Agorrilean ospatu bada ere, Aralar Elkartearen azken urteetako ospakizunak San Juan aurreko igandean izaten ziren. Hala izan zen azkena, 2007an ospatu zena. Elkarteko presidente eta Lakuntzako alkate Patxi Xabier Razkinek esan digunez, “Aralar Elkarteari indarra emateko erabaki dugu festa berreskuratzea. Beste formatu batean”.
Hasteko ospakizuna ez da Kapatarren izanen, guardetxea bertan zegoen tokian baizik. Han karpa handi bat jarriko dute. Eta ospakizuna hasi aurretik Aralar Elkarteko arduradunek esku artean dituzten lau proiekturen berri emanen dute: mendi gazta sortzearena, larreak berreskuratzeko egindako lana, guardetxe berria eraikitzeko dagoen asmoa eta izan diren aldaketak eta mendiaren erabilera publikoko plana.
Elkarteaz
Araitz eta Sakana ibarretako 19 herrik osatzen duten toki-entitate tradizional bat da Aralarko Elkartea. Izen bereko mendia kudeatzen du Nafarroako erregeek Erdi Aroan emandako pribilegio bati esker. Haren esku daude Aralar mendiko bi mila hektarearen kudeaketa, pagadia eta larreak erdibana. Bestalde, Europar Batasuneko garrantzizko lekua izanik, kontserbazio bereziko eremua da eta Natura 2000 sarearen barruan dago. Hortaz, Nafarroako Gobernuaren eta Europaren legediaren arabera kudeatu behar dute mendia.
19 herriek antzinatik mendiko ondasun guztiak aprobetxatzen dituzte, baina ondasunen gozamenen eskubideen kontura izandako epaitegietako tirabirak ekiditeko, elkartea mendiaren titularra izatea eskatu du, Bardearen modura. Izan ere, herrialdeko beste mendi batzuekin gertatu zen moduan, Espainiak Aralarren jabetzaren titulartasuna Nafarroako Gobernuari 1987an eman zion. Aralarko Elkarteak mendiaren gaineko titulartasuna eskatu du Nafarroako Parlamentua eta hura lortzeko kontaktuak izaten ari da.
19 herrik osatutako elkartea
Araitz aldeko: Arribe, Atallu, Azkarate, Betelu, Errazkin, Gaintza, Intza eta Uztegi. Eta Sakanako: Hiriberri, Ihabar, Irañeta, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Unanu, Dorrao, Lizarraga, Lizarragabengoa eta Etxarri Aranatz. Elkartearen presidentea Lakuntzako alkatea da beti eta, egoitza, Lakuntzako udaletxea. Elkarteak San Juan egunaren aurreko asteburuan ospatzen zuen bere eguna, Albiko zelai ondoan, Kapatar iturri ondoan. 10-15 bat urte dira ez dela ospatzen.
Egitaraua
12:00etan Guardetxe proiektuaren aurkezpena, tokian bertan.
13:00etan Araizko eta Sakanako aizkolariak.
14:30ean Herri bazkaria.
17:00etan Elustondorekin dantzaldia.