Arakildarren senidetasun eguna Santiago Egunarekin ospatzen da. Baina aurten asteazkenean izatean udal arduradunek larunbatera aurreratzea erabaki dute, ahalik eta jende gehien elkartzeko asmoz. Ospakizunak duen egoitza bikoitzeko formatuaren 15. aldia da aurtengoa. Ohi bezala, Egiarretako Itsasperriko Santiago ermitaren inguruan elkartuko dira lehenik arakildarrak. Han meza, udalaren omenaldia, otamena eta dantza saioa izanen dira.
Itsasperritik ospakizuna Satrustegira lekualdatuko da. Arakildarrek Mikorena etxean lau erakusketa ikusteko aukera izanen dute. Alde batetik, herriko etxeetan zeuden Playmobil popin guztiak ikusgai izanen dira. Bestetik, satrustegiar trebe batek egindako jaiotza, zeinetan pertsonaiak motorren laguntzaz mugitu egiten diren. Horien aldamenean herriko hiruzpalau emakumek prestatutako belar eta sendabelarren erakusketa izanen da. Haiekin egindako xaboiak, kremak, usain-kengarria, ikuzgailurako-xaboiak eta beste ikusgai izanen dira. Birziklatutako arropen erakusketarekin osatzen da Mikorena etxeko eskaintza.
Autoak eta txondorra
Satrustegin bi ibilgailu zahar ikusteko aukera izanen da. Bata, 1933ko autoa izanen da. Bestea, berriz, 1926ko furgoneta. Azken hori Tasio filmean atera zen, ikatza eramaten zuen furgoneta zen. Pelikula hark ikazkin baten bizitza zuen ardatz. Eta, hain zuzen ere, Satrustegi hegoaldeko intxordira jotzen duenak txondorrarekin topo eginen du. Auzolanean larunbatean egin zuten. Jendea hara joaten denerako txondorra piztuta eta kea dariola egonen da. Haren mustutzea 14:00etarako dago iragarria. Ondorengo bazkarian 234 pertsona elkartuko dira. Eta ospakizuna iluntzeraino luzatuko da.
Egitaraua
Itsasperrin
11:00etan Egiarretatik jaitsiera Galtxorratx dantza taldearekin.
11:30ean Meza Itsasperrin, Arakilgo abesbatzarekin.
12:00etan Udalaren omenaldiak.
12:15ean Otamena eta Galtxorratx dantza taldearen saioa.
Satrustegi
13:30ean Ezkila errepika.
13:30ean Erakusketa Mikorena etxean.
14:00etan Trikitilariekin intxordegira eta txondorra mustutzea.
15:00etan Herri bazkaria, kamarEROAk antzezlanarekin.
17:30ean Mus, briska eta partxis txapelketak.
18:00etan Dantzaldia Los Andusekin.
18:00etan Puzgarriak.
20:00etan Sari banaketa.
20:30ean Zaporeak-en pintxo-potea.
Ospakizuna hartu duten herriak
2018 Satrustegi
2017 Hiriberri
2016 Ihabar
2015 Etxarren
2014 Urritzola
2013 Zuhatzu
2012 Aizkorbe
2011 Egiarreta
2010 Etxeberri
2009 Ekai
2008 Izurdiaga
2007 Errotz
2006 Satrustegi
2005 Ihabar
2004 Hiriberri