1. Iruñeko autobus Geltoki zaharrak oroitzapen asko dakartza, ezta?
Bai, oroitzapen asko etortzen zaizkizu burura, nafar gehienoi bezala. Urte batzuk ditugun guztiok pasatu gara Geltoki honetatik momenturen batean eta denok ditugu oroitzapenak.
2. Zer da orain berriki zabaldu duzuen Geltoki gunea?
Labur esanda, Geltoki da ekonomia solidarioa, elikadura burujabetza eta kultura alternatiboarendako bozgorailu izango den kultur gunea.
3.Nola egituratuta zaudete?
Eraikina Iruñeko Udalarena da. Udalak enkantean atera zuen eta Geltoki Iruña elkarteak lortu zuen lizitazioa. 5 bazkide daude: REAS Nafarroa, Traperos de Emaus, EHNE sindikatua, CEPAEN eta Alimentos Artesanos de Navarra, eta ekonomia solidarioekin zerikusia duten Nafarroako eragile pila bat daude babesle. Gu, espazioa kudeatzen dugun langileak, kooperatibistak gara. Geltoki zaharreko leihatilen eremua eta taberna kudeatzen ditugu. Elkarteak filosofia bidea markatzen du eta langileok bide hori jarraitu behar dugu.
4. Zer topatu daiteke Geltokin?
Hiruzpalau aste daratzamagu zabalik. Hiru gune ditugu: taberna, denda pare bat –bigarren eskuko denda eta artisau denda– eta kultur jarduerak ardatz nagusi diren espazioa. Tabernak eta dendek sustengatzen dituzte proiektua eta soldatak, eta etekinekin kultur jarduerak egingo ditugu.
Tabernan erabiltzen ditugun produktuak eta dendetan ditugunak denak dira bertako produktuak, sasoikoak, ekologikoak eta bidezko merkataritzakoak. Azken finean gure filosofia da elikadura kate guztia zaintzea; jendearengan kultura sortu nahi dugu: jaten ari garena kalitatezkoa izatea eta izena eta abizena izatea, hau da, bertako ekoizleena izatea. Produktua ezagutzea, finean. Eta kultur jardueren espazioan, atzetik ditugun elkarte horiekin guztiekin programazioa ia bakarrik etortzen ari zaigu. Talde eta jende asko datorkigu, erakusketa eta tailerrak egin ahal dituzten galdezka. Horrek guri lana errazten digu eta guztia ongi koordinatzea da gure lana.
5. Bezeroek badakite zein den tabernaren filosofia ?
Jende gehienak badaki nora datorren. Kontzientzia badago, uste baino gehiago. Jendeak gogoa zuen Geltoki irekirik ikusteko. Bazkari pila ematen ari gara; izan ere, nabaritu egiten da. Ez da gauza bera produktu on batekin sukaldatzea edo horren ona ez denarekin. Eta harrera ona izan du.
6.Kultura alternatiboen eremuan zein erakusketa izan dituzue?
Sanferminetarako erakusketak desmuntatu ditugu, baina aurreko hiru asteetan irailetik aurrera Geltoki izango denaren zertzelada batzuk izan ditugu. Elikadura burujabetzaren, ekonomia solidarioaren eta kultura alternatiboen erakusketak izan ditugu. Artisten topaketa bat antolatu genuen, Geltokik zer eman ahal dien artistei... asko dago egiteko, baina oso kontentu atera ginen.
7. Sanferminetan zer eskainiko du Geltokik?
Gune zentralean, pasillo luze honetan, mahaiak eta aulkiak jarriko ditugu eta egunero 150-200 pertsonarendako bazkariak emango ditugu, eta gaur, uztailaren 6an, gosariak ere bai. Festaren erdi-erdian gaude eta toki aproposa da geldialditxo bat egiteko. Gosarirako deialdia egin genuenean gosarien bigarren txanda, 150 pertsonakoa, lehenengo egunean bete zitzaigun. Jendeak ezagutzen du Geltoki, badaki nola eta zein produkturekin lan egiten dugun, bertakoa eta ekologikoa, eta estimatzen du. Eta arratsalderako ogitartekoak prestatuko ditugu; su artifizialak bikain ikusten dira Geltokitik.
8. Zer diote ekoizleek? Leihatila bat izatea garrantzitsua da beraiendako, ez?
Geltoki sortu duten 5 taldeetatik 3 elikadurarekin lotuta daude. Geltokin bere tokia izateko apustu handia egin dute eta oso kontentu daude proiektuarekin.
9. Argazkilaritza eta errealizazioa ikasi duzu. Nola iritsi zara Geltokira, Katrin?
Bizitzaren bueltak. Duela 3 urte Bilbora joan nintzen bizitzera, ikus-entzunezkoetan lan egiteko. Tarteka ibili naiz bideoklip batzuk egiten eta baita Kafe Antzokian zerbitzari ere. Geltokiko eskaintza iritsi zitzaidan, curriculuma bidali nuen baina elkarrizketatu nahi nindutela-eta deitu zidatenean harritu nintzen. Baina zinema munduan ni produkzioan ibili naiz gehienbat eta Geltokiko nire lana, koordinazioa, finean, produkzio modu bat da. Bestalde, taberna izandakoa naiz, bizi guztia tabernan. Eta kultur jardueren programazioan ere ibilia naiz, Arbizuko kultur zinegotzia izan bainaiz. Denda zen kontrolatzen ez nuen bakarra, baina hemen amaitu dut.
10. Gonbida gaitzazu Geltokira…
Oroitzapen asko ekartzen dizkigu guztioi Geltokik, berdin-berdina mantendu delako. Horregatik bakarrik merezi du. Bestalde, kapitalismoari alternatibak badirela ikusteko, Geltoki alternatiba horiendako tokia izango baita. Hemen energia berriztagarrien inguruko informazioa topatu ahal izango da edo komunikazioak, banka etikoa... Mugimendu asko dago, akaso ezagutzen ez ditugunak, baina egon badaudenak eta horiei buruzko informazio guztia jaso ahal izango da Geltokin. Kontsumo arduratsua, bertakoa... eta kultur jarduera pila egingo ditugu: hitzaldiak, dantza, tailerrak, haurrendako ludoteka, bertsoak, musika tailerrak... Hasi gara gauza batzuekin eta irailetik aurrera gehiago izango ditugu, bi norabideetan: euren ekimenaren berri eman nahi duten taldeendako ateak zabalik ditugu eta baita mugimendu alternatiboei buruzko informazioa jaso nahi dutenendako. Ekonomia solidarioa, elikadura burujabetza edo kultura alternatiboak lantzen dituztenek ateak zabalik dituzte, ikusiko dugu ea Geltokik zer eskaini ahal dien edo eurek Geltokiri zer eskaini ahal dioten.
11. Gaur, uztailak 6, Sanferminak lehertuko dira Iruñean…
Etor zaitezte Geltokira, toki polita da, kalitatezko produktuak hartu ahal izango dituzue eta ongietorriak izango zarete. Gora San Fermin!