I+G+B proiektu baterako diru-laguntza eman du gobernuak

Guaixe 2018ko eka. 29a, 08:26

Energia termikoa biltegiratzeko Trombe proiektu estrategikoa eginen dute, tartean ibarreko 4 enpresek

Sakanako Plan Estrategikoan energiarena zen landu beharreko arloetako bat. Sakanako Garapen Agentziak (SGA) eskualde espezializazio estrategiaren barruan lantzeko aukerak ikusi zituen. SGAk berak sustatu eta koordinatuta teknologia zentro batek eta 5 enpresa txiki eta ertainek proiektua aurkeztu zuten Nafarroako Gobernuaren  adimendun espezializaziorako energia biltegiratzeko diru-laguntza deialdira.

Trombe proiektu estrategikorako 585.000 euro ematea erabaki du gobernuak. SGAko Aintzane Iriberri Berrostegietak azaldu digunez, "Trombe hormak aspaldi asmatuta daude. Gurea energia termikoa modu dinamikoan biltegiratzeko proiektua da". Sakanan garatuko denak berezitasunak izanen ditu: fatxadetarako izanen da, modularra eta arina. Eta eraikuntzako hiru arazori konponbidea emanen dio. Batetik, egiturazko elementua  izanen da, ohiko hormak ordezkatuko dituena. Bestetik, leihoen gardentasuna izan behar du. Eta, azkenik, fluido bero-eroale baten bidez energia biltegiratzeko gaitasuna izan behar du. Energia-biltegiratzea adimendun sentsoreen bidez kontrolatuko da, beharrezkoa denean jasotako beroa erabili ahal izateko.

Elkarlana
Trombe proiektu estrategikoa garatzeko lan taldean Energia Berriztagarrien Nazio Zentroko (Cener) Eraikin-Energia departamentua dago. Han Trombe hormaren diseinu eta ezaugarri teorikoak garatuko dituzte, energia-ikuspegitik. Enpresa parte-hartzaileei irakatsiko die. GPAC Ikerketa Taldearen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen Arkitektura Departamentuaren laguntza izanen du.

Baina proiektua koordinatuko duena Carpinteria Garciandia enpresa izanen da. 50 urte baino gehiagoko eskarmentua du leihoak egiten. Berak garatu eta eraikiko du Trombe horma. Soltek kooperatibak, berriz, hodien  soldatzean eta tolestean aditua da. Han bero trukerako sistema garatu eta eginen dute. Aldakinen elektrizitatea, elektronika, robotika eta automatizazioa lantzen dituzte. Berea izanen dira pilatutako energiaren erabilera optimizatzeko bero truke sentsoreak, automatizazioa eta adimendun kontrola. Arquitectura Javier Flores modulu eta industrializatutako eraikuntzan espezializatuta dago. Horren inguruko irakaspena eman eta  Sakanan lehen Trombe horma jartzeko kokapen egokiena bilatzeaz arduratuko da.

Azkenik, Lizarrako Contec ingeniaritzako eta arkitekturako teknologia aurreratuetan espezialistak dira. Haiek eginen dituzte maketa elektroniko adimendunak, zeinetan teknika, ekonomia, ekoizpen, kudeaketa eta antolakuntza arloetako simulazioak eginen diren.

"Elkarlanean aritu Sakanako enpresa txikiek Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza proiektuak garatzeko gai direla erakutsi dute bigarren urtez jarraian". Iriberrik gogoratu baitu joan den urtean energia biltegiratzea helburua zuen e-Hiera proiektu estrategikoak 1,2 milioi euroko diru-laguntza jaso zuela. Lizarragako mikro-sarean oinarrituta, proiektu horrek instalakuntza horiek hobetuko dituen bi produktu garatzen gauzatuko da.

Erlazionatuak