Aralar udan ezagutzeko eskaintza prest

Guaixe 2018ko uzt. 6a, 08:38

Bisitariak Aralarko turismo informazio bulegoan. Argazkia: Plazaola turismo partzuergoa.

Bisitariendako egitaraua prestatu dute elkarlanean Plazaola turismo partzuergoak, Aralar Elkarteak eta Sakanako Garapen Agentziak.

Aralar mendiaren natura- eta kultur-balioak ezagutarazteko eta eremu horren erabilera arduratsua eta adeitsua sustatzeko. Horretarako, udan bisita gidatuak eginen dira mendian eta Aralarko santutegian. Gainera, joan den urtean bezala santutegiaren eremuko sarreran turismo informazio gunea jarriko dute garila eta iraila artean. Arakil kide den Plazaola turismo partzuergoaren, Aralar Elkartearen eta Sakanako Garapen Agentziaren elkarlanaren fruitu da eskaintza hori. Aralarko natur-guneari balioa emateko eta erabilera publikoa bulkatzeko programa baten zati da. Programa horretan, besteak beste, jasoak daude familiendako oinezko ibilaldiak eta orientazio jarduerak, jardunaldiak, inkestak, bisitarien neurketak eta abar.

Lau bisita gidatu prestatu dituzte. Batetik, Aralarko trikuharriak ibilbidea. 4 km-tan hainbat paisaia eta antzinako artzaintzaren lekuko diren trikuharriak ezagutzeko aukera izanen da. Garilaren 27an eta agorrilaren 5ean eta 24an eginen dira bisita gidatu horiek. Goizez edo arratsaldez egin daitekeen 3 orduko ibilaldia da. Bestetik, Iribasko iturburua ezagutzeko aukera ematen duen 5 km-ko ibilbidea dago. Garilaren 20an eta agorrilaren 10an eta 19an izanen dira, goizez eta Iribasko aparkalekutik abiatuta. Gainera, Aralarko pagadiak, karts-ak eta behatokiak ibilbidea dago. 8 km-ko ibilbideak pagadiak, arkuek (harrizko txabola biribilduak) eta mendigune karetsuko formak ezagutzeko aukera emanen du, zelaien antzinako erabilerak eta kudeaketa ezagutzearekin batera. Garilaren 14an eta 28an, agorrilaren 11n eta irailaren 1ean eginen da bisita hori, goizez edo arratsaldez, 4 orduz. Azkenik, Aralarko milaka urteko paisaiak ibilbidea eskaintzen dute. Basoa eta bere biztanleak, karts formak, goiko larreak eta antzinatik bizirik mantentzen diren erabilerak ezagutarazteko ibilbidea da, 12-14 km-koa. Garilaren 22an, agorrilaren 4an, 17an eta 25ean eta irailaren 8an eginen dira, 10:00etatik 17:00etara.

Bisita guztiak dohainik dira, baina aldez aurretik izena eman behar da, pertsona kopurua mugatua baita. Erreserba egiteko Lakuntzako Mirua, Actividades de Naturaleza enpresara jo behar da: info@mirua.com e-postara idatziz edo 608 560 369 telefonora hots eginez. Iribaskoa ezik gainerako ibilbide guztiak Aralarko santutegiko informazio gunetik abiatuko dira.

Bisita gehiago
Udako Aralar mendiko eskaintzan beste hiru bisita gehiago izanen dira. Alde batetik, santutegia ezagutzeko aukera izanen da. Pertsonako euro bat ordaindu beharko da. Bestetik, Astizko Mendukilo kobak bisitatzeko aukera izanen da. Azkenik, larunbatero, 11:00etan, Aralarko santutegi inguruan eginen diren arkeologia-indusketa bertatik bertara ezagutzeko aukera emanen du Aritu Arkeologiak.

Joan den urteko harrera onak 3x1 edo Lurraren bihotzetik izarretara eskaintza errepikatzea ekarri du. Hori aukeratzen dutenek arratsaldez Mendukiloko koba bisitatuko dute lehenik, gero Aralarko santutegia eta, azkenik, astronomia behaketa eginen dute.

Turismo bulegoa
Bisitariendako informazio puntua bigarren urtez segidan Aralarko santutegiaren eremuaren sarreran izanen da. Asteartean zabaldu zituen ateak eta irailera arte izanen da zabalik. Astelehenetik larunbatera 11:00etatik 18:00etara egonen da zabalik, eta igande eta jai-egunetan 10:00etatik 14:00etara. Maite Perurenak eta Odei Murugarrenek bisitariei Plazaola eremuari eta Sakanari buruzko aholkuak eta informazioa emanen dizkiete bisitariei.

Aralar mendia
14.000 hektarea baino gehiago ditu. Ekologia-, arkeologia-, kultura- eta gizarte-balio handiko natur-eremua da. Kontserbazio Eremu Berezia izendapena du eta Natura 2000 Europako natura-gune babestuen sarean dago.

Erlazionatuak