Kulturartekotasunaren balioak ikastetxetik plazara

Guaixe 2018ko eka. 1a, 10:41

Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak haur eta gurasoak sentsibilizatzeko kanpaina eginen du. Eta azken udetan bezala festetan ere presente izanen da.

Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzua 3 urteko ikasleekin sentsibilizazio kanpaina lantzen hasi zen pasa den urtean. Kanpaina hori ikasleei opari bat ematean datza. Baina, bide batez, gurasoek ere jasotzen dute eurena. Zurrumurruen jasari baloreak aterki leloa zuen aterkitxo bat jaso zuten opari joan den urtean. Zerbitzua zurrumurruak desaktibatzeko lanketa duela lauzpabost urte hasi zuen eta   lanketa horren zati izan zen joan den urteko ikastetxeetako sentsibilizazio kanpaina.

Eta aurten ere zurrumurruak dira protagonista. “Zergatik? Ikusten dugulako haren atzean estereotipoak eta aurreiritziak daudela”, azaldu du Bego Zestau Baraibar teknikariak. Ikasleek arbeltxo bat opari jasoko dute, zerbitzuak sustatzen dituen balioen berri ematen duen irudia eta Zurrumurrurik gabeko Sakana marrazten leloa duena. “Hau badakigu 3 urteko ikasleak ez duela jaso behar, berea marraztea da. Baina, bide batez, gurasoei lelo bera duen liburuxka bat banatuko zaie”. Liburuxkak zerbitzuaren aurkezpen laburra, denbora-pasa batzuk (Anitzarteanek lantzen dituen kontzeptu batzuk bilatzeko hizki zopa eta marrazki proposamen batzuk). “Helburua da hau jasotakoan txikiak eta handiak batzea eta etxean aniztasuna pixka bat lantzea”. Horregatik, zeuden aurkezpenean ikastetxeetako ordezkariak.  

Kooperazio-partxisa
Anitzartean zerbitzuak bere mezua zabaltzeko beste baliabide bat sortu du: kooperazio-partxis, ez lehiakorra. “Partxiseko kolore bakoitza da zerbitzuaren balio bat da. Kooperazio-partxis honetan ez dago hesirik, barrerarik marraztuta”. Sistema bera da baina arau batzuk aldatzen dira. “Jokoaren bidez baloreak lantzeko denez, jokalari baten fitxa beste batekin elkartzen denean, jan ordez, batu egiten dira eta biek gehitzen dute. Hala, batu denak 20 zenbaki gehituko ditu eta parera ailegatu zaionak 10. Talde lana eta estrategia da bilatzen dena. Kooperatiboa izatea, ez irabazten pentsatzen egotea baizik eta ongi pasatzen besteei laguntzen”, azaldu du Lander Kaspistegik zerbitzuan praktikak egiten ari den unibertsitate ikaslea. Jolasaren akaberan barrura iristean beste mezu bat opatuko du jokalariak erdian: baloreen batura, zurrumurruen haustura.

Irurtzungo Munduko Arrozak ekimenean mustu zuten kooperazio-partxisa eta Olatzagutian igandean izan zen bizikleta martxa bereziaren ondoren ere jolasteko aukera izan zen. “Umeak gerturatzen dira eta betikora jokatzen dute. Baina haiekin batera helduak etortzen dira eta begitik ere sartzen da pixka bat”.

4 balio
Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak zabaltzen dituenak: errespetua, berdintasuna, aniztasuna eta diskriminaziorik eza.