Zurrumurruak “elkarbizitzarako kalte”

Guaixe 2018ko eka. 3a, 12:56

Kanpainaren aurkezpena.

Anitzartean zerbitzuak zurrumurruen kontrako estrategia abiatu du: “kezkatuta gaude zurrumurruek elkarbizitzan duten eragin ezkorrarekin”.

Sakanako Mankomunitateko zerbitzuak aurten 10 urte bete ditu eta hasieratik zurrumurruei, “estereotipo eta aurreiritzi horiek desmuntatzen lanean dago”, esan zuen Bego Zestau Baraibar teknikariak. Horren aurrean zerbitzuak Nafarroako beste hainbat gizarte eragilerekin, banakakoekin eta erakunderekin batera indarrak batu zituzten eta duela bi urte eta Zurrumurruen Kontrako Nafarroako Sarea, Zaska, sortu zuten. 30 bat talde daude. Zurrumurruak desegin nahi dituzte “elkarbizitzan baikorki eraginen duen diskurtsoa zabalduz”. Berriki sarea berriro ezagutzera eman da, eta egunerokoan betebeharrak izanen dituzte kideek.

Zaskakoak orain arte zurrumurruen kontrako agente izateko jendea trebatzen aritu dira. Sareko kideak ere trebatu dira, beste pertsonak eta taldeak prestatu ahal izateko. Sarean egoteak eta elkarlana izateak ekarri zuen zurrumurruen kontrako agenteak sortzeko kanpaina egitea Sakanan udazkenean. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza batek hori erraztu zuela azaldu zuen Zestauk. “Hainbat herritako jendearekin Sakanan bi eztabaida talde sortu ziren, bolo-bolo zebiltzan zurrumurruak detektatzeko”. Zestauk argitu zuenez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Gizarte Laneko saileko hiru profesional eztabaida talde horiek dinamizatzera etorri ziren. Eta handik ateratako zurrumurruen inguruko ondorioak atera zituzten.

Radarra
Horrekin batera, teknikariak jakinarazi zuen ikastaro bat ere egin zela. Eta zurrumurruak detektatzeko erreminta “erabilerraz bat” sortu zutela jakinarazi zuen. “Horren helburua da entzun dugun zurrumurrua NUPekoei bidaltzea. Haiek sei hilabetero ikerketa egiten dute, jakiteko zurrumurru berak mantentzen diren edo ez. Hori bueltan ekartzen digute eta horrekin guk horiei aurre egiteko estrategiaren bat lantzeko edo prestatzeko aukera dugu”.

Sakanan, Nafarroan eta estatuan hiru zurrumurru “bixi-bixi” zebiltzala ikusi zuten. Zestauk zein hiru zurrumurru diren argitu zuen: etorkinek diru-laguntza guztiak eramaten dituzte; etorkinek soldatak jaisten dituzte eta etorkinak lana kentzera datoz. “Zer pasatzen da zurrumurruekin? Zurrumurruak dira pertsona batek edo talde batek botatzen duen ideia bat, inongo errealitatean oinarrituta ez dagoena, baina egi bezala hartzen dena”. Teknikariak gaztigatu zuenez, “oso barruan sartutako sinismen bat da, aldatzen oso zaila dena. Baina horrek ez du esan nahi ekin behar ez diogunik. Helburuetako bat da. Elkarbizitza zaila delako eta Sakanan elkarbizitza ahalik eta baikorrena izatea nahi dugulako”. Ikastaroan, ikusita zein hiru zurrumurru zebiltzan, “izan genuen aukera haiei aurre egiteko argudioak izateko liburuxka bat egitea”.