Urbasako kanpinean ontziak jasotzeko makina emaitzak ematen hasi da

Guaixe 2018ko urr. 1a, 09:12
Urbasako kanpinean ontziak jasotzeko makinaren ondoan gizon bat. Argazkia: Nafarroako Gobernua.

Urbasako eta Aritzalekuko kanpinetan plastikozko ontziak eta latak jasotzeko makina bana daude. Nafarroako Gobernuko Hondakinen Prebentziorako eta Zirkulu-Ekonomia Bultzatzeko Bulegoak jarri zituen makina horiek garilaren 5ean, eta lastail akaberara arte martxan izanen dira. Foru administrazioak jakinarazi duenez, bi makinek bi hilabeteetan 1.200 kilo hondakin jaso dituzte, 65.000 ontziren pareko.

Plastiko ontziak edo latak erabili ondoren, makinan sartu eta hark jaso, trinkotu eta biltegiratzen du. Gehienez ere PET-ez egindako 3 litro arteko ontziak hartzen ditu. Ontzia makinan sartzen duen pertsonak trukean kanpinetan trukatzeko deskontu txartelak jasotzen ditu. Ontzi bakoitzeko 10 zentimoko txartel bana jasotzen da. Halako sistema Finlandian eta Alemanian indarrean dago. Eta horren berri emateko kanpaina egin zen Altsasun eta Etxarri Aranatzen, garilaren 4an eta 5ean. Halako esperientzi osagarriak egitea jasoa dago 2017-2027 Nafarroako Hondakinen Planean. Halako esperientzien bideragarritasuna azterketa egitea ere jasoa dago.   

Makinan jasotako ontziak Azkoiengo tratamendu plantara eramaten dituzte. Han materialen arabera banatuko dituzte, bildu eta Ecoembesen zirkuituaren barruko birziklatze plantara eramanen dute.