ez du balio. Eta etorkizuneko pentsioak… lan merkatuaren erreformekin aldapan behera goaz. Lehen mila euro kobratzen zena urruneko gauzatzat genuen. Orain hori kobratzera iristen den langilea pozik egon daiteke. Etorkizunean, jasangarritasun faktorearekin, akabua izanen da.

PPk eta EAJk lortutako akordioarekin ere ez zaudete konforme.
Keba. Sinatu zuten aurreakordioa. Hurrengoa egunean aldatu, zuzendu zuten. Petrolioa igotzen bada ez da posible pentsioak igotzea. Eta EAJk, bestalde, 155 artikuluaren ezarpena ez bada desagertzen ez dugu sinatuko. Eta erdian, pentsioak. Ez daukagu konfiantzarik. Kaleko mobilizazioek Madrilgo eta Iruñeko gobernuak mugiarazi dituztela. Horri eutsi behar diogu.

Jendeak manifestaziora joan beharko lukeela diozue.
Gaztetxeak, institutuak, emakumeak… kanpaina egin dugu. Aktiboa den jendea oso hotz zegoen. Eta jubilatuak ere, noski. Hemen asteleheneroko kontzentrazioetan 50-60 inguru egonen gara. Oso gutxi da. Irurtzunen eta Etxarri Aranatzen hamabost egunero egiten dute kontzentrazioa. Pixkanaka-pixkanaka jendea kontzientziatzen ari da. Hori inportanteena da. Ez da soilik gure arazoa. Hemendik aurrera ea nola gelditzen den jasangarritasun faktorea eta beste. Urte gehiago lan egin beharko dute.

Atzetik gatozen guztioi tokatzen zaigula.
Jakina. Ea larunbatekoak iraganaren eta etorkizunaren artean aldea markatzen duen.

Hala ere, larunbata eta gero pentsio duinen aldarrikapenarekin segitu beharko da, ezta?
Bai, hori da arazoa. Gainera, uda heldu da. Jendea pixka bat lasaituko da. Dei garrantzitsua da: gobernuak uda gordetzen du edozein gauza txar sartzeko, jendea erlaxatuta dagoelako. Guk pentsatzen dugu ez dela posible indarra galtzea. Edozein moduan, kalean egon behar dugu. Argi dugu pentsiodunak eta adineko pertsonak mobilizatzea zaila dela. Horregatik, mezua eta mobilizazioa pentsiodunak dauden tokietara eramaten ditugu. Pertsona batzuk ezin direlako batetik bestera joan