Xapa, Rafa

kolaboratzaileak

Oporretatik bueltan Guaixekoek argitaratu duten alean jada historia dirudien albistea irakurri dut, mende-laurdena duen ezinbesteko liburu baten berri hain zuzen. Duela 25 urte Rafael Carasatorre Vidaurrek Barranca-Burunda liburua aurkeztu zuen, baina hura argitaratu aurretik, makina bat lan egindakoa zen. Neska-mutil koxkorrak ginenean, egilea, Xapa izenarekin ezagutzen genuena, zapatain aritzen zen. 80. hamarkadan gazte ginenontzat. Tentagarriak ziren bere erakusleihoko “Paredes” takoidun zapatilak eta puri-purian zeuden atzerritarren behatz-txankletak (ibairako ibiltzen genituen gomazko zapatilen eta elurretako botitoen aldean “modernoak” ziren gero!).

Bere dendara sartzean, pegamendu eta larru usainaz gain, jakintza antzematen zen, zigarro kedarrarekin batera. Eta gu jabetzen ez baginen ere, zapaten inguruan nahas-mahasean zeuden paper horiek eta itxura ezberdinetako “harri eta tresna” guzti-guztiek bazuten bere zeregina. Denda hartan zapatari ogibideari zegokien egitekoak eginen ziren segur aski, baina autorearen uzta ikusita txingurri-lana ere bai. Barranca-Burunda liburua txingurritegi hartan sortua izanen zen, akaso, “lantxurra” eginez (lan nekosoa, gaizki ordaindua eta gutxi estimatua). Eta ez hori bakarrik, gogoan dut liburuaren salmentarako egileak erabili zuen estrategia aitzindaria, ia-ia gaur egungo crowdfunding-aren parekoa.

Zapatak konpontzera edota erostera joaten zen edonorentzat erraza zen berriketan, eztabaidan edota hausnarrean zenbiltzanekin topostatzea, gazteak gehienetan. Konparazio batera, garai bateko literaturagile-zaleek tertulian aritzeko erabiltzen zuten kafetegien modukoa zen zapata-denda hura. Agian gehiegitxo esatea litzateke, baina, denboraren poderioz begiratuz gero denda hura etnografiaren, toponimiaren, historiaren, hiztegigintzaren, arkeologiaren… Café Gijón modukoa izan zen. Eta, nola ez, gazte askorentzat  “Gaztetxea”  ere bai.  

Horregatik guztiagatik, egin diezaiogun bide Carasatorrek liburuan bertan adierazten zuenari: obraren asmoa da Arakil ibaiak Aizkorbe eta Ziordia artean zeharkatzen duen lurraldea ulertzen laguntzeko oinarriak ematea. Guaixeko albistea irakurri duzuenok edota Rafael Carasatorreren ibilbideren jakitun zaretenok badakizue egindako lanari segida eman dakiokeela, gure ibarrean landa-lana egiteko aukera bada oraindik!

Erlazionatuak