Historia-memoria, amnesiaren kontra eta egiaren alde

Guaixe 2018ko ira. 7a, 09:14

1936ko estatu kolpearen ondoren eraildako sakandar guztiak gogoan hartzeko ekitaldia egin zen igandean.

Sakanako Udalek ekitaldia elkarrekin antolatzea erabaki zuten, eta txandakako antolakuntza txandan Irañetako eta Uharte Arakilgo Udalen ardura izan zen Urbasako lezearen inguruan omenaldia antolatzea. Irañetako alkate Juan Anjel Beraza Gastesik esan zuenez igandekoa, “egia esateko eskatzeko eta oraindik gure lurralde honetan inposatzen diguten amnesia salatzeko; nahiz eta bertan 3.000 pertsona baino gehiago fusilatuak izan ziren”.

Juana Sainz Beteluk Uharte Arakilgo alkateak amnesia salatu zuen: “amnesia horrek gertakariak banan-banan aitortzera kondenatzen gaitu; bi bandoak parekatzera kondenatzen gaitu; gauzak hargatik gertatzen direla sinestaraztera kondenatzen gaitu; finean, iragana eta oraina bereiztera kondenatzen gaitu”.

Uharte Arakilgo 80 urte memoria galtzen taldeko Txomin Uhartek nabarmendu zuenez, “ezkutatzen digute oraingo gertakariak erabat lotuta daudela 1936ko estatu kolpearen ondoren ezarritako erregimen politikoari eta ekonomikoari; bere barnean indarkeriaren DNA duen erregimenari, indarkeriaz ezarri eta indarkeriaz zigilatu zuen haren jarraipena duela 40 urte, batzuek oraindik eredugarritarako jotzen duten trantsizioaren bidez”.

Erregimenaren oinordekoek “zauria berriro zabaltzea komeni ez dela esanez, eragindako sufrimendua ahanztarazten saiatzen” direla gaztigatu zuen Sainzek. Erregimenaren itzalean aritutako ekonomia eliteak, eliza, epaileak eta polizia egiturak salatu zituen. Azken horiek 1977ko Amnistia Legeak “blindatu” zituela nabarmendu zuen. Espainiako estatuak gizateriaren delituen kontrako alorrean nazioarteko hitzarmenak urratzen dituela gaineratu zuen 80 urte memoria galtzen taldeko kideak.

Historia-memoriaren aldarrikapena egin zuten Otsaportilloko lezean. Uhartek esan zuenez, “helburu bikoitzarekin: gertakariak ezagutzea eta aitortzea. Memoria aitorpen gisa ulertzen dugu; errepresaliatutako familien eskubideak eta eskaerak aitortzen dituena. Era berean, memoriak gertatutakoa ezagutzeko balio behar duela uste dugu. Izan ere, ezagutza horrek baliabideak emanen dizkigu 36ko erregimenari erabat lotuta dagoen 78ko erregimenetik behin behingoz askatzeko”.  Gaineratu zuenez, “historia-memoriaren bidez jakinen dugu zer gertatu zen iraganean, oraina ulertu eta etorkizunari osotasun osoz heldu ahal izanen diogu azkenean.

Ekitaldiaz
Hizlariez aparte Castillo Suarezek Irribarre egiteko olerkia errezitatu zuen. Horretan Iker Uribe-Etxeberria eta Ismael Martiarena txalapartarien eta Luis Kintana baxu-jolearen laguntza izan zuen. Haien doinua Iraia Gartziak eta Amaia Leozek dantzatu zuten. Guztia Ainhoa Juanizek koordinatu zuen. Aurreskua ere dantzatu zitzaien Sakanan eraildako guztiei eta, despeditzeko, Jose Ramon Andak egindako eskulturan lore eskaintza egin zuten bildutakoek. Ekitaldiaren antolaketarako Nafarroako Gobernuak diru-laguntza eman zuen.

Erlazionatuak