Arbizuko udaletxean udal hautetsien kontra 2009an mehatxuzko pintaketak egiteagatik eta Falange y Tradicionen beste ekintza batzuengatik Jose Ignacio Irusta Sanchezi bi urteko espetxe zigorra jarri eta armak izateko eta erabiltzeko baimena kendu zioten. Aurrekaririk ez zuenez, ez zuten kartzelan sartu.
Irailean Guardia Civila jabetu zen Irustak Twitter (@Falange Vasconavarra, @tussuria eta @uriats) eta Facebook bidez legez kanpokoak izan zitezkeen publikazioak egiten ari zela. "Hainbat jarraitzaile zituen. Bere mezuek gorrotoa, indarkeria eta diskriminazioa sustatzen zuten". Edukiengatik Twitterrek profilak itxi zizkion. Guardia Civilak Irusta Baztanen atxilotu zuen garagarrilaren 21ean. Autoan eta etxean legez kanpoko armak atzeman zizkion: 3 errifle, pistola bat eta bestelako objektu arriskutsuak.
Irustaren Twitter kontu horietako batetik Altsasuko Zubi-ondo elkartea aipatu zen. Joan den urteko abenduaren 11n izan zen hori. Hilaren 20an Falangek sinatutako pintadak agertu ziren elkartearen fatxadan. Irailaren 2an Otsaportilloko eskulturan ere pintaketak agertu ziren. 2016ko azaroaren 7an, berriz, Koxka tabernan.