10 urteko etenaren ondoren bueltan da Aralar Elkartearen eguna. Araitz eta Sakanako ehun bat pertsona elkartu ziren igandean Guardetxea zen eraikinaren ondoan. Han jarritako karpan elkarteko presidente eta Lakuntzako alkate den Patxi Xabier Razkinek elkarteak esku artean dituen egitasmoen berri eman zuen. Horien artean dago guardetxe berria egitearena. Razkinek aurreratu zuenez, Aralarko basozainaren bulego-eraikina (60 m2) udazkenean jasotzen hasiko dira. Nafarroako Gobernuak 90.000 euroko aurrekontua du horretarako.
Presidenteak gogorarazi zuen bulegoaren ondoan erabilera anitzeko eraikin handiago bat jaso nahi dutela. Foru administrazioak harrera ona egin dio egitasmoari, baina guztia lotzeko dago oraindik. Horretaz aparte Razkinek bildutakoei mendi gazta sortzeko planaren, larreak berreskuratzeko egindako lanaren eta mendiaren erabilera publikoko planaren inguruko argibideak eman zizkien. Aurkezpenaren ondoren aizkolariak aritu ziren: Jaime, Manuel eta Iker Gorriti, Eloy Corchero, Goizeder Beltza, Juanito eta Juanjo Erdozia, Txomin Amundarain eta Eneko eta Ruben Saralegi. Haien arteko apustuaren ondoren bazkaria eta Elustondok girotutako dantzaldi animatua izan zen.
Urteetan festan parte hartu izan duen Irañetako alkate Juan Anjel Beraza Gastesik esan zigunez, “pozik gaude berreskuratu delako. Giro ederra izan zen. Gustura egon ginen. Jende nagusia joan ginen, gazteek haria galdu dute eta joatea kostako da. Hala ere, hurrengo urtean erakargarriagoa egiteko ideiak atera ziren”. Nabarmendu digu ere heldu den urterako basozainarendako eraikina egina egonen dela eta horrela “lanean serio” ari direla ikusiko dela nabarmenduko da. Guardetxeko egitasmoa gauzatzeko gobernuarekin sintonia ona dagoela gaineratu zuen.
Argazkiak: Juan Angel Beraza Gastesi eta @ArbizuKulturaz