Ikasle Abertzaleak (IA) antolatutako Eskola Ibiltariak Sakanaren zati handiena zeharkatu ondoren, gaur Burundan barna ibiliko da, Etxarri Aranatz eta Altsasu artean zehazki. 250 gaztek hartu zuten ekimenerako txartela. Baina bideari gehiagok ekin zioten eta egunak pasa ahala haiekin bat egin dute beste batzuek. Eta, gaur despedida dela, pentsatzekoa da askoz ere gehiago elkartuko direla Altsasun.
Eskola Ibiltariak herenegundik gaur arte formatu bera izan du. Goizean herrien arteko ibilaldiak oinez egin dituzte (Irurtzun-Uharte Arakil eta Uharte Arakil Etxarri Aranatz). Eta arratsaldero gai baten inguruko hitzaldia izan dute lehenik. Herenegun sistema kapitalistaren barruan hezkuntzak dituen funtzioez aritu ziren. Atzo, berriz, emakume langileek hezkuntzan jorratzen duten papera izan zuten hizpide. Eta, bukatzeko, gaur hezkuntzako erronka berriak izanen dira.
Egunero, 19:00etan, hiruzpalau tailer daude, aukeran, “hainbat gairen inguruan jendea trebatzeko”. Okupazioa, hezkuntza ertainetako ikasleei zuzendutako elkartasun sareak, ikasle mugimenduak barrura eta kanpora nola komunikatu aztertzeko, plangintzak nola egin jakiteko, autodefentsa, esperientzia lokalen transmisioa, informatika segurtasuna, ikasle presoak edota militantzia ereduak. Bai hitzaldietan, bai tailerretan izena emanda ez zeuden pertsonak ere parte hartzeko aukera zuten.
Kontzertu eskaintza zabalarekin despedituko da Eskola Ibiltaria. Gauerdia pasata Eskola Ibiltariko ekitaldi nagusia eginen dute.
Egitaraua
Garilak 27, ostirala
08:30ean Gosaria.
09:15ean Ibilaldia, Etxarri Aranatz-Altsasu.
13:30ean Bazkaria.
15:30etik aurrera Erronka berriak, hezkuntza zer? hitzaldia.
Tailerrak:
· Margotzea.
· Informatika-segurtasuna. Gaur egungo jardun politikoan segurtasunaren garrantzia azpimarratu, eta praktikan jarriko dituzte informatika segurtasunaren inguruko hainbat gako.
· Ikasle presoak. Haien sostengurako taldeen eta ikasle preso ohi baten lekukotzak, kanpoko zein barruko esperientziak.
· Militantzia eredua birpentsatzen. Zein da praktikan jartzen dugun militantzia eredua?
21:00etan Kontzertuak, plazan: Kop, Bultz, Nafarroa 1512 eta Droga Purpura.
Gaztetxean: Eztanda, Katez, Niri Bortz eta MTR dj.
00:30ean Ekitaldi nagusia.
Garilak 28, larunbata
10:00etan Gosaria.
11:00etan Irteera autobusetan.