56 ikasle BEUS proban

Guaixe 2018ko eka. 7a, 08:22

Ikasleak Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

Selektibitatea zenak gaur egun Batxilergoaren Ebaluazioa Unibertsitatean Sartzeko (BEUS) izena du. Herenegun hasi eta gaur arte Nafarroako 3.104 ikasle ariko dira proba horiek egiten, haietatik 56 sakandarrak dira: Altsasu institutuko 55 (49 D eredukoak eta 6 Akoak) eta Iruñeko Biurdana institutuan D ereduan ikasten duten beste sakanadar bat ere ariko da. Beste batek ezohiko deialdira aurkezteko asmoa du.

Notak
Probaren notak hilaren 13an izanen dira ikusgai, Nafarroako Unibertsitatearen web orrian eta horretarako berariaz diseinatu den mugikorreko aplikazioaren bidez, ikasleari emandako pasahitzarekin. Aurtengo berrikuntza azpimarragarriena da martxan jarri dela "emaitza txartel elektronikoa". Hori dela eta, betiko nota-papera desagertu egin da. Gainera, ikasleak, erreklamazioren bat egin nahi badu, bide telematikoa erabili beharko du. Horretarako epea hilaren 15eko 14:30 artekoa da. Berrazterketarik eskatu ez duten ikasleek hilaren 19tik aurrera jaisten ahalko dute beren emaitza txartela, eta eskatu dutenek, aldiz, 21etik aurrera.

BEUS probak bi fase ditu: nahitaezkoa eta borondatezkoa. Lehenengo fasean, ikasleek Batxilergoko modalitate guztietako hiru irakasgai komunetako (Gaztelania eta Literatura, Espainiako Historia eta Atzerriko Hizkuntza) azterketak eginen dituzte. Nafarroan, A eta D hizkuntza ereduetakoek beste azterketa bat egin beharko dute: Euskara eta Literaturakoa. Horretaz aparte, beste proba bat eginen da: Batxilergoko beren modalitatean egin duten enborreko irakasgaiari dagokiona. Zientzietakoa, Matematika II izango da; Giza eta Gizarte Zientzietakoa, Latina II edo Gizarte Zientzietan aplikatutako Matematika II; eta Arteetakoa, Artearen Hastapenak II.

Azterketa horietan lortutako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa kalkulatuko da, eta ikasle batek BEUS proba gaindituko du, baldin eta batez besteko nota hori % 40an eta bere Batxilergoko espedienteko batez besteko nota % 60 haztatuta lortzen den nota 5 puntukoa (10etik) edo handiagoa bada. Haztatzeko, nahitaezko faseko azterketetako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoak 4 puntu (10etik) edo handiagoa izan behar du. Ikasleak proba gainditzen badu, bere notaren iraupena mugagabea izango da.
Deialdi honetan, ikasle gehienek, 2.757k, zehatz esanda, fase orokorrean eta espezifikoan eman dute izena; 191 ikaslek fase orokorra bakarrik egingo dute, eta beste 170 ikasleek fase espezifikoa bakarrik.

Egutegia
Probak henegun hasi ziren, 09:30ean, Gaztelania eta Literatura II irakasgaiaren azterketarekin, eta 12:00etan segitu zuten, Espainiaren Historiarekin. Saioak arratsaldean izan zuen segida, orduan egin ziren hizkuntza azterketak. Aurtengo borondatezko fasean, ikasleek matrikula egin zezaketen atzerriko hizkuntza batean (nahitaezko fasekoa ez den beste batean). Horretarako, 16:00etatik aurrera ingeleseko azterketa egin zen, eta gero, 18:30ean, Frantsesekoa eta Alemanekoa.

Atzo probak 08:30ean hasi ziren, Euskal Hizkuntza eta Literatura II irakasgaiaren azterketarekin (A eta D ereduak). 11:00etan, Matematika II, Latina II eta Artearen Oinarriak II irakasgaien probak egin ziren. 15:00etan, berriz, Gizarte Zientzietan aplikatutako Matematika II eta Biologiaren azterketak izan ziren eta 17:30ean Marrazketa Teknikoa II, Geografia eta Arte Eszenikoak irakasgaien azterketak egin zituzten.

Despeditzeko, gaur, 08:30ean, Filosofiaren Historiaren azterketa eginen da, eta 11:00etan Fisika, Greziera II eta Ikus-entzunezkoen Kultura II irakasgaien azterketen txanda izanen da. Bukatzeko, 15:00etan, Kimika eta Artearen Historia azterketak izanen dira eta, 17:30etik aurrera, Geologia, Enpresaren Ekonomia eta Diseinua.