Herenegun egindako protestekin LAB sindikatuak lan harremanetan emandako zentralizazioa salatu nahi izan zuen. Sakanako arduradun Gaizka Uhartek esan zigunez, "estatuko lan hitzarmenek gero eta eragin handiagoa dute gure lan harremanetan. Bai arlo pribatuan bai publikoan". Azken horretan, "zorpetzeko mugarekin eta 135. artikuluaren ezarpenarekin ere estatalizazioa ematen da. Gaur egun, soldatak igotzeko edo enplegu publikoko lanpostu berrien deialdiak egiteko mugak ditugu. Erabaki ahalmen hori ere lapurtu digute". Gaineratu zuenez, "Euskal Herrian erabakitzeko gero eta ahalmen gutxiago dugu. Zailagoa da gure lan-harreman eredua eraikitzea".
Estatalizazioa "krisiaren ondorioa" dela gaztigatu zuen Uhartek. "Lan erreformek estatuko hitzarmenei gero eta indar gehiago eman diete eta negoziazio esparrua enpresetara eraman du". Horren ondorioa da "lurralde-hitzarmenek eragiteko zuten gaitasuna galtzen ari gara". Uhartek Nafarroako metalgintzako hitzarmenaren adibidea eman zuen: "indarrean jarri beharreko gutxienekoa da, baina ez ditu materia batzuk jasotzen. Horiek estatuan negoziatzeko erreserbatzen dituzte eta estatu-hitzarmena dagoenez, gero eta gutxiago negoziatzen dugu hemen". Lan erreformaren bidez enpresei akordioak ez betetzeko aukera eman zieten. "Hala, estatuko eta maila baxuagoko lan-hitzarmenak indarrean jartzen ari dira enpresak". Eta aitortu zuen "normalean hemen negoziatzen dena hobea" dela, "indar korrelazioa eta hemengo bizi baldintzak beste batzuk direlako".
Sakanan eragina
Aipatutako metalgintzakoaz aparte, ibarrean estatalizazioak kolektibitateen (jangelak) edo kimiken lan hitzarmenei eragiten diela azaldu zigun Uhartek. "Badira enpresa txikiak zeinetan jendea antolatua ez dagoen eta estatu-hitzarmenak ezartzen dietena".
Estatalizazioari buelta emateko patronalaren, sindikatuen eta gobernuaren arteko Nafarroako akordioa sinatzea proposatu du LABek, herrialdekoa izatea gutxienekoa eta inork hori ez uztea estatukoa ez hartzeko. UGT, CCOO eta patronalari egin zion proposamena LABek eta "ez zuten ongi ikusi. Sindikatu horiek nahiago dute estatuan negoziatzea, gaitasun handiagoa dutelako". LABek " akordio inter-profesionala lortu nahi du "eta, esparru bakoitzean, lan-harremanak hemen borrokatzea. “Guretako sektoreetako Nafarroako hitzarmenak lortzea garrantzitsua da. Eta lortuko ez balitz, enpresetan ahalegin bera egin beharko genuke". Administrazioan dagoen "egoera larria" dela gaztigatu zuen: "ezin dira plaza berrien deialdirik egin, soldata ezin da %1etik igo…"