Zer da eraldaketa gune bat?
Berez, eraldaketa gunea baino, orain zatikatze atala eginen da. Soilik haragia zatitzera bideratua dagoen gela bat da. Eraldaketa gunea asmo handiko proiektu bat da, honekin hasiera ematen diogu prozesu hori osatzeari.
Zergatik behar da halako bat?
Gaur ekoizle txikia, modu jasangarrian, bere produktuaren errentagarritasunean oinarrituko duten ekintzak laguntzeko. Gaur egun bai osasun neurriengatik, bai materialen kostuengatik, oso zaila da ekoizle txikiek halako eraldaketa guneak amortizatu ahal izatea. Beraz, ekoizleek euren produktuekiko daukaten kontrola galdu egiten dute. Ondorioz, lehengaiak ekoizten ditugu, baina haiei ezin diegu balio erantsia eman. Merkatuak jartzen dituen prezioak ez dira nahikoak jarduera hauek errentagarriak izateko.
Ekoizle txikien elkarteetatik, duela urte batzuk, aldarrikatzen genuen eraldaketa guneak sortzeko laguntzak behar genituela. Sakanako Garape Agentziarekin (SGA) hori aspaldi hitz egin genuen. SGAk garapen plan estrategikoa garatzeko Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena du eta lortu zuen gobernua honetan sartzea.
Sakanan ekoizle txikiez ari bagara, abeltzainez ari gara, haragiaz. Esnea kudeatzen dugun gehienok euren eraldaketa gunea ditugu, gaztandegiak. Baina haragia kudeatzeko zerbait behar genuen. Arkumea duela 35 urteko prezio berean pagatzen ari dira. Subproduktu horrek ez du etekinik ematen, saltzean galerak dituzu. Behi, txerri, txahal haragiarekin gauza bera gertatzen da.
Zer eginen da zatikatze gunean?
Bat. Gure haragiari osasun-zigilu bat ematen diogu. Haragia saltzeko haragi horrek osasun bermeak ematen dituen zigilu bat behar duzu. Haragi hori zatitzeko edo manipulatzeko guneak zertifikazio bat izan behar du. Hori inbertsio oso handia da, ezin duguna egin. Gune berriak haragia zatitzeko osasun-bermeak izanen ditu. Horrela, haragi hori ekoizleok zuzenean saldu dezakegu.
Lortu dezakegu, gainera, haragi horiei zigilu bat ematea: bertako produktua, ekoizpen txiki eta jasangarrietako produktuak bermatzeko. Horrek beste ahalmen bat ematen digu. Adibidez, harakinen eta ekoizleen arteko harremana gerturatu egiten da, erdiko bitartekaritza guztiak kentzen direlako. Beraz, itzelezko kalitatezko haragi hori gure harakinek eskaini ahalko diote bezeroei, berme horiek dituela ziurtatuz. Kontsumitzaileak aukera izanen du janen duen haragiaren jatorria zein den jakinda, zer erosi, eta horrek daukan balioa, nolabait, onartzea.
Traktore-efektua eginen duen gunetxo bat izanen da. Hiru alorretan emanen du irtenbidea. Bat, ekoizle txikiek duten eta errentagarritasunik ematen ez duen produktu bati, haragiari, errentagarritasuna emanen lioke. Gure ustiategiei bideragarritasuna emanen lieke. Bigarrenik, harategietan produktu hori harakinendako modu errentagarriagoan egonen litzateke. Hirugarrenik, lortuko genuke kontsumitzaileak izanen lukeela bide bat produktu horiek ezagutzeko, berme guztiekin erosteko.
Hiru elementu horiei erantzunen die, baina, horretarako, hainbat sektore elkarlanean jartzea behartzen gaitu. Eraldaketa guneak ez dio erantzuten bakarrik ekoizle txikien beharrei. Gaur egun aurrera egiteko zailtasun dexente dituen Etxarri Aranazko hiltegiari bideragarritasuna eta jasangarritasuna emateko erabiliko da, hari lotuta egonen baita. Osasun-bermea ematen duen zigilua hiltegirena izanen da. Horrek ekarriko du ibarrean dugun hiltegira animalia gehiago hiltzera eramatea.
Beraz, hiltegia kudeatzen duen kooperatibako bazkideek parte hartuko dute eraldaketa gunean. Ekoizle txikiekin batera Etxarri Aranazko Udalak eta SGAk ere parte hartuko dute. Horrek esan nahi du hau esperientzia berria izanen dela. Halakorik ez dago Nafarroan. Zer esan nahi duen? Inbertsio publikoan oinarritutako ekimen bat zinen dela eta, beraz, hor funtzio publiko bat egonen da. Kontrol publikoa izanen du.
Oso interesgarria da, hiltegiak erantzunen diolako Sakanako Plan Estrategikoan definitu ditugun ildoei eta helburuei. Helburu horiek publiko, estrategiko bihurtu ditugu. Eta funtzio publikoak kontrolatu beharko du norabide horretan benetan erantzuten dion eraldaketa gunearen kudeaketak.
Zeinek erabiliko du?
Funtzionamendua zehazteko dago. Ildo orokorrak ditugu. Zeri erantzunen dion eraldaketa guneak; ekoizle txiki eta jasangarriek sortzen dituzten haragi produktuei bideragarritasuna eta errentagarritasuna ematea. Bide batez, gaur egun existitzen ez diren halako proiektuak dinamizatzeko inbertsio bat izanen da. Noski, irekia dago. Baina kontrolatua egonen da, eredua zehaztuta dagoelako. Zer ekoizpen ereduri erantzunen dion, hori oso garrantzitsua izanen da. Edozeinek ezin izanen du haragia zatikatzera eraman. Denon artean definitu dugun eredu jasangarri horri erantzuten diona izanen da erabili ahalko duena. Bi aukera daude. Bai eredu horretan pausoak ematen ari direnei erantzutea. Bestela, eredu horretan ez bazaude, baina norabide horretan pausoak ematen hasi nahi baduzu, orduan aukera izanen duzu. Gainera, zu proiektu bat martxan jartzea pentsatzen ari bazara, azpiegitura hori izanen duzu zure proiektuari jasangarritasuna eta errentagarritasuna eman ahal izateko.
Hori guztia, arau bezala, funtzionamendu modua, kudeaketa, bazkideen arteko elkarlana, publikoaren eta pribatuaren arteko harremana… hori guztia zehazteko dago. Horretarako, bilerak eginen ditugu. Ildo nagusia dugu soilik, plan estrategikokoa. Orain erronka kudeaketa plana egitea izanen da. Bestea izanen da gunea eraikitzea.
Noizko izanen da erabilgarri?
Berez, eraikina azarorako egina beharko luke. Horrek ez du esan nahi martxan egon beharko duenik. Epe batzuk bete behar ditugu. Etxarri Aranazko Udalak aurrekontua onartu zuen. Lanak egiteko deialdia argitaratu da. Enpresek 15 eguneko epea dute proposamenak egiteko. Enpresa batik lanak emanen zaizkio eta, ondoren, eraikuntza prozesua hasiko litzateke. Azarora arteko epea dute gunea jasotzeko. Ezin da gehiago luzatu. Nafarroako Gobernuak 240.000 euroko (BEZ barne) diru-laguntza eman du. % 100ean diruz lagundua izanen da. Etxarri Aranazko Udalak lurra jarri du. Eta hiltegiak bere instalazioak, osasun-zigilua emateko. Osasun-erregistroa duenez, obra sinple bat da eta horrek epeak asko azkartzen ditu. Pauso horiek SGAk koordinatu ditu.
Azarorako bukatuta badago. Eguberriak garai tentagarria dira, kontsumo handikoa. Ordurako martxan nahi zenukete?
Ez dugu halako eperik jarri. Lehenbizi oso ongi zehaztu behar dugu ekimenaren funtzionamendua. Oso berritzailea da. Gizarte-ekonomiaren ikuspegitik oso-oso eraginkorra izan daiteke. Beraz, orain kristoren erronka daukagu zatitze gelaren inguruko egitura guztia zehazteko. Nik hor ez nituzke epeak zehaztuko. Ez da denbora kontua izanen, kalitate kontua baizik.
Lortu behar duguna ulertzea da denon proiektu bat izan behar duela, denondako interesgarria izan behar dena. Gainera, sozialki errentagarria den proiektu bat izan behar duela ere. Pentsatu behar dugu Nafarroako Gobernuak, Nafarroako eta Euskal Herriko beste eremu batzuetatik proiektu honen bideragarritasuna segituko dutela. Oso interesgarria delako. Arrisku handiak ditu, hori ere onartu behar da. Denbora gehiegi harremanetan egon ez garen hainbat agente elkarrekin martxan jartzea eskatuko digu. Askotan kontsumo eredu edo sistema honen merkatu eredutan oinarritutako harremanak izan ditugu. Hau da, konpetentzia eta higadura hutsean oinarrituta; handiak txikia jaten du, handiak txikiaren ahuldadea baliatzen du… Orain arteko harreman eskema hori izan da. Hori irauli beharko dugu, paradigma berriaz hitz egiten ari gara. Sinergiak sortu beharko ditugu. Elkarren arteko interesak zehaztu beharko ditugu. Horrek kristoren ahalegina eskatuko du.
Jendeak ulertu behar du honen atzean ez dela soilik elikagai bat egonen. Gizarte kohesiorako tresna bat egonen da. Plan estrategikoari bideragarritasuna emanen dion proiektu bat egonen da. Hainbat sinergia elikatzen lagunduko duen proiektu bat egonen da. Denondako itzelezko potentzialitatea izanen du. Beraz, goazen lasai. Ez gaitezen urduritu. Hartu dezagun patxadaz eta pentsa dezagun martxan jartzen denean itzelezko proiektua martxan jartzen ariko garela. Sakandar guztion laguntza beharko duena.
Zatikatze gela hori lehen fasea litzateke?
Hori da. Fase honek ibiltzen hasten lagunduko digu. Proiektu orokor guztiarekin hasi beharrean esperientzia txikiago batekin hasiko gara, gaur, Sakanan pragmatikoena dena, haragiari lotua. Baina bide horretatik eraldaketa gune orokor batera iritsi nahi dugu. Eta zer da hori? Baserritarren eguneroko lanetik sortzen diren produktuei irteera errentagarria emateko gunea da. Esaterako, barazkietan denboraldiak daude, batzuetan uzta txikia dago eta besteetan behar dena baino gehiago. Bada, ontziratzeko balioko du eraldaketa gune horrek. Ontziratzeak aukera ematen digu urte guztian bertako produktuak modu osasuntsuan eduki ahal izatea. Beste bat eztia egitea izan daiteke. Eztia egin ahal izateko inbertsio guztia egin beharrean gunean aukera izanen lukete. Beste adibide bat fruta arbolak lirateke. Sakanan oso emankorrak dira eta marmeladak egin daitezke. Gunean hori egiteko aukera legoke. Hainbat produktu eraldatzeko eta kudeatzeko sukalde eta bitartekoak lituzkeen gune batez hitz egiten ari gara.
Haragiarekin hasi gara. Sakanan dagoen gertuko errealitatearekin. Bide honek ongi goazela erakuste badigu, espero dugu Nafarroako Gobernuak berak ere gure plan orokorrari ere erantzutea. Eta, gainera, gu ere plan estrategiko horri erantzuteko tresna bat daukagu gaur egun. Proiektuak funtzionatzen baldin badu, ziur aski, norabide horretan inbertsioak egiteko bidea emanen digula. Beraz, has gaitezen poliki-poliki, baina amestu dezagun proiektu orokorrarekin. Eta amestu dezagun interes publikoan oinarritutako ekintza ekonomikoa bideratzearen ikuspegi horrekin.
Nire ustez Sakanan pauso oso onak ematen ari dira. Lortu dugu tresna bat, lortu dugu marko bat, SGA deitzen da. Itzelezko tresna bihurtzen ari da. Sektore guztiak elkarrekin egotea ahalbideratzen du. Bertan lan egiten ari diren profesionalak itzelak dira. Guztiz inplikatuta daude gure plan estrategikoarekin. Agian, orain falta zaiguna da sakandarrok jabetzea hor tresna bat dugula, nora hurbildu, non planteamenduak egin eta gure ametsak edo ikuspegiak kontrastatu eta konpartitu ditzakegun. Beraz, jendea animatzea edozein ideia, edozein proiektu plan estrategikoaren markoan ezartzea eta, ea, denon artean Sakana gero eta leku hobeagoa bihurtzen dugun bizitzeko. Garapen estrategikorako eztabaida guztia egin aurretik ibarreko eragileen leloaz gogoratu: Sakanan bizi eta lan. Zatikatze gelak hori bilatzen du. Eta bizi eta lan egiteko, kasu honetan abeltzain izateko aukera ezin hobea ematen digu gure inguruak.