1.15 gazte euskaldunek hartuko duzue parte proiektuan, tartean zuek, bi nafar.
Lau nafar aurkeztu ginen eta guk biok lortu genuen proiektuan sartzea. Guri tokatu zitzaigun, zorte handia izan genuen eta oso pozik gaude. Paz de Ziganda ikastetxekoak gara. Felipe Uriarte etorri zen ikastolara proiektuaren berri ematera, galdetu zuen ea nork parte hartu nahi zuen eta guk izena eman genuen. Guk 15-16 urte ditugu, eta taldean 14 eta 18 urte bitarteko 15 gazte bildu gara.
2.Nor da Felipe Uriarte?
Euskaldunek Everestera egin zituzten lehenengo bi espedizioetako mendizaleetako bat. Lehenengoan ez zuten Everestera igotzea lortu eta bigarrenean bere taldekideek lortu zuten igotzea, baina berak ez. Horretaz gain, Mendiak eta Herriak mendi taldeko burua da, mendi gidariek sortutako elkarte bat. Eta bera da “Nepal-Euskal Herria Oxigenoa Euskarari 6000 metroan ere” proiektuaren burua.
3.Zein da proiektu honek bulkatzen duena?
Hainbat helburu ditu. Xede nagusia da euskararen inguruan saretze lana sortzea. Euskal Herri osoko mendigoizale gazteok, Nafarroatik, Arabatik, Bizkaitik, Gipuzkoatik, Zuberoatik, Iparralde osotik… gure artean harremanak egitea eta, bestetik, euskararen alde egitea; halako proiektu bat euskaraz egin daitekeela erakustea. Euskal Herri osoa batzea eta euskara sustatzea.
Oxigenoa Euskarari hasieran proiektu xalo bat zen, Laudion sortua eta mendia eta euskara lotzen zituena. Euskal Herriko mendiak, Pirinioak... hor egiten zituzten egonaldiak. Baina Felipek proiektua handitu nahi izan zuen eta hau izango da lehenengo aldia Nepalera heltzen dena.
4. Hortaz, 15 gazte euskaldunez osatutako talde hau Nepalera joango da bertako 15 gazte nepaldarrekin elkartu eta guztiok elkarrekin trekkinga egiteko.
Bai, urriaren 10etik azaroaren 9ra arte joango gara Nepalera eta han trekkinga egingo dugu beste 15 sherpa gazterekin. Euskara eta sherpa bi hizkuntza gutxitu direnez, ekimenarekin bilatzen dena da hizkuntzak beraien artean laguntzea eta beraiekin elkartzea, sare baten bidez.
5. Proiektuak eskatzen dizue autokudeaketa egitea, diru iturriak bilatzea.
Bai, ekimenak antolatzen ari gara dirua lortu ahal izateko. Kamisetak atera ditugu, salgai ditugunak, enpresetara joan gara proiektuaren berri eman eta laguntza eskatzera, Oñatin maiatzaren 19an bertso jaialdia egin genuen eta irailaren 16an azken ekimen moduan kontzertua eginen dugu Oñatin: Et Incarnatus orkesta ganbara abesbatza eta sorpresaren bat ere sartuko dugu. Aipatzekoa da ikastolan ere gaia landu dugula. Finantzaketak eta beste ikasi genituen, gutaz aparte gainontzeko klase guztiak ere ikasteko eta guri laguntzeko.
6. Eneko arbizuarra zaren aldetik Sakanan kamisetak salduko dituzue?
Bai, Arbizuko festetan salgai jarri genituen eta jendea oso ongi portatu zen. Sakana Kooperatibak ere diru laguntza eman digu eta eskertuta gaude. Baita Lacturalek ere. Artzai Egunean ere postua jarriko dugu, abuztuaren 26an eta Etxarriko festetan ere postutxoa jartzen saiatuko gara, larunbatean edo... Sakandarrak ongi portatzen ari dira.
7. Nepaleko 6000 metroak askotxo dira. Entrenatu zarete?
Ez dira gutxi, eta errespetua eta beldur puntu bat badauzkagu, baina horrelako aukera bat ezin dugu alferrik galdu. Entrenatzen gabiltza. Egin ditugu gure artean elkar ezagutzeko hainbat irteera. Duela gutxi Pirinioetan trekking irteera bat egin genuen: Posets, Perdiguero eta Aneto mendiak igo genituen. Sasoian joaten saiatuko gara.
8.Nepaleko gazteekin bestelako topaketak egingo dituzue mendi irteerez gain?
Oraindik ez dugu izan beraiekin kontaktuan jartzeko aukerarik. Trekkinga egin eta gero, harremana ona bada, harremanetan jarraituko dugu.
9.Zer topatuko duzue Nepalen? Zer espero duzue?
Ba pentsatzen dugu ikusiko dugula zeinen gogorra den hango bizitza, zein kultura ezberdina den. Hemen nahitaez nahiko “aberatsak” gara, beraiendako bederen, eta alde hori nabarituko da. Ildo honetan, ikastolarako materiala bidaliko diegu. Han bakarrik eskola bat dute sherperaz, eta ez dituzte guk ditugun eskola-materialak. Azoka solidarioa egin genuen eta materiala bildu genuen laguntzeko. Eta aparte, diru bilketarekin lurrikarak kaltetutakoak laguntzen dituen Gobernuz Kanpoko Erakunde bati laguntzea dugu buruan.
10.Nolakoak dira atera dituzuen kamisetak?
Bi dira. Bata helduena, beltza eta grisa eta bestea umeena, gorria edo berdea. Umeen kamisetan hitz jokoa egin dugu: “ardiyak”. Izan ere, gureak ardiak dira, eta beraienak yakak. Hortik ardiyak.
11. Desiatzen urriaren 10a iristeko?
Bai, Nepalera joateko gogoz. Orain uda disfrutatzen gabiltza, diru finantzaketa lantzen, eta gero gerokoak…