Sakanfermin

Guaixe 2018ko uzt. 6a, 09:44

Motxila 21eko dorrobarrak: Aintzane eta Ainhoa Lizarraga eta Andoni Zilbeti.

Iruñeko festetan sakandarrek presentzia handia izanen dute.

Iruñeko festak gaur hasiko dira eta hainbat arrazoirengatik aurten Sakanak aparteko tokia izanen du hiriburuko ospakizunetan. Hasiera-hasieratik gainera. Izan ere, udaletxetik botako den eta festei hasiera emanen dion etxajuak Motxila 21 taldeak botako du. Haren kide dira Aintzane Lizarraga Etxeberria (saxofoia), Andoni Zilbeti Elia (saxofoia eta gitarra-abeslaria) eta Ainhoa Lizarraga Etxeberria (akordeoia) dorrobarrak taldeko kideak dira.

Eguerdian beste txupinazo bat lehertuko da, Takonera parkean. Izan ere, Iñigo Aritza ikastolak Nafarroa Oinez antolatzen du eta han jarri du barraka. Eta festei hasiera emateko ikastolak Joseba Ezkurdia eta Jose Javier Zabaleta pilotariak gonbidatu ditu etxajua piztera. Oinez Txokoa gaurtik hilaren 14ra arte egunero 10:30etik 02:30era zabalik egonen da eta egitarau zabala prestatu du.

Herri Sanferminak kolektiboaren txupinazoa Errekoleta plazan izanen da gaur, 14:30ean. Eta Altsasuko herriak botatzea erabaki zuten. Altsasuko auziko epaiaren ondoren elkartasun keinu gisa hartu zuen erabakia kolektiboak. Altsasuko auzia sanfermin guztietan presente izanen da Iruñeko peña askotako pankartetan haren salaketa egiten baita.

Bestetik, aurten 40 urte beteko dira 1978ko garilaren 8an poliziak German Rodriguez hil zuela. San Fermines 78: Gogoan! eta Iruñeko Peñek elkarrekin ekitaldia prestatu dute. Igandean izanen da, 13:00etan, udaletxeko plazan. Duela lau hamarkadakoa hiri guztiaren kontrako oldarraldi bat izan zela nabarmendu nahi dute antolatzaileek. Ekitaldian gertakarien lekuko eta biktima izandakoek parte hartuko dute. Jarauta 69 txarangak, Kantuz abesbatzak, Fermin Balentziak eta Idoia Granizo bertsolari altsasuarrak parte hartuko dute ere.

Bestalde, bai Renfek bai Burundesak tren eta autobus zerbitzuak indartu dituzte. Aurreko urteetan bezala, gauerdian Iruñetik bueltatzeko autobusa izanen da, larunbatean izan ezik.

Erlazionatuak