Alkateek Iruñeko manifestaziora joateko deia egin dute

Guaixe 2018ko eka. 15a, 12:10
Sakanako alkateak, Arakilgoa salbu, deialdia egin zuten atzo.

Epaia jakin ondoren Nafarroako Parlamentuak egindako adierazpena bere egin dute Sakanako alkateek.

Nafarroako Parlamentuak hilaren 4an Altsasuko auziaren epaiaren inguruko erakunde adierazpena onartu zuen. Parlamentariak bezala, alkateak ere ez dira Espainiako Auzitegi Nazionalaren iritzi berekoak. 2016ko lastailaren 15ekoak "gertakari triste eta deitoragarriak" dira, "inoiz gertatu behar ez zutenak". Hori argituta, "ezarritako zigorren izaera neurrigabea"  adierazi dute alkateek. "Neurrigabetasun hori epai-prozesu osoan present egon da, gertakariei terrorismo delitu kalifikazioa ematean eta auzitegiak egindako ikerketa, epaiketa eta epaiaren ondoren". Eta "irmoki" arbuiatu dute epaia. Gaineratu dutenez, "behin-behineko espetxeratzeak egiteko lege arrazoirik ez dagoela uste dugu". Horregatik, epai-prozesu guztia agortu arte auzipetutako pertsonak aske egotea eskatu dute.

Alkateek jakinarazi dutenez, "orain arteko jarrerari eusten diogu". Hau da, "gertakariak Nafarroako Lurralde auzitegiak ikertu, epaitu eta, hala bazegokion, zigortu behar zituen, eta ez Espainiako Auzitegi Nazionala". Gorenak "ustezko terrorismo delitua ikusi zuelako epaia Iruñean beharrean Madrilen epaitu zela gogorarazi dute eta, azkenik, epaian terrorismo deliturik ez dela izan nabarmendu dute.

Horrekin batera, alkateek uste dute 76 urteko "guztiz neurrigabeko" zigorra ekarri duen epaia  "politika- eta hedabide-presioen eraginez" izan dela. "Presio horrek gertakariak izaera terroristako ustezko delitutzat jotzea eta neurriz gaineko gehiegizko egoera batera iristea eragin du; zigor maila hori ez da normalean ezartzen antzeko egoeratan Estatuko beste toki batzuetan".

Sakanako alkateak ibarreko eta Nafarroako herri guztietan "bake eta elkarbizitzaren alde lan egiteko prestutasun sendoa" adierazi dute eta "altsasuar guztiak bide horretan lanean segitzeko" animatu dituzte. Eta altsasuarrei aitortu diete "2016ko lastailetik orain arte izaten ari diren jarrera zibikoa kasuaren trataera mediatikoaren aitzinean".

Horregatik guztiagatik eta "Justizia egon dadin dugun borondatean oinarriturik, herritar guztiei dei egiten diegu Altsasu Gurasoak kolektiboak deituriko manifestazioan parte hartzera.